Hormaren goialdean bi ordulari digital daude, zenbaki gorriekin. Batak asteazkeneko 10:00ak direla dio, Euskal Herriko ordua; besteak, berriz, 01:00ak, Los Angeleskoa (Ameriketako Estatu Batuak). Hirugarren ordulari bat ere egon zitekeen, Marteko orduarekin.
Ordutegi horiekin ari dira lanean EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ibea ikerketa taldeko ikertzaileak. Ikerketa eta Berrikuntza Analitikoa taldea da Ibea, eta NASAren Marteko misioan parte hartzen ari da. Marteko harrien, geruzen eta hautsaren konposizio kimikoa aztertuko dute.
EHUk eta Ibeak operazio zentro bat antolatu dute Leioako campuseko Martina Casiano zentro teknologikoan (Bizkaia), Marteko misioaren jarraipena eta misioko lanak egiteko.
Ibeaz gain, EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako Zientzia Planetarioen Taldeak ere parte hartu du misioan. Marteko atmosfera eta eguraldia aztertuko duen talde zientifikoko kidea da. Perseverance ibilgailuko Meda estazio meteorologikoaren bidez jasoko dituzte datuak: hautsa, erradiazioa, haizea, tenperatura...
Perseverance-k otsailaren 18an lur hartu zuen Marten, Jezero kraterrean. Esplorazio ibilgailu konplexua da. Lau gurpileko laborategi sofistikatua. Baina aurreikusi eta behar bezala lan egiteko, aurrena lur hartzeko fase kritikoa gainditu behar zuen: Marteko atmosferan sartzerakoan sortutako berotasunari aurre egin (1.300 gradu inguru), eta minutu gutxian 19.500 kilometro orduko abiaduratik Marten gozo-gozo lur hartzera pasatu.
Bi hilabete eta erdi geroago, ikerketa taldeak lanean ari dira, Martera bidalitako tresna guztiak ondo daudela ikusten eta lanerako prestatzen. EHUko operazio zentroa bi gelatan banatu dute. Gela bat informazioa jasotzeko da; bestea, informazioa bidaltzeko. Telebistetako pantailetan Marteko lurra ikus daiteke.
Ez da erraza Perseverance-ren moduko rover bat diseinatzea, Martera helaraztea eta guztiak ondo funtzionatzea. Eta, behin hara iritsita, ez da erraza ikerketa kudeatzea. Perseverance-k hainbat ikerketa tresna ditu, eta hainbat talde daude tresna bakoitzak egin beharreko ikerketen atzean. Guztiak koordinatu behar dira.
«Pentsatzen genuen gauza asko egin ahalko zirela, baina...», esaldia bukatu gabe utzi du Gorka Arana Ibeako ikertzaileak. Marte ikertzeko dituzten bi muga nagusiak aipatu ditu: denbora eta energia. Batetik, Perseverance-ko ikerketa tresna gehienek egunez soilik lan egiten dute, Medak salbu. Bestetik, Perseverance-k energia kopuru mugatu bat izaten du eguneko lan guztiak egiteko, eta gauez bateriak berriro kargatzen ditu, hurrengo egunerako.
Alegia, denbora eta energia muga horien barruan sartu behar dira ikerketa talde bakoitzak egun bakoitzean egin nahi dituen neurketa guztiak. Horri, gainera, ikerketatik kanpoko bestelako behar teknikoak gehitu behar zaizkio, Perseverance-k berak datozen aste eta hilabeteetan egin behar duen bidea, esaterako.
«Egin nahi diren lanen denboraren eta energiaren balantze bat egiten da egunero, eta mugen barruan sartzen ez badira, ez dira egiten: atzeratu egiten dira», zehaztu du Aranak. «Jarduera bakoitza segundotan neurtzen da».
Tresneria doitzen ari dira orain, eta ez dago ikerketa taldeen arteko arazorik. Benetako ikerketa hasten denean, ordea, neurketak egin ahal izateko «lehia» egongo dela uste du Juan Manuel Madariagak, Ibeako zuzendariak.
Ibeak SuperCam tresnan parte hartu du, eta haren bidez egingo ditu neurketak. Bereizmen handiko kamera bat du. Mikrofono bat ere bai. Baina oinarria lau espektrometro dira, harrien, mineralen, hautsaren, estratuen... konposizioa aztertzeko gailuak. Konposizioa jakinda, zer eratako mineralak diren jakin dezakete. Ez da erraza. Meteoritoekin ikusi dute: «Meteorito txikienak ere hamabi mineral baino gehiago ditu. Pentsa harri batek».
Argazkietatik, aginduetara
«Normalean, orain arte, kamerak egun batean lan egiten du: argazkiak ateratzen ditu eta bidali», zehaztu du prozesua Madariagak. «Argazkia aztertu eta gero, erabakitzen dugu argazki horretako zer puntutan egingo diren neurketak hurrengo egunean. Lurretik Martera aginduak bidaltzen dira, tresnek zer egin behar duten jakiteko». Ikusi dute SuperCam-eko neurgailuek ondo funtzionatzen dutela, baina ez dira hasi harrien konposizioa aztertzen.
Meda estazio meteorologikoa ere kalibratze fasean dago, baina hasi da datuak jasotzen. Marteko eguraldiaren iragarpen fidagarriak egitera iritsi nahi dute. Horretarako, datuekin, ereduak sortu behar dituzte, eta jauzi handia espero du Agustin Sanchez Lavegak, EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak: «Txinaren robota iristen denean [Zhurong] lau estazio egongo dira Marten, baita Marteren orbitan daudenak ere. Beraz, datu onak izango ditugu ereduetan sartzeko, eta eredu meteorologikoak eta klimatikoak hobetuko ditugu, oraingo eta etorkizuneko misioetarako».
Horretarako, ondo aztertuko dute Marteko fenomeno bereizgarri bat: hautsa eta hauts ekaitzak. «Badakigu hauts ekaitzen sasoi bat dagoela, baina ereduak ez dira gai esateko non sortuko diren eta zer-nolako indarra izango duten», onartu du.
Misioaren arduradunek eta ikertzaileek erabakiak hartu beharko dituzte etengabe. Erabaki zailak. Erabaki garrantzitsua izango da, esaterako, zehaztea Perseverance nondik aterako den Jezero kraterretik: iparretik edo hegotik. Ibilbidea definitu behar dute garai bateko ibaiaren deltaren aurrealdera iristeko. Erabaki horretan irizpide zientifikoak ere aintzat hartzen dira, bide bat hautatzeak bestea ez ikertzea esan nahi baitu. Erabaki batzuk NASAko arduradunek hartuko dituzte. Marteko urtebeteko epea ezarri dute Jezero kraterretik ateratzeko: 687 egun, Lurreko ia bi urte.
Perseverance-ren lanetako bat laginak jasotzea da: hodietan sartu eta guztiak elkarrekin utziko ditu, urte batzuk barru beste misio batek jasotzeko. Marteko lehen urtean hogei lagin jasoko dituzte; misioaren bost urteetan, 40. Horrek zalantza asko sortuko dituela nabarmendu du Aranak: «Elementu bat oso interesgarria da une batean, baina gero agian gauza interesgarriagoak topatuko dituzu. Eztabaidatu beharko dugu». Madariagak parte hartzen du laginei buruzko taldean.
Misioaren helburu nagusia bizitza arrastoak aurkitzea da. Badakite lurrazalean ez dutela aurkituko, erradiazioagatik. Aurkitzekotan, lur geruzetan aurkituko dute: «Geruzek erradiazioa albotik jasotzen dute. Ibilgailuko beso batek zulagailu bat du, eta gure itxaropena da geruzak zulatzea eta hor barruan arrasto organikoak aurkitzea». Curiosity roverrak lurra zulatu eta molekula organikoak aurkitu zituen, bizitzaren lehengaia. Horrek ez du esan nahi bizitza egon zenik.
Madariagak eta Aranak pasioz hitz egiten dute Perseverance misioaz eta Martez. Inplikazio profesionala baino gehiago, pertsonala da. Marte ikertzeaz gain, eskolak ematen jarraitu behar dute. Marteko ordutegian ere lan egin behar izan dute, Lurreko desorduetan.
Martekoa luzera begirako proiektu bat da, bai espazio agentzientzat, bai EHUko ikerketa taldeentzat. Ibeak, gainera, badu erronka bat: Marten jasoko diren laginak ikertuko dituen laborategietako bat izatea.
Zientzia
Marte iritsi da Euskal Herrira
Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa taldeak hasi dira Marteko lehen datuak eta irudiak jasotzen. Hala ere, Marten lur hartu eta bi hilabete eta erdira, 'Perseverance' ibilgailuko ikerketa tresnak doitzen ari dira oraindik ere, eta benetako ikerketa ez dute abiatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu