ATZEKOZ AURRERA. Eider Goiburu. Psikologoa eta sexu hezitzailea

«Sexualitatea jaiotzen garenean hasi eta hiltzean bukatzen da»

Nerabeek dituzten jarrerak gizartearen «ispilu» dira, Goibururen hitzetan. Jarrerak aldatzea zaila dela uste du, eta esperientziak ardatz hartuta egindako lanketen bidez egin beharko litzatekeela.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Datorren astelehenean da Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Aurkako eguna. Egun hori kari, herenegun Iruñeko Katakraken izan zen Eider Goiburu psikologo eta sexu hezkuntzako hezitzailea (Orio, Gipuzkoa, 1980), Bortizkeria Sexistaren Kontrako plataformak gonbidatuta. Nerabeen arteko genero indarkeriaz hitz egin zuen bertan.

Indarkeria matxista nerabezaroan bertze adin batzuetan baino nabarmenagoa da?

Ez nuke esango nabarmenagoa dela, baina, bai berezitasun batzuk dituela; indarkeria ez da berdina izaten nerabezaroan edo helduak garenean. Esku hartzearen eta prebentzioaren ikuspuntutik, oso garrantzitsua da ikustea zein diren nerabeen ezaugarriak eta nerabeen erlazionatzeko moduak, eta hortik egitea esku hartzea.

Zergatik?

Nerabezaroan eta nerabezaroaren hasieran, identitate sexuala eta harremanak eraikitzen ari dira. Oso momentu garrantzitsua da esku hartzeko. Gero, helduak garenean, identitatea oso sortua dago, eta, orduan, esku hartzea eta jarrera batzuk aldatzea askoz zailagoa da.

Nola aldatu daitezke jarrerak?

Ez da kontu erraza. Oso lotuta daude arau sozialekin eta emozioekin. Emozio lanketa bat egiteak lanketa sakonagoa eskatzen du: esperientziekin lotutako lanketa egiten da, eta ez hainbeste hausnarketa arrazionalekin lotutakoa.

Nerabeek dituzten jarrerak gizartearen ispilu dira?

Erabat. Nerabeek gizarteko arauak bereganatzen dituzte. Pentsatzen da da nerabezaroan arauak puskatzen ari direla, baina, nerabezaro hasieran batez ere, identitate sexuala finkatzen da. Gizarte matxista batean gaudenez, identitate sexuala bat doa genero rol tradizionalekin. Rol tradizional horiek indartzen dira nerabezaroan.

Ba al dago nerabeen arteko sexu indarkeriaren daturik?

Datuak badaude, baina salaketenak. Salaketak, gutxi gorabehera, errealitateko kasuen %10 dira. Iritsi zaizkidan kasu guztietatik, salatuak oso-oso gutxi izan dira, eta, salatu direnetan, batzuetan salaketa kentzea erabaki dute, instituzioek ere indarkeria gauzatzen dutelako. Salaketaren prozesu osoa indarkeria prozedura bat da; oso zaila da jakitea zein den errealitate osoa.

Datorren astean da Azaroaren 25a. Garrantzitsua da horrelako egunak aldarrikatzea?

Erabat. Horrelako egunak aldarrikatzeak laguntzen du errealitatea ikusarazten. Gertatzen dena da ez dela lan bat egun bakarrean egitekoa. Ulertzen badugu indarkeria sexista gure gizarteko hainbat eremutan, modu desberdinetan eta intentsitate ezberdinetan gertatzen den indarkeria estruktural bat dela, egitura osoko hausnarketa bat egin behar duguna urte osoan, eta ez egun baten bueltan.

Zer garrantzi du haurrak txikitatik sexu hezkuntzan hezteak?

Indarkeria matxistak oinarri oso garrantzitsua dauka sexualitatea ulertzeko moduan: nola ulertzen dugun emakume edo gizon izatea, zer jarrera dauzkagun gorputzarekin, zer harreman mota eraikitzen ditugun... Sexu heziketa da oinarria indarkeriaren prebentziorako. Zenbat eta lehenago hasi, orduan eta eraginkorragoa izango da.

Noiz hasi behar da lantzen?

Jaiotzen garenetik. Sexualitatea jaiotzen garen momentuan hasi eta hiltzeko momentuan bukatzen da. Hori horrela ulertuta, ezinbestekoa da sexu heziketa jaiotzatik hastea, beste balio batzuetan sozializatuak izateko eta beste modu batzuetako harremanak izateko geure buruarekin zein besteekin.

Nafarroan egon da ahalegin bat, Skolae programaren bidez. Garrantzitsua da zabaltzea?

Bai. Skolae erreferente bat da. Iruditzen zait badaudela programak martxan, baina ebaluazio gutxi dagoela orokorrean. Uste dut falta dela azterketa sakon bat ikusteko dauden programak eta esku hartze modulu ezberdinak, eta horien eraginkortasuna aztertzeko. Jakina,erreferenteak hartu eta zabaldu behar dira ahal den eremu zabalenera.

Skolaek hainbat eraso jaso ditu.Nola egiten ahal zaio aurre horrelako eraso antolatu bati?

Antolatzen. Gizarte mailan eragiten hitzaldien bidez eta kulturaren bidez, eta modu desberdinak edukiz hausnarketa hori gizarteratzeko.Baita arau sozialak aldatuz ere, ikuspegi feminista bat indartzeko.

Zer eragin dute erasoek?

Skolaek estruktura sendo bat du, hainbatek hezkidetzan, sexu heziketan, indarkeriaren prebentzioandaukaten esperientzia luzean oinarrituta dagoelako. Horrek babesa eta gorputz teorikoa ematen ditu programa bera babesteko. Beste kontu bat da badagoela sektore bat ez duena bat egiten hezkidetzarekin eta genero berdintasunarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.