ATZEKOZ AURRERA. Alex Rodriguez. Psikologoa

«Gizartea 'bullying'-aren erantzule dela erakutsi beharra daukagu»

Oinarri homofobikoa duen 'bullying'-ari aurre egiteko bideo joko bat garatu du Rodriguezek. 'Bullying'-aren arloan lan asko egin dela onartzen badu ere, jazarpen horrek jatorri ugari izan ditzakeela dio.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun
De Fobos y Deimos bideo jokoaren egilea da Alex Rodriguez psikologoa (Arrigorriaga, Bizkaia, 1988). LGTBI komunitateko haurren aurkako bullying-ari aurre egiteko tresna gisa landu du, enpatia bidez arazoari aurre egiteko. Balio horiek nabarmendu berri ditu Bilboko Udalak, eta sari bat eman dio Rodriguezi. Hori baliatuz, azaroaren 11n bullying-az kontzientziatzeko jardunaldia egingo du Bilborocken.

Asko hitz egiten da bullying-ari buruz, baina LGTBI jendearen kontrako bullying-ari buruz egin duzu bideo jokoa. Zergatik?

Gaur egun asko hitz egiten da bullying-ari buruz, baina adar ugari dauzka. Ez dira gauza bera bullying homofobikoa, transfobikoa, edo generoarekin zerikusia duen bullying-a. Ongi dator hori zehaztea. Eskoletan bullying-aren aurkako neurriak hartzen dira, baina homofobikoak behar ditu beste protokolo edo neurri batzuk.

Zer bezala?

Kasu honetan, LGTBI kulturaren inguruan hitz egiten ari gara, eta ikusgarritasuna behar du, heterosexualek ikus dezaten existitzen garela. Aniztasuna ez da toleratzeko gauza bat, gizartearentzako aberastasuna baizik, eta horretaz poztu behar dugu.

Bullying-arekin lan egitean, beraz, aniztasuna aintzat hartzea falta dela uste duzu?

Bai, bullying-ari buruz asko egin den arren, kontuan hartu behar da zergatik egiten den bullying-a. Ahalegina hor dago, baina ez da gauza bera mutiko bati lodi dagoelako egitea edo altua izateagatik... Ez da gauza bera gizon edo emakume izatea, eta pertsonaren beharraren arabera egokitu behar dugu neurriak hartzeko garaian.

Bakoitzak bere izaera baitu...

Batzuei gehiago kostatzen zaie hitz egitea, besteei gutxiago, baina biktimarekin enpatia gehiago behar dugu. Bullying-aren aurka nola borrokatu behar den esaten dute, baina aspertuta nago, denbora guztian biktima indartu behar dela baitiote. Gizartea bullying-aren erantzule dela erakutsi beharra daukagu, biktiman oinarritzen bagara azkenean biktima nazkatu egiten baita.

Eta biktima are biktimago bihurtzen da?

Beste herrialde batzuetan saiatu dira paradigma aldatu eta arazo sozial moduan lantzen bullying-a. Hori egin izan denean, zeharo aldatu da egoera. Lan hori eginda, pentsatu nahi dut hemendik urte batzuetara ez dela bullying-ik izango.

Zergatik egin duzu bideo jokoa?

Beti gustatu zaizkit bideo jokoak, eta bullying-aren biktima izan nintzenean nire babesa izan ziren. Argi neukan bideo joko bat egin nahi nuela, enpatia hori gara daitekeelako. Pertsonaia batzuk sufritzen edo ondo pasatzen ikus ditzakezu, eta hori kutsatu egiten da.

Rol joko bat aukeratu duzu horretarako. Zergatik?

Definizioz, beste pertsonaia baten azalean sartzen zarelako, eta homofobiaren edo transfobiaren gaian gizartean enpatia sortzeko aukera ematen zuelako. Nire genero gogokoena ere bazen; beraz, argi neukan.

Zuretik asko dauka jokoak, ala?

Nire zati bat bideo joko honetan dago, eta, bertan kontatzen dena errealitatean oinarrituta badago ere, nire esperientzia ez dago pertsonaia bakar batean ere.

Jokin du izena pertsonaia nagusiak. Bullying-aren eraginez bere buruaz beste egin zuen Jokin Zeberiori egindako keinua da?

Argi neukan pertsonaiak Jokin izan behar zuela, bere suizidioa oso gertaera argigarria izan baitzen niretzat, eta begiak ireki baitzizkidan. Jokini gertatzen zitzaion guztia niri gertatzen ari zitzaidan une horretan, eta gertaera hark eraman ninduen gauzak kontatzen hastera. Omenaldi bat da, beraz. Argi eta garbi utzi nahi dut, hala ere, Jokinena izena besterik ez dela, ez da haren kasua.

Aipatzen duzu enpatia duten bideo jokoek pertsona baten jarrera alda dezaketela. Hainbesterainoko eragina eduki dezake bideo joko batek?

Bai, orain dela urte batzuk hasi nintzen bideo jokoen arloan lan egiten, eta ikusi nuen bideo joko batzuek badituztela enpatia garatzeko ezaugarri jakin batzuk. Bideo joko horiek pertsonen esperientziak alda ditzakete, eta horrek, munduarekin erlazionatzeko duten modua. Iritzia aldatzeko gaitasuna eduki dezake, eta iritzia aldatuta portaera ere aldatzen da. Horregatik, homofobiaz hitz egin behar da bideo jokoetan, telebistan edo literaturan. Iruditzen zait arazoa hor dagoela erakutsi beharra dagoela.

Enpatia erakustea?

Bai, hori da. Bideo jokoan Jokinen buruan sartzen gara, eta erabakiak hartu behar ditugu Jokin bagina bezala. Jokoan pertsona horren buruan sartzen zara, txikitzen ari den pertsona baten buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.