ATZEKOZ AURRERA. Mitxi Rotaetxe. 'Aita Mari' itsasontziko sukaldaria

«'Aita Mari' itsasontzian egunero erronka berri bati egiten diogu aurre»

Mitxi Rotaetxe sukaldariak 'Aita Mari' ontzia du bizileku. «Ezusteko bira» izan da harentzat: eskifaiako kideentzat, migratzaileentzat eta errefuxiatuentzat kozinatzen du orain, eta horrela jarraitu nahi du.

PABLO GARCIA.
Nagore Arin.
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Sukaldean igaro ditu azken urteak, eta sukaldean jarraitzen du lanean gaur egun ere; ez, baina, edonolako batean. Mitxi Rotaetxe (Gasteiz, 1959) Aita Mari erreskate ontziko sukaldaria da, eta, adierazi duenez, «kasualitate bat» da hor amaitu izana. Aldaketa izan da harentzat: gogorra da zenbait kasutan, baina, era berean, erronka baten moduan ikusten du, eta pozarren dago. Elkarrizketa egitean, itsasora ateratzekoa zen Aita Mari ontzia, erreskate gehiago egiteko asmoz. Koronabirusaren hedapena dela eta, ordea, bertan behera utzi behar izan dute jarduna, behin-behinean.

Zarauzko Aiten Etxe jatetxeko sukaldari izateari utzi, eta langabeziara; lurrean bizitzeari utzi, eta itsasora... Bat-bateko bira izan da?

Ezusteko bira izan da, bizitzan inoiz pentsatuko ez nukeen aldaketa bat. Gainera, kasualitate bat izan da. Ea norbait ezagutzen nuen galdetzeko deitu ninduten, eta, azkenean, ni neu joan nintzen. Normalean ez da horrela izaten: itsasoan egiten duzu ibilbide profesionala, eta, ondoren, lurrean amaitzen duzu. Nik, ordea,alderantziz egin dut. Lurrean egin dut ibilbidea, eta, gaur-gaurkoz, itsasoan amaituko dut.

Ez da, gainera, edonolako ontzia: erreskate ontzi bat da Aita Mari. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Niretzat oso pozgarria da; izan ere, sukaldari moduan lan egiteaz gain, merezimendu handia duen eta guztiz beharrezkoa den kausa baten alde lan egiten dut.

Kalitatezko produktuak erabili eta plater tradizionalak prestatzen zenituen lehen, eta migratzaile eta errefuxiatuentzat kozinatzen duzu orain. Zer aldaketa dakar horrek?

Aldaketa nabarmenena jendea izan da; ohituta nago jende gehiagorekin lan egitera, eta, orain, bakarrik lan egiten dut. Egia esan, izugarri gustatu zait bakarrik lan egitea: zuk zeuk antolatzen duzu dena, zerbait ongi ateratzen baldin bada, zu zara arduraduna, gaizki ateratzen baldin bada ere bai... Bete egiten nau.

Zein produktu erabiltzen dituzu?

Kozinatzeko askoz ere xaloagoak diren produktuak erabiltzen ditut orain. Eskifaiaren otorduak familia arrunt eta ohiko baten parekoak dira; egunerokotasunean jaten diren jakiak jaten ditugu. Ohituta nengoen produktu horiekin lan egitera, eta ongi menperatzen ditut. Erreskateak egiten ditugunean, arrozarekin hornitutako dieta bat prestatzen diegu, eta lekaleak eta barazkiak ere erabiltzen ditugu.

Itsasoratzean, kontziente zinen biziko zenituen egoera guztiez?Zalantzarik izan zenuen?

Apur bat ezjakin joan nintzela uste dut. Lesbostik Pasaiara [Gipuzkoa] egin genuen bidaia batean eduki nuen lehen kontaktua. Gero, bigarren aldiz joatean, argi nuen zertara nindoan. Beti joaten zara apur bat ezjakin: inoiz bizi izan ez duzun egoera bat da, ezezaguna. Hala ere, guztiz asebete nau; pozarren nago.

Egoera zailak ikusi behar izango dituzu...

Bai, erreskatea egin genuenean, adibidez. Inoiz imajinatuko ez zenituzkeen egoerak dira... argazkietan ikusten dituzu, hitzaldiak jasotzen dituzu, baina gauza bat da guztia azaltzea eta beste gauza bat oso desberdina bertatik bertara ikustea eta bizitzea. Errealitateak beti gainditzen du kontatzen dizutena.

Une politak ere biziko zenituen... Baduzu horietako bat gogoan?

Bai. Asko oroitzen naiz neskatila batekin. Ume bat da, eta sukaldera etortzen zen nirekin egotera. Esne apur bat ematen nion. Gero, portu seguru batean lehorreratuko ginela esan genienean, nire besoetara egin zuen salto. Emozioz beteriko unea izan zen. Ez dut inoiz ahaztuko.

Nola erreakzionatzen dute haiek laguntzen diezuenean?

Asko eskertzen dute egiten duguna; batez ere hasiera-hasieran. Gero, medikuarekin egoten dira; bete beharreko prozedura da. Popa aldera eramaten ditugu gero, eta hor egokitzen dira: eseri egiten dira, eta hor daude, hala moduan, baina salbu. Irribarre bat edo beste egiten dizute. Polita da momentu hori. Janariari dagokionez, gustu apur batekin, hala moduz... eginiko zerbait izan arren, asko eskertzen dute; oso garrantzitsua da janaria mimoz egina egotea.

Nola definituko zenuke Aita Mari ontzian kozinatzean, lan egitean, horren parte izatean... sentitzen duzuna?

Gogo handiz egiten dut nire lana. Ez zaizkit axola lana egiterakoan izan ditzakedan intzidentziak: ontzia mugitzea,eguraldia, desberdina izatea... Baldintza bereziak dira, eta egunero erronka bati egiten diogu aurre; egun bakoitza desberdina da. Egun bakoitza erronka berri bat da.

Zer asmo dituzu luze gabe?

Ez dakit... baina hemen izango naiz ni itsasontzian gelditzea nahi duten bitartean: hori oso argi dut. Oso-oso pozik nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.