Ekain Martinez de Lizardui antropologoak (Donostia, 1980) Erraiak: arbasoen oihartzuna dokumentala egin du, irrintzia mintzagai hartuta. 2018an ekoitzi zuten, eta, eginiko lanaren harira, irrintzilarien sare bat sortzeko asmotan dabil. Izan ere, dokumentala egitean hutsune bat ikusi zuen: euskal irrintzilariek ez dute elkarren berri. Hala, haien arteko harremana sendotuko duen sare bat sortu nahi du orain.
Irrintzilarien sarea osatu nahi duzu. Zergatik?
Hainbat irrintzilarirekin hitz egin dugu dokumentalaren harira, etagehienek nahi bat agertzen zuten; esaten dute badaudela trikitilarien elkarteak, txalapartarienak ere badaudela, baina, aldiz, ez dagoela irrintzilariak elkartzen dituen gune bat edo sare bat. Guztiak elkartuko dituen zerbait nahi dute, eta nik erronka pertsonal gisa planteatu dut sare hori sortzea. Ni ez naiz irrintzilaria, baina, harreman asko egin ditudanez, sare hori sortzen nabil. Gero, haiek erabakiko dute nola kudeatzen duten sare hori.
Oraindik ez du formarik, beraz.
Lehenengo, protagonistak behar dira; orain, parte hartzaileen saretze lan horretan ari gara. Ezagutu egin behar dugu harremana izateko; asko dugu amankomunean. Irrintzilari zerrenda bat sor daiteke, herri eta adin desberdinetako jendearekin. Lehen helburua batzea eta elkar ezagutzea da.
Irrintzia bakarka bota ohi da sarri , baina talde izaera ere badu, ezta?
Irrintzia botatzea, ekintza bera, bada bakarka egin ohi den zerbait, baina publikoak edo kolektiboak jasotzen duen zerbait ere izaten da. Indibiduala da, baina kolektiboa ere bai. Amorrua azaltzeko bide bat izan daiteke irrintzi bat botatzeko behar hori... Baina, orokorrean, nahiz eta irrintziak bakarka bota, kolektiboak dira. Jaietan ere horrela izaten da, elkarrizketa baten antza ere har dezake inoiz. Dokumentala estreinatu genuenean, esaterako, hamabost irrintzilari jarri ziren irrintzika; taldeka ere egin daiteke.
Emozioak adierazteko tresna bat dela esango zenuke?
Emozioak adierazteko hizkuntza bat da niretzat; hitzez azaldu ezin diren gauza asko irrintziaren bidez adierazteko gai izango ginateke. Ez da hori bakarrik, irrintzia gauza asko da; zaharra da, uste dugun baino zaharragoa. Gaur egunera arte iritsi baldin bada, da gaur egun beste funtzio bat betetzen duelako, eta funtzio hori aldatuz joan da historian zehar. Duela hirurogei urteko funtzioek ez dute zerikusirik egun dituenekin: eraldatzen doaz. Gaur egun, izan daiteke sentimenduak adierazteko hizkuntza, baina ez da hori soilik; funtzio asko ditu.
Zer bilakaera izan dute funtzio horiek?
Oihu bati buruz hitz egiten ari gara; beraz, hori ikertzea oso zaila da, eta informazio gutxi dago. Nik hipotesi edo gogoeta bat planteatzen dut; ehunka oihu topatu ditut mundu osoan, eta guztiek dute ezaugarri bat: mendian bizi ohi diren animalia basati askoren soinuen giza imitazioak dira. Irrintziaren kasuan, hori gertatzen da: zaldiaren edo behorraren oihuaren imitazioa da. Ehiza bereganatzea izan liteke funtzioa, artaldea batzea, gerrako garaian taldearen indarra azaltzea... Iparraldean, pilota partidetako puntuak kontatzeko ere erabili da.
Zuk noiz entzun dituzu?
Lagun min bat hil zenean egin zuten irrintzi bat oroitzen dut, eta horregatik egin dut dokumentala. Haren gorpuzkia hobiratzean, haren amonak irrintzia bota zuen. Ordura arte jaiarekin eta festarekin lotzennuen irrintzia. Kasu horretan, mina eta tristura ziren nagusi; amonaren irrintziak ere hori adierazten zuen.
Transmisio bidez ikasten da?
Batik bat, bai. Rol garrantzitsua du etxeak; etxeak, eta emakumeak. Irrintzilari gehienak emakumeak dira, ia %99. Kontatzen dutenez, amamarekin edo amarekin ikasi ohi dute irrintzika, etxeko espazio batean beti. Beste zenbaitek kalean ikusita ikasi dute, hori imitatzen. Emakumeek pisu handia izan dute, beste gauza askotan bezala. Haiek arduratu dira transmisioaz; gaur egun irrintzia bizirik baldin badago, emakumeei esker da.
Nola bota behar da irrintzi bat?
Ez dago arau idatzirik, baina badira bete beharreko hainbat ezaugarri: arnas bakarrean bota behar da irrintzia, luzera bat izan behar du, eta amaiera inportantea da. Mundu bat da irrintzi bakoitza.
Non sortzen da?
Garbi nuen barru-barrutik sortzen den zerbait dela, eta, are gehiago, hainbeste emanaldi ikusi eta gero eta hainbeste lekutan egon ostean. Irrintzi bat botatzean sortzen den sentsazioa bidaia baten parekoa da.Maila foniatrikoan aztertu izan da zerbait, baina oso interesgarria izango litzateke ikustea ea irrintzi bat botatzean nola erreakzionatzen duen garunak.
ATZEKOZ AURRERA. Ekain Martinez de Lizardui. Antropologoa
«Orokorrean, nahiz eta irrintziak bakarka bota, kolektiboak dira»
Dokumental batean irrintziaren nondik norakoak bildu ondoren, irrintzilarien arteko sare bat osatzeko asmotan dabil Ekain Martinez de Lizardui antropologoa, «elkar ezagutzeko eta erlazionatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu