MAITE DITUT MAITE. Aitziber Garmendia. Aktorea

«Askea naiz, baina askeago izan nahi nuke»

Bere kuadrillakoek Su Ta Gar musika taldea entzuten zuten garaian, Aitziber Garmendiak nahiago zuen 'Grease' musikala entzun. Egun, berriz, Su Ta Gar taldearen 'Mari' du abesti kuttuna.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun

Anbotoko Mari bezala, «libre izateko jaioa» da Aitziber Garmendia aktorea (Zaldibia, Gipuzkoa, 1982). Telebistan, zineman eta oholtza gainean «jo eta ke» dabil lanean, baina izaten du tarterik musika entzuteko. Su Ta Gar musika taldearen Mari abesti mitikoa da, agian, gehien entzuten duena.

Zergatik da Su Ta Gar taldearen Mari zure abesti kuttuna?

Askatasunaz hitz egiten duelako, eta, zehazki, emakumeen askatasunaz.

Anbotoko Mari bezala, zu ere libre izateko jaioa zara?

Dudarik gabe. Halaxe naiz jaioa: libre izateko. Mugek eta lotura oso estuek ito egiten naute.

Zer da askatasuna zuretzat?

Norbere erabakiak aurrera eramateko aske izatea da. Askotan, askatasuna mugatzen dugun lehenak gu geu izaten gara, geure buruari mugak jartzen dizkiogulako. Gaur egungo gizartean erabat aske izatea ez da erraza, baina ni askea naiz, nire printzipioekiko fidela naizelako. Hala ere, askotan zaila da lerro gorri horiek pasatu gabe ibiltzea; hala gertatzen da umorearen mugekin. Askea naiz, baina askeago izan nahi nuke.

[youtube]https://youtu.be/mer1GQaZiIs[/youtube]

Noiztik gustatzen zaizu Mari?

Aspalditik gustatzen zait, baina ez betidanik. Su Ta Gar oso modan zegoen garaian, nire kuadrillakoek asko entzuten zuten, baina ni ez nintzen hain zalea. Garai hartan, nik Grease musikalaren abestiak entzuten nituen. Handik urte askotara berraurkitu nuen Su Ta Gar.

Aurkitzen diezu antzik Grease-ko Sandyri eta Anbotoko Mariri?

Sandyk bi aurpegi dauzka. Lehena, neska oso formal eta xaloarena da; bigarrena, berriz, errebeldeagoa da; moden kontra doa, behintzat. Bigarren aurpegi horrek izan dezake Maritik zerbait, baina ez da iristen bere mailara.

Gerora, Su Ta Gar taldearen oso zalea izan zara, beraz.

Joan izan naiz kontzertuetara, eta autoan, musika topera jarrita, garrasika abesten dut. Mari garrasika abestu behar da; bestela, erdigaingabetua balego bezala da.

Taldearen bideoklip batean ere azaldu zinen.

Sekulako ohorea izan zen Bazoaz abestiaren bideoklipean azaltzea. Asko gustatzen zaizun eta asko miresten duzun musika talde batek bideoklip baterako deitzen zaituenean, beste eskaileratxo bat igotzen duzu aktore bezala. Gainera, abestia erabat berritzailea eta ausarta iruditu zitzaidan.

Jo ta ke abestiaz, zer diozu?

Azkenaldian izugarrizko kutsu feminista hartu diot letretan.

«Jo ta ke, irabazi arte» dio abestiak. Zer da zuretzat irabaztea?

Orain arte uste nuen irabaztea ez galtzea dela, baina urteekin ikasiz joan naiz galtzen ez jakitea dela benetako porrota. Porrotetatik ikasi dut inor ez dela ezinbestekoa mundu honetan, eta ikasketa horrek askatasun sentsazio handia eman dit.

Konfinamendua zer moduz?

Larri bizi izan dut; gerora zer izango zen ez jakiteak sortu dit antsietate handiena. Zortea izan dut telebistan lana izan dudalako, baina zorteak ez du neurtzen lanbide baten osasuna. Osasuna eskas dago kultur munduan. Pentsatzen duen gizarte bat interesatzen bazaigu, kultura ezinbestekoa da.

Zer proiektu dituzu martxan?

Barre librea telebistako saioa ekainean bukatu da, eta irailean berriz hasiko da. Hala ere, udan Erlauntza filmatzen hasiko gara, eta berreskuratu egingo dut Txanogorritxotik otso emera funtzioa.

Zer proiekturekin amesten duzu?

Idazten nabilen antzerki obra zuzentzearekin: suizidioari buruzko komedia bat da. Umoreak ez dauka mugarik, eta zer hobe, norbere miserietatik hasita komedia egitea baino?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.