Zinema saio ederra eskaini zuen ETB1ek herenegun gauean: Iratxe Fresnedaren Lurralde hotzak, Telmo Esnal eta Asier Altunaren Agur, Etxebeste! eta hiru film labur: Lander Ibarretxeren Regina, Josu Martinezen Anti eta Ainara Mentxakaren Hondale. Ez gara E.T. Estralurtarra euskaraz bikoiztuta ikusi zaharrak; Altsasu, Hondar ahoak eta Alardea 2020ko telesailak ez ditugu ahaztuta; eta gaur Go!azen-en zazpigarren denboraldiko zortzigarren kapitulua ikusiko dugu. Ez da nahikoa, baina ezin esan ezer ere ez daukagula.
«Loarrera behin eta berriro bueltatzen naiz», entzun nuen off-eko ahotsa Fresnedaren lanean. «Filmetan ikusi ez dudanaren bila nator. Kontakizun handiek leihoetatik eta bazterretatik sortutako istorio txikiak zapaltzen dituzten lekuaren bila». «Ikusten gozatzen dut. Atsegin xumea da». «Inoiz egingo ez ditudan filmen lokalizazioen bila nator». «Filmen bazterkinak begiratzea zirraragarria da». Esaldi horiek eta irudien indarrak kateatuta utzi ninduten eta gustura ikusi nuen dena amaierara arte. Horrelako ikus-entzunezko poetikoei begira beti pizten zaidan jakin-min prosaikoa gailendu zitzaion une batzuetan, hala ere, nire baitan, filmaren kontaketari. «Non hartu du ostatu Iratxek hor izan denean?», pentsatu nuen Berlingo eta Eskandinaviako hainbat hiritako irudiei begira. «Norekin joan da? Lasai ibili da denboraz eta diruz, ala prestatuta, irudien bila? Zer jan du?...». Horrelako film esperimental edo ezohikoetan, bazterkinei begira geratzeko joera baitaukat.
Agur, Etxebeste!-k ez ninduen harritu, baina ezta dezepzionatu ere; orobat Regina-k, Anti-k eta Hondale-k. Baina bost lanak,—Agur, Etxebeste-ren salbuespenarekin, promozio handiagoa izan baitzuen eta komertzialagoa baita— telebistan oso oharkabean pasatu direlako irudipena geratu zait. Azak ontzeko, Washingtongo zuzeneko irudiak izan zituzten lehiakide. Ez da erraza, badakit, film ez komertzialak telebista bateko programazioan txertatzea. Baina ez al litzaieke lagungarri gertatuko horrelako emanaldiei—promozio handiagoaz gain— ondoren zine-forum koxkor bat izatea, ondo aukeratutako bizpahiru aditurekin? Bazterkinak begiratzearen zirrara bakarrik bizi ohi den esperientzia da, baina gero hori partekatzea ere oso atsegina izaten da.
EKOGRAFIAK
Bazterkinei begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu