«Fijin bi aste pasatzeko asmoa nuen, baina hilabete eta erdi daramat jada hemen», hasi da kontatzen Alazne Varona (Bilbo, 1996). Zeelanda Berri osoa bikotekidearekin zeharkatu ostean, etxerako bidea hartu zuen bere kabuz. Plana: Vanuatu, Fiji, Australia, Vietnam... «Gutxinaka» bueltatu nahi zuen Varonak, eta abuzturako Bilbon egotea zeukan buruan. Oraingoz, ez du ideia hori alboratzen. Hala ere, ez da berak aurreikusitako eran izango; izan ere, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, Fijin harrapatuta geratu da.
Oraingoz ezin zaitezke Fijitik atera. Hala ere, ez da leku makala konfinatuta egoteko, ezta?
Egia esan, Interneten Fiji bilatuko bazenu, sekulako hondartza zoragarrien argazkiak topatuko zenituzke. Hori, ordea, turistentzako Fiji da. Hemen turismoaz bizi ez dena nekazaritzaz bizi da, azukre produkzioaz batez ere. Oso pertsona umilak dira, jatorrak, beti hitz egiteko prest dauden horietakoak; alde horretatik oso gustura nago hemen. Gainera, oso koronabirus kasu gutxi egon dira, eta, beraz, mugak itxi dituzten arren, ohiko bizimoduari eutsi diote. Arazoa da ezin zarela atera, eta alde turistikoa ere ezin duzula ezagutu.
Eta non zaude zehazki?
Mulomulo Nadin. Nik berez lana aurkitzen bidaiatzen dut. Hau da, lana eginez, ostatuaren eta janariaren truke. Hemen, ordea, ezin izan dut, koronabirusaren ondorioz lotuta neukan familiak atzera egin duelako. Hala ere, beste familia batek gela bat alokatzea lortu nuen, eta hilabete eta erdi daramat haiekin bizitzen, parke natural baten alboan. Hori bai, online egiten ari nintzen masterra amaituta, zer eginik gabe geratu naiz, mugak noiz irekiko esperoan.
Nola heldu zara zu horraino?
Zeelanda Berrian bederatzi hilabete eman ostean, bisa amaitu egin zitzaidan. Horregatik alde egin behar nuen. Bi aste egin nituen Vanuatun, Fijin bi egingo nituen, eta, ondoren, hegazkina neukan hartuta Australiara joateko. Nire ideia pixkanaka Euskal Herrira itzultzea zen, abuztu aldera Bilbon egoteko.
Zertara joan zinen Zeelanda Berrira?
Ingelesa ikastera joan nintzen; hasieran hiru hilabete egotea zen asmoa, baina birritan luzatu dut bisa. Nire aurrekontuak ez zuen ematen urte osoko ikastaro bat ordaintzeko: beraz, zer egin nezakeen hizkuntza ondo ikasteko? Era horretan bidaiatu. Nik uste hori dela ikasteko modurik onena: bidaiatu, familiak ezagutu, haiekin bizi eta bertako bizimodura moldatu. Horrela eginda, gainera, askoz merkeagoa da.
Bederatzi hilabetetan denetarik egiteko aukera izango zenuen...
Heldu eta berehala, furgoneta bat erosi genuen, hemen oso erraza eta merkea delako. Orduan, lehenengo hilabetea erdi turismoa egiten pasatu genuen. Aldi berean, bizimodua ordaintzeko, kiwiak batzen ibili ginen. Gero, ordea, furgoneta matxuratu eta plana aldatu behar izan genuen. Beste auto bat erosi eta lau hilabete igaro genituen familien etxeetan, esan bezala, lan eginez ostatuaren truke.
Nola topatu zenituzten familia horiek?
Badaude aplikazio batzuk; guk workaway izeneko aplikazio baten bidez egin genuen. Zuk zure profila osatu eta nahi duzunaren arabera, hainbat aukera agertzen zaizkizu. Gerora, familiarekin egonaldia hitzartu, eta listo. Esate baterako, guk bi hilabete pasatu genituen baserritar familia batekin, ia 3.000 ardiren artean.
Zergatik aukeratu zenuten Zeelanda Berria?
Alde batetik, Ozeania ez genuelako ezagutzen, eta Pazifikoko irletako bizimodua ezagutu nahi genuelako. Australia eta Zeelanda Berriaren artean geunden, baina azken horri buruz oso ondo hitz egin zigutenez, hori aukeratzea erabaki genuen. Eta, egia esan, oso pozik gaude egindako erabakiaz. Hemengo bizimodua benetan lasaia da, oso jende gutxi bizi delako. Hiri bakarra dago, Auckland; beste guztia herri handiak dira. Gainera, bi irlak osorik ikusteko denbora eman zigun, eta izugarriak dira. Paisaiak liluragarriak dira. Eta, oso txikia izan arren, denetarik dute: hondartzak, sumendiak, fiordoak, geiserrak, glaziarrak... Kanpatzeko ere leku ezin hobea da Zeelanda Berria. Doako kanpin ugari daude, eta egunero leku zoragarri batean esna zaitezke: hondartzan, mendian...
Bizi izandako esperientziatik zer da gehien gustatu zaizuna?
Era horretan bidaiatzeak, hainbeste denboraz gainera, zeure burua ezagutzeko aukera paregabea ematen dizula esango nuke. Denbora asko ematen duzu bakarrik, eta, nolabait esateko, zu zara momentu oro zure bizitzaren jabe. Zuk zeuk erabaki behar duzu dena: zer egin, nora jo, zertaz bizi... Asko ikasten da. Horrekin batera jende asko ezagutzeko aukera ematen dizu, baita beste bizimodu batzuk ikasteko ere.
TXAPELA BURUAN. Alazne Varona. Fijin dagoen bilbotarra
«Nik lana aurkitzen bidaiatzen dut»
Ingelesa ikastera joan zen Varona Zeelanda Berrira. Bederatzi hilabete eman zituen han, ostatuaren eta janaren truke lan egiten. Etxerako bidean zegoela, Fijin harrapatuta geratu zen, osasun krisiaren erruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu