ATZEKOZ AURRERA. Nelson Aguilera. Antropologoa

«Globalizazioa abiatu zuten Elkanok eta»

Magallaes eta Elkano Txilera iristea amaieraren hasiera izan zen Txileko indigenen herri askorentzat, baina Aguilerak ez du uste erantzukizuna nabigatzaileena denik, bestela ere europarrak iritsiko zirelako.

GORKA RUBIO / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Indigenen Garapenerako Korporazio Nazionaleko (Conadi) Punta Arenasko bulegoko presidentea da Nelson Aguilera antropologoa (Punta Arenas, Txile, 1971). Txileko Gobernuaren mendeko erakunde bat da. Gaur egun Bartzelonan ikasten ari da Aguilera. Duela zenbait aste, Getarian (Gipuzkoa) izan zen, Elkano fundazioak gonbidatuta, Txileko indigenek europarrekin lehen harremana izan eta gero gertatu zenaz hitz egiteko.

Txilen ezaguna al da Juan Sebastian Elkano?

Bai.

Fernando Magallaes ezagunagoa izango da, ezta?

Bai, hura zen espedizioaren almirantea; baina Elkano ezaguna da, eta aitortua. Elkanori eskainitako kaleren bat badago hiri nagusietan. Herrialdearen iruditeriaren parte dira, bai bata, bai bestea.

Elkano ezaguna da, baina hari buruzko iritzia ona da?

Ona eta txarra. Muturreko jarrerak daude, baina esango nuke ikuspegi positiboa gailentzen dela. Egia da azken urtean, espedizioaren bosgarren mendeurrenaren harira, indigenen zenbait elkartek salatu dutela ez dagoela zer ospaturik. Horrek ez du esan nahi oroitu behar ez denik.

Indigena gehienen jarrera da?

Indigenentzat urteurrena ikusgarri izateko data bat da. Baina iazko istiluek eta aldarrikapenek bigarren mailan utzi dituzte.

Eta zer oroitu beharko genuke?

Aukera ona da topaketa nabarmentzeko. Hori izan baitzen Magallaesen eta Elkanoren espedizioa. Sintesian, globalizazioaren abiapuntua da. Mundua leku txikiagoa bihurtu zen. Magallaesen espedizioa ez zen izan konkistatzeko espedizio bat, esploratzekoa baizik.

Topaketa bai, baina Txileko indigenek garesti ordaindu zuten.

Bai eta ez. Herri askorentzat amaieraren hasiera izan zela esan dezakegu; baina apokalipsiaren erantzukizuna ez da Elkanorena edo Magallaesena. Indigenek kanpotarrekin izan zituzten harremanetako lehena izan zen.

Baina Magallaesek eta Elkanok bidea zabaldu zuten.

Bai, baina gizakiaren historia halakoa da. Gizakiak hiru gaitasun nagusi ditu: mugitzekoa, komunikatzekoa eta imajinatzekoa. Uneren batean gertatuko zen konkistatzaileen eta indigenen arteko topaketa.

Nolakoa izan zen harremana lehen topaketaren ostean?

Orokorrean, nahiko adiskidetsua, gutxienez 300 urtean, kronika historikoek diotenez. Indigenak gerturatu egiten ziren iritsitako espedizioetara, salerosketarako.

Eta noiztik aurrera izan zuten europarrek jarrera bortitzagoa, indigenak ia desagertzeraino?

Haustura handia XIX. mendean gertatu zen; azken apokalipsia Patagonia hegoaldeko indigenentzat. Batez ere itsas herrientzat. Itsas txakurren ehiztariak iritsi ziren, eta kolokan jarri zuten indigenen elikagai nagusia. Gero, XIX. mendearen amaieran, ganaduzaleak iritsi ziren, eta lurraren jabetza arazo bihurtu zuten. Indigenak arazo ziren haientzat, eta hil egin zituzten.

Jose Menendez ardi jabe asturiarra da horren adibide. Selk'nam indigenen genozidioa eragin zuen.

Zazpi urtean, Patagoniako abeltzaintza lurren %90 pilatu zituen. Eskoziako artzainak eta abeltzainak kontratatu zituen, eta haiek oso harreman bortitza izan zuten indigenekin.

Elizak ere lagundu zuen selk'namak desagerrarazten.

Estrategia aldatu egin zuten. Hil beharrean, salestarren misioetan bildu zituzten, zibilizatzeko. Ohitura berriak ezarri zizkieten; biluztasuna arazo bihurtu zuten; janztera behartu zituzten; gaixotu egiten ziren; gizonak eta emakumeak bereizi zituzten eta ia ez zen haurrik jaio... Erabaki horien eta beste batzuen ondorioz, selk'namak desagertu egin ziren 30-40 urtean, eta geratu ziren apurrek ohiturak baztertu zituzten.

Aditua zara kawashkar eta yagan indigenetan. Galtzeko zorian daude?

Galtzea esatea aseptikoegia da; suntsituak izan diren herriak dira. Itsasoari lotutako populazioak dira, eta zurien kolonizazioaren eragina sekulakoa izan da; ondorio dramatikoak izan ditu. 1882an, esaterako, baztangak eta elgorriak hiru mila indigenatik ehunka hil zituzten.

Zenbat yagan daude?

180 inguru, eta yagan hiztun bakarra. Giza tragedia bat ixten du.

Eta kawashkarrak?

Itsas lehoien ehiztari europarrek suntsitu egin izan dituzte: hil, esklabo bihurtu, bortxatu... Estaturik ez zegoenez, legerik gabeko lurralde bat zen. 600 bat geratzen dira.

Txileko gizartea arrazista al da indigenekiko?

Bai, arrazista eta klasista. Txilek bere historia zuritu nahi du, indigenekiko lotura eta nahasketa ukatu, zuri bihurtu. Karikatura eginda, txiletarrak europar erbesteratuen gisa sentitzen dira. Zentzugabea da. Txiletar gehienok mestizoak gara, zorionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.