TXAPELA BURUAN. Ane Gimenez. Australian bizi den algortarra

«Naturarekin harreman handia duen herrialdea da Australia»

Esperientzia berrien bila joan zen Gimenez Australiara. Duela bi urte amaitu zuen Lehen Hezkuntzako gradua, eta bidaiatu egin nahi zuela erabaki zuen. Urte eta erdi ondoren, etxera itzultzeko garaia dela dio.

BERRIA.
Nagore Arin.
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Bidaia batean zegoela erabaki zuen Ane Gimenezek (Algorta, Getxo, Bizkaia, 1991) beste bidaia bat hasi nahi zuela. Horrela finkatu zuen Sydney helmuga gisa, Indonesian bidaiatzen ari zela. Hiru hilabetez gelditzea zen asmoa, baina etxera itzultzeko hiru asteren faltan iritziz aldatu, eta bertan gelditu nahi zuela erabaki zuen.

Zerk eraman zintuen Australiara?

Ez zen aldez aurretik prestatutako bidaia bat izan. 2018ko uda ostean,unibertsitateko gradua amaituta, Indonesiara joatea erabaki nuen. Hilabete egon nintzen, eta bertan nengoela erabaki nuen Sydneyra etortzea. Euskal Herrian ez nuen plan finkorik...

Zergatik Australia?

Atentzioa eman izan dit betidanik: beti buruan izan dudan herrialde bat da. Thailandiara egindako bidaian hona zetorren mutil bat ezagutu nuen. Kontaktuan jarraitu genuen gerora ere, eta horrek asko erraztu zuen erabakia hartzea.

Zerk harritu zintuen gehien?

Naturak harritu ninduen gehien. Sydneytik hamar bat kilometrora bizi naiz. Hiritik ordu erdira egon arren, naturari oso lotuta bizi naiz: itsasoa, milaka hondartza, basoak, askotariko animaliak...

Zer diozu australiarrei buruz?

Herria asko maite dutela esango nuke. Jaiak ere oso garrantzitsuak dira haientzat. Oso langileak dira, aste barruan oso goiz esnatzen dira: herrialdea goiz-goizetik jartzen da martxan. Normalean ez dute planik egiten aste barruan.

Eta herrialdeari buruz?

Naturarekin harreman handia duen herrialdea da Australia. Asko zaintzen dute, eta hori igartzen da hondartzara edo basora joatean.

Toki askotako jendea ezagutuko zenuen, ezta?

Jende asko ezagutu dut, batez ere iritsi nintzenean. Indonesiara egin nuen bidaia horretan ezagutu nuen mutil kataluniar baten bidez etorri nintzen, eta, iritsi nintzenean, bera zen nire kontaktu bakarra. Etxe handi batean bizi zen, beste 11 pertsonarekin batera. Gela bat hutsik gelditu zen, eta hara joan nintzen. Jende asko ezagutu nuen bertan.

Ingelesa ikasteko balio izan dizu egonaldiak?

Bai. Nire kontura ikasi dut, lanean eta jendearekin hitz egiten batez ere. Ingelesa banekien aurrez ere, baina hasiera batean gogorra izan zen. Umeak ere zaindu izan ditut, eta haiekin hitz egitea nahiko zaila da. Advance titulua ere atera dut.

Bidaiatzeko astia izan duzu?

Hemengo bizitza oso garestia da; beraz, ez da horren erraza, batez ere lanean hastean. Egin ditut bidaiak ahal izan dudan aldietan. Datorren astean, adibidez, orain arte eginiko bereziena egingo dut: Byron Bayra joango naiz. Furgoneta bat alokatu, eta astebetez egongo gara han.

Zein izan da egon zaren lekurik politena?

Zaila egiten zait bakarra hautatzea; hegoalderantz egin genuen bat izan liteke. Bidaia hori ere furgonetaz egin genuen, eta hondartza guztiak bisitatu genituen. Australian oso erraza da furgonetaz bidaiatzea: leku askotan lo egin dezakezu. Asko gustatzen zaizkit horrelako bidaiak: ez da hainbeste tokia, bidaia mota baizik.

Irakasletza ikasi zenuen, aurkitu duzu lanik arlo horretan?

Ez, baina ez naiz saiatu ere egin. Gure bisarekin zaila da nahi dugun lana lortzea. Aukera ugariei irekita etorri behar dugu: nahi dugun lana aurkituko dugula pentsatzendugu, baina ez da horrela. Irakasletzaren arloan lan egin ahal izatea ametsa izango litzateke, baina, horretarako, epe luzerako etorri behar duzu: ez da erraza, ezta merkea ere.

Faltan sumatzen duzu etxea?

Bai, eta urrun egonda oraindik eta gehiago. Batzuetan gogorra egiten da, eta, lagunekin eta familiarekin maiz hitz egiten dudan arren, ez da gauza bera. Nire bikotekidearekin bizi naiz: Australian ezagutu nuen, eta, alde horretatik, zortea dut.

Zeren falta sumatzen duzu?

Agian uda datorrelako izango da, baina herriko jaiak sumatzen ditut faltan: udako herriko jaiak.

Zein plan duzu aurrera begira?

Euskal Herrira itzultzea da asmoa: hemendik hilabetera Bilbora goaz bueltan. Koronabirusaren egoera egonkortu den arren, lan arloan ez dugu egonkortasunik lortu. Lehen Hezkuntza ikasi nuen, eta irakasle izan nahi dut. Hemen hori lortzea zaila ikusten dut. Euskal Herrian irudikatzen dut nire bizitza; beraz, etapa hau ixtear gaude.

Munduko txoko guztiak jo ditu koronabirusaren krisiak. Zein da egoera han?

Egoera ez da horren txarra izan, baina, ni, adibidez, lan gabe gelditu nintzen. Guztiok konfinatu ginen boluntarioki; jendeak serio hartu zuen hasieratik. Kasuak ez ziren asko ugaritu, eta orain normaltasunera itzultzen ari garela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.