Sarah Gottlieb ekintzaile eta hezitzaileak (Chicago, AEB, 1986) Deseraikuntza antirrazista zurientzat tailerra emango du bihar, Gasteizen. Zurrumurruen aurkako estrategiaren barnean antolatu dute, eta online izango da. Jarrera arrazistetan baino gehiago, gizarte eraikuntzaren ondoriozko portaeretan jarriko dute arreta, zuritasunaz hausnartzea helburu.
Zein helburu du biharko tailerrak?
Zuritasunari buruz hitz egin behar da, normalizazioaren bidean urratsak egiteko eta gizartean kontzientzia pizteko. Hasieran harrigarria suerta daiteke gaia, baina landu egin behar da, eguneroko harremanetan eta norbanakoen portaeretan errepikatu ohi diren nagusitasun ereduak eta egitura estrukturalak ezagutzeko eta identifikatzeko. Beraz, garrantzitsua da gai honi heltzeko leku bat egotea. Pertsona zuri gisa sentsibilizatzea da tailerraren helburuetako bat; deseraikitzeko, zuritasuna aitortu eta tratatu egin behar da.
Nola definitu daiteke zuritasuna?
Zuritasunaz hitz egin daiteke norbaitek pribilegioak dauzkanean bere azal kolorearengatik, edo arrazoi berberarengatik gertaera jakin batzuetatik immunizatuta dagoenean. Baina etniaz ere hitz egiten da, eta hori gai konplexuagoa da. Ulertu behar da arrazionalismoa eraikuntza sozial bat dela, eta badaudela gauza subjektiboak eta ez horren subjektiboak. Ez daukagu gaitasunik erabakitzeko pribilegioak ditugun ala ez, baina pribilegio horiek baldin baditugu, agian, gure zuritasuna ere tratatu behar dugu, nahiz eta etniarengatik edo herentzia kulturalarengatik zuriak ez garela sentitu.
Jarrerak izango dituzue oinarri tailerrean. Zeintzuk?
Jarrera arrazistetan zentratu beharrean, gizarte eraikuntzaren ondorioz sortzen direnak aipatuko nituzke. Horren erakusgarri, zuriok, sarritan, sentitzen dugu autoritatea dugula, nahiz eta, agian, esperientzia handiagoa duen pertsonaren bat izan alboan. Beste adibide bat: leku asko okupatzen dugu zentzu guztietan, eta sentitzen dugu norberaren eskubideak beste batenak baino gehiago balio dutela.
Indibidualki eta kolektiboki aztertu behar dira jarrera horiek?
Bai. Normala iruditzen zaigun oro aztertu behar da, eta ulertu behar dugu eraikuntza baten parte dela, zuritasunaren nagusitasuna dakarrena, eta barnean zapalkuntza arrazista duena.
Eraikitakoa deseraiki behar da.
Bai, bai, duela mende asko eraikita daukaguna.
Zer gehiago egin daiteke deseraikitzeko bidean?
Tailerrean prozesu psikologikoez eta hausnarketez hitz egiten da. Baita ereduez, pentsamenduez eta gorputzeko sentsazioez ere, aldaketarekiko ditugun erresistentziak ezagutzeko. Baina hauskortasunaz hitz egiten da batez ere: logikoki eta ideologikoki sentitu dezakegu berdintasunaren alde gaudela, baina zerbait gertatzen denean, erreakzio jakin batzuk izan ditzakegu, eta horien patroia aldatu behar da.
Zaila al da jarrera batzuk egon daitezkeela onartzea?
Bai, eta ez da arrazakeria ez ulertzearen ondorioa: psikologia besterik ez da. Zuri normala iruditzen zaizuna, zuzena irudituko zaizu. Ez duzu akats gisa ikusiko, harik eta beste leku batetik begiratzen diozun arte. Horrek analisia eskatzen du, eta hori da orain tokatzen den aldaketaren zatia. Begirada ireki behar dugu;ohartu behar dugu desberdinkeriazko sistema batean onuradun eta pribilegiatuak garela, baita sistema horren produktu ere. Orduan jarriko dugu gure jarrera zalantzan.
Arrazismoa jasaten dutenen hitza entzutea ere garrantzitsua izango da.
Oso garrantzitsua da. Hori ez da tailerrean egiten; nik zuritasunetik abiatuz hitz egiten dut zuritasunaz, zuria bainaiz. Baina garrantzitsua da arrazismoaren aurkako borroka zer den ulertzeko egin daitekeen hurbilketa lana. Ekitaldietara joan daiteke, baita elkarteen jardueretara ere. Irakurri ere egin daiteke: antirrazismoari buruzko lan anitz daude, oso garatuak. Hala ere, ez dago ahots bakar bat, arrazismoaren aurkako mugimendua askotarikoa baita.
Tailerrean zein ikuspuntutatik landuko duzu gaia?
Leku intersekzional batetik hitz egingo dut. Deseraikuntzan jarriko dugu arreta, baina apaltasunez, besteak beste, borroken arteko intersekzionalitatea ulertzeko eta aliatu kontziente gisa ulertzeko. Queer posizio batetik eta feminismotik ere hitz egingo dut. Ulertu behar dugu gure forma zapaltzaileak deseraikitzeko prest gaudela; horrek irekiagoak izaten lagunduko digu.
ATZEKOZ AURRERA. Sarah Gottlieb. Ekintzailea
«Deseraiki ahal izateko, zuritasuna onartu eta tratatu egin behar da»
Zuritasunaz indibidualki eta kolektiboki hausnartu behar dela uste du Gottliebek, orain arte eraikitakoa deseraikitzeko. Arrazismoa jasaten dutenen ahotsa entzutea ere garrantzitsua dela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu