ATZEKOZ AURRERA. Tatiana Romero. Aktibista

«Ezin bagara geure larruan eroso egon, munduan ere ezin»

Loditasuna du hizpide Romerok koordinatutako '(H)amor gordo' liburuak: fasetzat hartzen da, oro har; beraz, argaldu nahi ez dutenak zigortu egiten dira, diziplina faltagatik. Lana Bilbon aurkeztuko du etzi.

VICKY GARCIA.
amaia igartua aristondo
2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
«Gorputzean islatzen dira indiziplina guztiak», Tatiana Romero aktibistaren irudiko (Mexiko, 1984), eta gorputza bera bezain ezkutaezina da horien gaineko indarkeria. Zehazki, lodifobiaz mintzo dira (H)amor gordo liburuan (Maitasun lodia; Continta Me Tienes, 2023). Romerok koordinatu du argitalpena, eta Bilboko Sinsorga kulturgunean aurkeztuko du etzi, 13:00etan, Irantzu Varela kazetariarekin batera.

Loditasuna igaroko den eta igaro behar duen etapatzat jotzen da. Horrek nola eragiten die lodiei?

Lehenik eta behin, eragiten du zure bizitza etengabeko iragate bat izatea. Fase iragankortzat jotzen denez, eragiten du deseroso egotea zure gorputzean, eta, ezin bagara gure larruan eroso egon, munduan ere ezin. Sentsazio faltsu bat sortzen du: etorkizun argala hobea izango da. Ezin dugu orainaldia bizi, ezta geure buruarekin eta besteekin dugun harremanez disfrutatu ere, ez baikaude hemen: zain gaude azken egoera horretara —argaltasunera— noiz heldu, bizitzen hasteko. Baina horra heldu nahi ez dugunok noiz hasiko gara bizitzen?

Azken egoerara heldu nahi ez dutenak zigortu egiten dira?

Noski, gorputz disidentzia guztiak bezala. Gorputzen diziplinatzea ez da oraingo kontua: pentsamendu ilustratuarekin sortu zen, XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran. Lineoren taxonomiarekin abiatu zen, gorputz masaren indizearekin... Diziplinatzean oinarrituta, gorputzak kontrolatzeko instituzioak sortu ziren: esaterako, medikuntza. Barkatuko dizute lodia izatea; baina ez dizute barkatuko lodiaz gain arrazializatua izatea, edo lesbiana...

Lodifobia barneratua funtsezkoa da diziplinatze horretan?

Bai. Uste izaten da gorputz lodiok bakarrik izaten dugula lodifobia, baina denen buruan sartuta dago, pisua gorabehera. Batetik, emakume normatiboaren araua dago: zuria, heterosexuala, argala... Bestetik, gorputz lodiei gorroto sakona zaie. Absurdoa da norbere burua maitatzearen ideia hori: ezin dut neure burua maitatu neure burua gorrotatzera eta desagerraraztera bultzatzen nauen mundu honetan.

Norbere burua maitatzeko ideiaren bidez, ongizatearen ardura indibidualizatu egiten da?

Hala da. (H)amor propio liburuan [Continta Me Tienes, 2019], idatzi nuen geure buruarenganako maitasuna ezin dela existitu ez bada kolektiboa, antipatriarkala eta antikapitalista. Kolektibitatearen bitartez baino ezin dugu eduki harreman osasuntsua geure gorputzekin eta geure artean.

Liburuan, Lucrecia Massonek nabarmentzen du loditasuna animaliatasunarekin lotzen dela sarri. Deshumanizatzeko modu bat da?

Hierarkia argi bat dago: gizakia beste espezie guztien gainetik dago. Gorputz lodia animalizatu egiten da, baina baita arrazializatuena ere. Franz Fanonek zioen gorputz kolonizatu bat animaliatasunarekin lotzeak haren deshumanizazioa dakarrela. Dena den, Komando Gordixko lagun antiespezistek uko egiten diote humanitatearen ideiari, eta animaliatasuna besarkatu nahi dute, espezien arteko hierarkiok ezabatzeko.

Liburuan, Komando Gordixekoek diote gorputz lodiak indarkeria batzuetatik salbu egon litezkeela; adibidez, sexualizaziotik.

Gorputz lodien egoera berezia da, eta hala diote Kolektibo Gordixekoek: edo erabat sexualizatu eta fetitxe bihurtzen gaituzte, edo desiraren esparrutik baztertzen gaituzte, ez baikaituzte ikusten ez desiratzaile, ez desiragarri. Uste dut lodioi argalei baino gehiago erasotzen digutela. Datuen arabera, nerabe lodiek argalek baino sexu indarkeria handiagoa jasaten dute, eta gutxiago salatzen dute, inork ez dituelako sinetsiko. Indarkeria botere maskulinoaren ariketa performatibo bat da, gorputz feminizatuen aurka egindakoa. Rita Segatok dioen bezala, arrek antzezten dute, elkarren artean aitortuak izateko; hau da, berdin du emakumea nolakoa den, lodia den edo ez.

Liburuko egile batzuek kontatzen dutenez, lortu dute beste identitate azpiratu batzuk onartzea: harro daude identitate «maritxuaz», adibidez. Ez, ordea, identitate lodiaz. Ezinezkoa da loditasunarekin adiskidetzea?

Gehien zigortzen diren identitateetako bat da, eta, alde horretatik, zailagoa da geure burua identitate horretan islatuta ikustea, eta identitate politiko bihurtzea. Identitateak, ez badira politikoak, ez dute zentzurik; beharrezkoak dira, baina borroka politikoa beharrezkoa den heinean. Lodiok lan handia eginda lortzen dugu subjektu politiko bilakatzea. Lodia zarela onartzea gogorra da, baina, behin onartuta, dena hobeto doakizu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.