Ipuinak idazten hasi zen Laura Freixas (Bartzelona, 1958); gero, fikzioa idatzi zuen, eta, azkenaldian, autobiografia landu du, «autentikoagoa» dela iritzita. Joan den astean, Iruñeko Katakraken izan zen, Miran foroak gonbidatuta, bere azken liburua aurkezten: A mí no me iba a pasar (Niri ez zitzaidan gertatuko).
Zer zen gertatu behar ez zitzaizuna eta zer zen gertatu zena?
[Barreak] Gertatu behar ez zena zen menpeko emakume bihurtzea, bigarren mailako pertsonaia izatea, emakume tradizional bihurtzea. Beti izan naiz feminista, eta hagitz argi nuen ez zitzaidala gertatuko.
Zergatik ez?
Ni, oroitzen naizenetik, feminista naizelako. Baina, hala ere, 40 urte nituela luxuzko etxekoandre bihurtu nintzen. Aldi berean idazle ere banintzen, baina idazle izatearena apaingarria zen; etxeko lanek eta ama lanek esfortzu handiegia eskatzen zidaten. Nire buruari zer gertatu zen galdetu nion. Dibortziatu egin nintzen, eta nire bizitza errepasatu nuen. Hori da kontatu dudana, nire bizitza bi aldiz, orduan nekienarekin eta orain dakidanarekin.
Zergatik mugatu zara 1985 eta 2003 urte arteko zure bizitza kontatzera?
Nire helburua ez zen nire bizitza orokorrean kontatzea; helburua zen kontatzea nola utzi nion anbizioa zuen pertsona autonomo izateari, eta nola bihurtu nintzen familia tradizional batean rol tradizionala zuen pertsona bat. Hori dena urte horietan gertatu zen. Nire senar ohia ezagutu nuenetik dibortziatu arte.
Dirua, bikote harremanak, haurdunaldia... Halako gaiak landu dituzu liburuan. Nolakoa izan da liburuan emozionalki biluztea?
Hagitz askatzailea izan da. Zure istorioa kontatzeko, bertatik atera behar zara, bikoiztu eta kontakizuneko pertsonaia bihurtu, idazle zaren bitartean. Horrela, kontakizunaren jabe bihurtzen zara. Zuk nahi duzun interpretazioa ematen diozu, eta horrek ahaldundu egiten zaitu.
Betaurreko moreez idatzitako liburua dela erran izan duzu. Nolakoa da bizitza betaurreko moreekin?
Gizartea erabat blaituta dago sexuen arteko desberdintasunez eta haien ondorio sozialez, generoaz. Normalean, hori guztiz onartuta eta naturalizatuta daukagu, eta ez gara konturatzen. Eta, hala ere, nonahi dago. Konturatzen zarenean, hagitz interesgarria da. Edozein gauzaren analisi berriak egiten dituzu, eta, aplikatzen duzunean, mingarria da, baina askatzailea ere bai.
Erran izan duzu publikatzen hasi zinenean nabaritu zenuela emakumeek idatzitako literatura emakumeentzat bakarrik zela; gizonek idatzitakoa, berriz, denentzat. Egoera aldatu al da?
Bai eta ez. Bai, orain egoeraz jabetzen garelako. Hasi nintzenean, pentsamendu guztiz onartua zen emakumeek emakumeentzat idazten zutela eta gizonek denentzat.
Zergatik aldatu da?
Orain konturatzen garelako aurrejuzgu hori daukagula. Horrek ez du erran nahi aurrejuzgu hori desagertu denik. Aurrejuzgu hori da patriarkatuaren ideia zentralaren ondorioa. Gizakia gizona da, eta gizona gizakia, gizatiarra, maskulinoa da. Ondorioz, gizonei dagokiena mundu guztiari dagokio; emakumeei dagokiena, aldiz, bazterrekoa da.
Clasicas y Modernas elkartea sortu zenuen, kulturan genero berdintasunaren alde lan egiteko. Nolakoa izan da elkartearen bilakaera?
Hasieran, protesta egiten hasi ginen. Gure ohiko jarduna zen kulturgune bateko programazioa aztertzea, ikustea parte hartzaileen artean %80 gizonezkoak zirela eta zentro horretara gure kexa idaztea. Orain, proposamenak egiteaz eta zenbakiak aztertzeaz harago, kalitatera jotzen dugu.
La Vanguardia egunkarian zutabe bat idazten duzu astero. Zer behar du zutabe batek ona izateko?
Aktualitateko gai bat lantzea, eta, ziur aski mundu guztia gai horri buruz idazten ibiliko denez, ohiz kanpoko perspektiba bat erakustea.
Twitterren ere bazabiltza. Feministen aurkako erasoak egunerokoak dira bertan. Nola bizi duzu?
Hasieran, gaizki, baina, orain, dibertigarria iruditzen zait. Inpresioa dut hagitz erraza dela trollak probokatzea eta badagoela jendea ez daukana bertze zereginik egun guztian Interneten jendea iraintzeaz harago. Askotan erakusten didatena iritzi nagusien bertsio karikatureskoa da, eztabaida terminoak zein diren. Interesgarria eta dibertigarria da. Esperimentu soziologiko bat.
Zer proiektu dituzu?
Gero eta argiago dut: nire gustuko liburuak idatzi nahi ditut. Zaila da hori, nire buruarekin hagitz exigentea bainaiz. Azken liburu honekin hagitz gustura nago; nire bizitzako liburua dela uste dut zentzu guztietan. Ez dut gehiegi aurreratu nahi, baina orain idazten ari naizen liburuak azkenekoaren antza du.
ATZEKOZ AURRERA. Laura Freixas. Idazlea
«Gizartea erabat blaitua dago sexuen arteko desberdintasunez»
Proiektu garrantzitsuak zituen andre anbiziotsu izateari utzi eta «luxuzko etxekoandre»bihurtzeko prozesua kontatu du Freixasek azken liburuan. Bizitza «betaurreko moreekin» ikustea askatzailea dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu