Gehienez ere, egunean bi minutu eskaintzen dizkio Egunean Behin aplikazioaren erabiltzaileak partida bat jokatzeari. Neurri horretan ederki hazi da jokoa, ordea, eta 15.000 erabiltzailek jokatu dute gutxienez partida bat. Bigarren denboraldian kopuru hori handitzea espero du Josu Azpillaga (Azpeitia, Gipuzkoa, 1973) CodeSyntaxeko kideak. Etenaldiaren ondoren, atzo itzuli zen jokoa, berrituta.
Itzuliko zinetela iragarri zenuten udan. Urduritasuna sumatu zenuten erabiltzaileen artean?
Erabiltzaile batzuk hasi zitzaizkigun galdezka ea noiz itzuli behar genuen, eta data publiko egitea erabaki genuen. Baina ez dut uste jokoak jendea oso harrapatuta zuenik. Ez da hori jokoaren helburua, gainera. Horregatik jokatu daiteke egunean behin bakarrik. Ez dut uste erabiltzaileei bereziki luzea egin zaienik itxaronaldia.
Bigarren denboraldia abiatu izana bera ba al da lehenengoan izandako arrakastaren seinale?
Bigarren denboraldia egingo dugu lehenengoan oso emaitza onak izan ditugulako eta gustura gaudelako aplikazioak izan duen harrerarekin. Datuak etengabe joan dira goraka. 11.000 lagun izan ditugu aktiboki parte hartzen, eta gure komunitatean kopuru polita da hori. Horrek eraman gintuen bigarrena planteatzera, anbizio handiagoz. Erabiltzaile kopuruari eustea eta berriak gehitzea da lehenengo erronka.
Denboraldi-aurrea jokoa fintzen eman duzue zuek?
Berrikuntza batzuk garatzeko aprobetxatu dugu guk tarte hau. Hala ere, errazagoa da betiere martxan ez dagoen zerbait aldatzea, martxa hartua duen zerbait baino.
Eta berrituta al dator jokoa, denboraldi berrian?
Berrikuntza nabarmenena sarietan izango da. Orain arte bezala, astero bi sari banatuko ditugu; bat, irabazleari, eta bestea, zozketa bidez. Horrez gain, zuzeneko final bat izango dugu denboraldiaren amaieran, eta harako sarrera lortuko dute aste bakoitzeko hamar lehenengoek. 150 bat lagun elkartzea da asmoa. Aldi berean jokatuko dute guztiek. Galdera berriak ere izango ditugu aplikazioan. Orain artekoez aparte, beste mota bateko galderak gehitu ditugu: kultura orokorrekoak, musikaren ingurukoak, jende ezagunari buruzkoak... Barietatea handitu dugu, beste gai batzuetara iristeko. Horrez gain, aldaketa txiki batzuk egin ditugu taldeka lehiatzeko atalean.
Gehiegizko biziorik sortu gabe, erabiltzaileak apur bat kateatuta mantentzeko neurri egokia du jokoak?
Nahi adina partida jolasteko aukera zegoen joko bat egin genuen aurretik. Ikusi genuen jendea denbora batez asko ibiltzen zela, baina gero utzi egiten zuela. Etengabe berritzen eta gauza berriak eskaintzen ibiltzea eskatzen dute halakoek. Guk ez dugu helburu hori, eta gaitasun hori ere ez, segur aski. Horregatik jarri genuen partida bateko muga. Erabiltzaileak egunean tartetxo batez euskararekin harremana izan dezan nahi dugu, eta, tarte horretan sortu zaizkion galderek beste gauza batzuk irakurri edo ikustera badaramate, han pasatuko du nahi adina denbora. Gure inguruko gaiak ateratzeko eta pixka bat pentsarazteko aitzakia da jokoa, azken batean.
Jokalari guztiek galdera berberak ez izatea kritikatu al dizuete erabiltzaileek?
Jendeak beti izaten du aldamenekoari baino galdera zailagoak tokatu zaizkion irudipena. Hala ere, guk badakigu zein diren galdera zailak, eta zein errazagoak. Oreka bilatzen dugu, zailtasun maila antzekoa izan dadin denentzat. Partida bat izan daiteke zailagoa beste bat baino. Aste guztikoa k ontuan hartuta, ordea, oso zaila da batetik bestera desberdintasun esanguratsua egotea.
Euskara bere alde ludikora eraman duzue, hain modan dagoen aplikazioen munduan. Badago horretarako beharra?
Interneten gertatzen denarekiko adi egoten saiatzen gara, eta etengabeko galdera bat izaten dugu: hau nola ekar dezakegu gurera? Guk ikusten ditugun datuen arabera, jende guztia sakelakoarekin aritzen da, eta horretan geroz eta denbora gehiago pasatzen du. Hainbeste ordu gailuaren aurrean egin arren, bizpahiru aplikazio soilik erabiltzen dituzte. Gurea saiakera txiki bat da euskarazko ikono bat jendearen telefonoetan sartzeko.
Zer gertatuko da Gabonen ondoren?
Ikusiko dugu ea nola doan bigarren denboraldi hau, eta aurrerago egingo dugu balorazio bat, zer egin erabakitzeko. Okerrik ezean, izango da hirugarren denboraldi bat ere. Dena den, alferrik da luzarorako planak egitea, aplikazioen mundu honetan gauzak oso azkar aldatzen baitira.
ATZEKOZ AURRERA. Josu Azpillaga. CodeSyntaxeko kidea
«Saiakera txiki bat da euskarazko ikono bat telefonoetan sartzeko»
Martxan da 'Egunean Behin' tribial jokoaren bigarren denboraldia, eta urte bukaerara arte iraungo du. Euskarazko komunitateari begira, arrakastari eustea eta haztea da helburua, Azpillagaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu