Gauzatxoak datozela esanez ibili da azkenaldian Antton Telleria (Tolosa, Gipuzkoa, 1993). Goizero-goizero, Gaztea irratiko Dida irratsaioan ari da lanean, eta telebistan ere aurkezle lanetan ibili izan da. Oraingoan, ordea, beste jauzi bat eman du, eta bere bakarrizketa propioa aurkeztu du: Nekatutak. Itxialdi garaian hasi zen Telleria bakarrizketak idazten, eta apirilean herriz herriko bira bat egiteko asmoa du: apirilaren 15ean Gasteizko Jimmy Jazzen egongo da, eta apirilaren 16an, Tolosako (Gipuzkoa) Leidor aretoan.
Gustua hartu al diozu bakarrizketak egiteari?
Egia esan, betidanik gustatu izan zait eta kontsumitu izan dut genero hori. Hala ere, pixkanaka, geroz eta gehiago disfrutatzen hasi naiz, eta, itxialdi garaian, nire bakarrizketa propioak idaztera ausartu nintzen. Hortaz, bai, gustua hartu diot, inolako zalantzarik gabe.
Barre Librea saioan egin zenuen zure lehenengo bakarrizketa. Nolako esperientzia izan zen?
Zorte handia izan dut, eta asko eskertzen diot Barre Librea-ko lantalde osoari, hara joateko aukera eman izanagatik. Oso esperientzia ona izan zen. Jakina, egun horretan ez nuen pentsatu bakarrizketak egiteko kristoren talentua nuenik, baina ikusi nuen bazegoela zerbait, eta horri heldu behar niola.
Eta, horregatik, zure bakarrizketa propioa egitera ausartu zara. Erraza al da umorea egitea?
Ez, zailtasunak ditu. Ez du aparteko sekreturik, baina lan handia egin behar da. Gainera, jabetu naiz, barrea eragin nahi baduzu, funtsezkoa dela idazten ari zaren horrek zerorri ere grazia egitea. Batzuetan, bukle txar batean sartzen zara; baina, tarteka, jarrera askeago bat hartzen duzu, ideiak etortzen zaizkizu burura, eta pletoriko sentitzen zara.
Zure bakarrizketek badute halako probokazio puntu bat. Nahita?
Atsegin dut jendearengan halako shock puntu bat eragitea, astindu txiki bat ematea. Hala ere, ez da hori nire asmoa; bereizgarri gisa egiten dut, gustatzen zaidalako lehergailu txiki batzuk botatzea eta tentsio hori badagoela sentitzea. Hau da, jendea barrez lehertzea, baina, aldi berean, pixka bat errudun sentitzearen sentsazio hori izatea.
Izenburua bera nahiko probokatzailea da. Titulu horrekin zeri egin nahi diozu erreferentzia?
Egia esan, buelta dezente eman dizkiot horri. Hasieran, gauzak serioegi hartzeaz nekatuta egoteari egin nahi nion erreferentzia. Hala ere, gustatzen zait zuzentasunetik pixka bat aparte ibiltze hori, eta, alde horretatik, jabetu nintzen grazia handia ematen zidala gaizki dagoen izen bat izenburu gisa jartzeak. Ez da inondik inora ere burla egiteko asmoz; alderantziz, euskaldunok euskararekiko zurrun samarrak garelako egin dut hautu hori.
Zer gairen bueltan arituko zara?
Gai bakarraren inguruan hitz egin beharrean, gai asko landuko ditut. Polita iruditu zitzaidan gai batetik bestera saltoka ibiltzeko bidaia moduko bat egitea. Hortaz, bakarrizketa hainbat bloketan banatuta egongo da, eta gertutik bizi ditudan gaiak eta gai delikatuagoak landuko ditut: psikologia, futbola, ertzaintza... Eta, nola ez, irakasleak.
Nolakoa izan da prestakuntza prozesua?
Duela hilabete batzuk hasi nintzen monologoa prestatzen, eta, sarritan, idazten baino denbora gehiago igaro dut pentsatzen: eskema moduko bat planteatu behar da, eta, gero, zer gai eta zer perspektibatik landu nahi duzun erabaki. Bloketxo horiek finkatu ondoren, idazketa lanak ahalegin handia eskatzen du. Izan ere, zuzenekoetan, bat-batekotasun sentsazioa ematea da garrantzitsuena, baina aurrez dena oso ondo pentsatuta egon behar da.
Mikro atzean egon beharrean, jendearekin aurrez aurre egongo zara orain. Alde horretatik, urduri?
Bakarrizketak zuzeneko diziplinen artean gogorrenetarikoak direla iruditzen zait. Publikoak ondo erantzuten badu, zoragarria da; aldiz, erantzunik jasotzen ez baduzu, traumatiko samarra izan daiteke. Beldur hori hor dago, baina badaukat gogoa aurrez aurreko feedback hori jasotzeko.
Euskal Herrian umoregintzak badu lekurik?
Uste dut ez duela eszena egonkor edo sendorik. Barre Librea-ri esker, leku pixka bat hartzen ari da, baina, oro har, esango nuke muskulu pixka bat falta zaiola oraindik ere.
Ezaguna izateagatik presioa sentitzen duzu?
Bi alde daudela esan daiteke. Bada aldeko puntu bat, jendeak hedabideei esker, gehiago edo gutxiago, baina zure berri duelako; baina, aldi berean, jendeak oholtza gainean ez du zerotik hasi den norbait ikusiko, eta ni, esparru horretan, hasiberria naiz. Hala ere, jendea ondo portatuko dela uste dut, eta denok izango dugula disfrutatzeko aukera.
ATZEKOZ AURRERA. Antton Telleria. Irrati esataria eta umoregilea
«Gustatzen zait zuzentasunetik pixka bat aparte ibiltze hori»
Itxialdian hasi zen Antton Telleria bakarrizketak idazten. 'Barre Librea' saioan aurrenekoa egin ondoren, 'Nekatutak' izeneko bakarrizketa aurkeztu du. Askotariko gaiak hartu ditu hizpide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu