Asfalto rock talde madrildarraren Días de escuela (Eskola egunak) kantua etorri zitzaidan gogora joan den astean Itxi liburuak saioak ikastolen sorrerari eskainitako erreportajea ikusi eta gero, Gaizka Arangurenek Begoña Errazti laguntzaile zuela aurkeztua (edo alderantziz, ez dakit nola esan behar den).
1960ko hamarkadako Espainiako irakaskuntzako eskola baten erretratu errealista egiten du kantuak: gurutzea eta «erretratu batzuk», «ereserki astun loriatsuak», «Don Ramonen bibote estua», zaplaztekoak, kristau-ikasbidea... Geroxeagokoa ezagutu genuenoi ere arrotz egiten ez zaigun deskribapen horren ondoren, hala dio kantuak amaiera aldean: «Zenbat eta zapalduago egon orduan eta maiteago nuen askatasuna».
Oso herri euskaldunean hazia naiz, munduan den euskaldunenetako batean, Azkoitian; belaunaldi guztietako bizilagunen artean, etenik gabe, euskara hizkuntza nagusi izan duen bakanetako batean. Baina gurea, 1960ko hamarkadaren lehen erdialdean jaiotakoena —eskola nazionaletan edo frailetan ikasia nagusiki— erdalduntzen hasi zen, eta orain, atzera begiratzen hasita, konbentzituta nago erdalduntze prozesu horrek —Gipuzkoako beste herri askotan lehenago gertatu zenaren bide beretik— ez zuela etenik izango, belaunaldi berriak, 1960ko hamarkadaren bigarren erdialdetik aurrera jaiotakoenak, ikastolan ikasterik izan ez balu. Aurrekoek lortu ez zutena lortu zuten gerokoek gure kasuan: euskarari eustera behartu gintuzten.
Oso gerora jabetu nintzen horretaz guztiaz, eta baita ikastolen sorreran parte zuzena izan zutenen merituaz ere: aitzindariak, irakasleak—andereñoak gehienak—, gurasoak... Euskal Herrian azken mendean izan zen herri mugimendu ederrenetako bat izan zen ikastolen sorrerarena, eta hori esatea asko esatea da. Hasiera xume eta zail haren ondoren, ikastolek zabalkunde handia izan zuten, zorionez. Tamalez, ordea, urteek erakutsi dute eskola euskalduntzea ez dela aski gizartea euskalduntzeko, eta guraso askorentzat seme-alaben euskalduntzea izan dela beraienaz ez arduratzeko aitzakia. Baina hori beste ikasgela bateko arbela da.
Gai zabala da ikastolena, baina Itxi liburuak saioak sintesi egokia lortu zuen, ikastolen sorreraren garaiko protagonista nagusietako batzuei merezitako aitortza egiteaz gain.
EKOGRAFIAK
Eskola egunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu