Euria ari du gogotik Zarautzen (Gipuzkoa). Malekoiko pasealekua hondarrez hartua dago, eta inguruetako zenbait kafetegi itxita, egur oholez babestuta. «Onena litzateke malekoi hau erauzi eta hondartzak berak duna naturala sortzea, zikloak errespetatzea nolabait, baina...». Ibon Salaberriaren (Urretxu, Gipuzkoa, 1974) hitzak dira, arkitektura ulertzeko modu abandonatu samar baten printzak ematen dutenak, eta, plan urbanistikoei bezala, herri eta auzoetako arkitektura diseinuei ezar dakiekeena. Baina, aho bizarrik gabe dio Salaberriak: «Bakarrik pentsatzen dugu diseinu polit bat egitean. Eta hori da, nik uste, hiriek eduki duten kalterik nagusiena. Diseinatu ditugu espazioak ahalik eta brillanteenak izateko, eta ez ahalik eta hezitzaileenak, bizigarrienak, ahalik eta egokienak auzo bizitzarako».
Ez da doakoa auzoa solas fokuaren argitara ekartzea. Ez du gaur-gaurkoa auzoaren biziberritzeen eta diseinu baldintzen inguruko kezka Salaberriak. Auzoak ematen du herri eta hirietako bizitzaren neurria, eta azken lauzpabost hamarkadatan auzoetatik bizitza erauzi egin dute, erauzi egin dira ekonomia txikiak, espazio partekatu irekiak, gertuko harremanak, eta elementu zaintzaile eta komunitarioak. Eta elementu horiek berreskuratzeko premia badago egon, Salaberriaren iritzian: «Adibidez, pandemia garai honetan auzoak izan beharko lirateke burbuila unitateak. Zergatik? Auzoak duelako kapazitatea elkar zaintzeko, batek une txar bat bizi duenean auzokoak zain zaitzake, eta alderantziz».
Arkitektura Eskolako irakaslea eta Beste arkitektura estudioko kidea da Salaberria; urtetako behaketari eta intuizioari erantzunez, auzoen egituraketa arkitektonikoari eta etxebizitzen izaera produktiboari erreparatzen dion ikerketa bat abiatu zuen duela urtebete pasatxo Iñigo Garcia, Jon Muniategiandikoetxea eta Laida Juanikorena arkitektoekin, eta Nekane Azpiazu eta Maddi Manterola arkitektura ikasleekin batera. Eusko Jaurlaritzak emandako beka bati esker egin dute ikerketa, eta Etxebizitza produktiboa izeneko txostenean bildu dituzte ondorio nagusiak, mundu mailako hainbat adibide eta eredu aipatuz tartean.
Le Corbusierren behatza
Zarauzko kafetegi bateko terrazan eserita, behatz erakuslea euri urak bideratzen dituen kale izkinako erretenera seinalatuz paratu du Salaberriak: «Auzoetako ur- bilketa sistemak erakutsi egin beharko genituzke, berdin zabor biltze sistemak, edo are, gure gorotzak nondik nora joaten diren. Modernitateak egin zuen horiguztia ezkutatzea; eta horrek egiten du gu inkontziente batzuk izatea gure hiria erabiltzean».
Beste behatz baten irudia etorri zaio burura, egungo arkitekturaren begirada, norabidea eta funtsa azaltzeko, Le Corbusier arkitekto suitzar frantsestu sonatuarena (1887-1965), alegia. «Le Corbusier erreferentziazko izen bat da arkitektura ikasi dugun guztiontzat, baina badago zer auzitan jarri ere. Gustatzen zait arkitekturaren momentu historiko bat nabarmentzea. Modernitatean, besteak beste, hegan egiteko kapazitatea lortu zen. Sortu zen aisialdi bezala, baina, nola ez , segituan gerrara eta hirigintzara bideratu zuten ahalmen hori. Hor sartzen da Le Corbusier. Aleman naziek bezala, eta orain egiten den hirigintzan bezala, gure lurralde txikia jostailu bihurtu, dena miniaturizatu, eta goitik begira seinalatzen da, non eta nola joan behar diren gauzak kokaturik. Modernitatearekin eta Le Corbusierrekin goitik beherako begirada gailentzen da arkitekturan». Ezagun egin da Le Corbusierrek bere La Ville Radieuse proiektuaren prototipo txikia (Paris) eskuarekin seinalatzen duen argazkia, 1964koa. Honela diote Etxebizitza produktiboa txostenean: «Modernitatea onartzeak lurraldea jostailu bihurtzea izan zuen ondoriotzat, baina, batez ere, ekarri du gure gorputzak merkantzia bezala jaurtitzea espazio funtzional horietan, eta batetik bestera ibiltzea nor bere zereginetan, azkenean kasurik onenean, etxe pribatuetara erretiratzeko».
Albo begirada baten alde
«Arkitekto izarren», «jainko-txikien» aroa bizi du urbanismoak industrializazioaz geroztikako aroan. Horren aurrean: begirada kalera, auzora, jaistea. Beste erremediorik ez du ikusten Salaberriak; «alboko begirada» gailentzea berriro ere: «Azken 50 urteetan zonifikatu egin dute dena hirietan. Zonifikatzea da modernitatearen herentziarik okerrena: azkenean da zatikatzea edo segregatzea gure egunerokotasuna. Sortu dira desplazamenduak, industriaguneak herrigunetik kanpo atera dira... Eta horrek, bizitza galtzeaz gain, dakar inkontzientzia asko, gauzek nola funtzionatzen duten ezkutatu egiten baita».
Le Corbusierrena da nabarmenki gailendu den begirada, baina horrek ez du esan nahi alternatiba saiakerarik izan ez denik, eta egun ere ez dagoenik. Le Corbusierri bere garaian zuzenki aurre egin zion Ludwig Hilberseimer arkitekto aleman espresionistak (1885-1967). Honela jasoa dute Etxebizitza produktiboa ikerlanean: «Erabilpenen segregazioa saihesten du Hilberseimerren proposamenak, lana eta bizitza uztartzeko modua ematen duten pieza urbano handiak diseinatzen ditu, kaleak, beheko alde industrialak eta etxebizitzak haien gainean, hiri demokratiko baten tankera irudikatuz».
Hain zuzen ere, Pier Vittorio Aureli arkitekto garaikide italiar marxistak Hilberseimerren eredu gaurkotu bat aldarrikatzen du Communal Villa proiektuan, nolabait areago eramanez, edo, hobeki esanik, honago ekarriz, etxebizitza bera bihurtzen baitu auzo, bizitza partekatu baterako espazio: berak diseinaturiko auzo-eraikin horretan artistek euren lana egiteko modu indibiduala eta euren arteko bizitza partekatzeko esparru komunala lukete.
Auzo komunitarioaren antzeko paradigma aldarrikatzen du Izaskun Chinchilla arkitekto madrildarrak ere La ciudad de los cuidados bere lanean. Ula Iruretagoiena arkitekto hirigileak (Bilbo, 1979) ondo ezagutzen du Chinchillaren obra, eta bat egiten du harekin eta albo begirada baten beharrarekin ere: «Bizigarritasuna bizitza zaintzearekin loturan dago, eta norabide aldaketa bat eskatzen du, zeinetan hiria, auzoa, lurraldea produktibitatearen gurpiletik atera behar diren. Bizitza produktiboa —kapitalarentzat erabilgarri zarenean— daramatenentzat egina da hiria/auzoa, eta bizigarria egiteko, debatetik kanpo gelditu diren umeak, edadetuak, emakume zaintzaileak... hiriaren erabilgarritasunean txertatu behar ditugu». Horra alboko begiradaren neurria, albokoa eta auzokoa kontuan hartzea, bere dibertsitate osoarekin: «Arkitekturan esan nahi du teknikariaren leku horretatik ateratzen garela eta baita arkitekto figuraren ego horretatik ateratzen garela beste elementu batzuk, mundu sentsiblea ere bai, inkorporatzeko; pentsatzea hiriak eta auzoak oso heterogeneoak direla, eta bizimodu desberdinak daudela».
Noiz utzi zioten auzoek bizigarri eta pertsonen neurrira diseinatuak egoteari, baina? Iruretagoinak modernitate kapitalistarekin lotzen du galera hori: «Hiria eta lurraldea management bat bezala ulertu denetik, hiria eta espazioa oro har espekulaziorako erabili denetik, bizitza desagertu egin da».
Kafetegitik Zarauzko kaleetara begiratu du Salaberriak: «Eguerdia da, eta orain herria itzalita dago ia; lan guztiak herrigunetik kanpora atera dituzte. Auzo zaintzaile bat bada etengabe zerbait pasatzen den auzoa izatea ere».70etako amaierako eta 80etako hasierako haurtzaroa oroitzen du: «Auzo berean zenuen tailler bat, bodega bat, bizikletak konpontzen zituena, fruta denda... Usainak, koloreak, jendea. Galdu egiten zinen eta lekuetara berandu iritsi. Auzokoak zure zaintzaile ziren. Amak esaten zuen tinbrea jotzen zutenean bazekiela beste kolpe bat hartu nuela, eta auzokoren batek ekarri ninduela».
Auzoan dago bizitza bizigarrien neurria, auzo lotsa eta auzo poza: «Guk aldarrikatzen dugu aktibitate asko itzuli behar direla hirira, auzora. Eta eredu interesgarriak badira han-hemenka...».
Auzoa da neurria
Modernitate kapitalistak bizitza erauzi die auzoei; gertuko harremanak, izaera zaintzaileak. Goitik beherako begirada gailendu da auzoen diseinuetan, albo soaren kaltetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu