ATZEKOZ AURRERA. Ismael Ceron Plaza. Psikologoa

«Psikologiak ez du zertan zientifikoa izan: kontraesanak ditugu»

Ceron Plazaren arabera, psikologia tematu egiten da etiketa hertsiak sortzen, eta patologizatu egiten du horietatik kanpo dagoen guztia. Egoera soziopolitikoari erreparatuko dion psikologia aldarrikatu du.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Identitateak izan daitezke helduleku, baina ez mugatzaile: hori kontuan hartuta jardun beharko lukete psikologiak eta psikiatriak, Ismael Ceron Plaza (Madril, 1971) psikologoak Psicoterapia queer liburuan argudiatu duenez (Bellaterra Edicions, 2023). Bilboko Anti liburu dendan aurkeztu zuen lana, herenegun.

Psikologiarentzat, normaltasuna osasunaren adierazlea da?

Zoritxarrez, bai. Baina bi gauza desberdin dira: testuinguru sozial batean ohikoa dena, hori da normala; ez du zertan osasuntsuagoa izan. Gainera, gizartearen arabera aldatu egiten da. Arazoa da psikologia eta psikiatria lanpetuago daudela normala zer den ezartzen, osasuntsua zer den bilatzen baino.

Zein da ñabardura?

Normaltasuna interes politikoen arabera dago eraikia. Are, askok sufritzen dute arauan ez egokitzeagatik, eta terapiara doaz ez direlako sentitzen nahiko gizon, nahiko heterosexual... Askotan, diagnostikatzeko eskuliburuek nahasmenduak handitu baino ez dute egiten.

AEBetako Psikiatria Elkartearen DSMa da eskuliburuotako bat. Esan duzunez, lehen bertsioan, 1952an, 128 nahasmendu biltzen zituen; azkenean, 2013koan, 541. Irizpidea zientifikoa al da soilik?

Hori da psikiatriaren beste arazoetako bat: tematzea oso zientifikoa izaten. Zientifikoa izatearen ondorioa da pentsatzea subjektuak neurgarriak direla, eta objektibatu daitezkeela; hala, kategorietara egokitzen ez den edozerk nahasmenduak eragiten ditu. Psikologiak ez du zertan zientifikoa izan: kontraesanak ditugu, gure desirak norabide asko ditu, eta ezin gara etiketa hertsi batean giltzapetu.

Gainera, etiketa horiek esentzializatu egiten dira, ezta?

Hala zen Psikologia Fakultatean matrikulatu nintzenean, 1999an, eta hala da oraindik ere, mugimendu feministaren ekarpenak gorabehera; diskurtsoa oso esentzialista da oraindik ere. Aproposa da sistema zisheteropatriarkala justifikatzeko: naturak justifikatzen du sistema, esentziak.

Ondoeza ere esentzializatzen da, subjektuaren gain jarrita ardura guztia?

Subjektua erantzule egiten dute, eta ondoeza azalduko duen barne egia baten bila ibiltzen dira. Akaso, apur bat erreparatzen diote haren familiari eta harreman testuinguruari, baina ez diote heltzen soziopolitikarekin zerikusia duen ezeri —indarkeria estrukturalei, adibidez—. Matxismoak, LGTBIQ+fobiak, arrazismoak... Horiek guztiek gure subjektibotasuna eta autoestimua konfiguratzen dituzte. Psikoterapeutak bazter uzten baditu, gerta liteke pazienteek harenganako konfiantza galtzea.

Pazienteak zer ardura du bere agentziaren sorreran?

Batzuentzat, ardura zama bat da. Baina uste dut guztiz kontrakoa dela: neure buruaz arduratzean, agentzia handiagoa edukitzean, aukera gehiago ditut aske jarduteko, eta men egin behar ez izateko aldian aldiko arauen uztarriari. Nomada izatean datza, filosofikoki. Hala, psikoterapeutak —zeina autoritatezko figura bat den— agentzia horri bide eman beharko lioke.

Autoritatezko figura izateari utzi beharko lioke? Autoritateaz hausnartu beharko litzateke?

Arazoa da zer ulertzen den autoritatetzat. Autoritatea izan daiteke jakintza duen norbait, lagun zaitzakeena. Edo izan daiteke profesional bat pentsatzen duena pazientearen egitekoa berari entzutea dela, eta men egitea, besterik ez. Autoritate horrek pazientea indargabetzen du, eta ez dio tresnarik ematen noizbait terapia utzi ahal izateko. Tutoretzapean dauka.

Etiketak saihetsezinak ei dira. Nola kudeatu horiek?

Lengoaia dagoen heinean, etiketak daude, lengoaiak errealitatea zatikatzen baitu haien bitartez. Estrategikoki baliatu behar ditugu, eta politikoki erabili, eskubideak eskatzeko.

Hain justu, lengoaia darabil pazienteak bere burua izendatzeko, ondoezak azaltzeko... Lengoaiari ere erreparatu behar al zaio?

Bai, ahozkoari eta gorputzezkoari. Lengoia despatriarkalizatu behar dugu: kontzeptuei esanahi berriak gehitu behar dizkiegu, eta hertsatzaileenak ezabatu. Beste ikuspuntu batetik heldu behar diegu sexu orientazioari —gay eta lesbiana identitateei, adibidez, haiek ere ez daitezen hertsatzaileak izan—, adiskidetasunari, bikoteari, generoari, arrazari, hitzarmen sozialari...

Bikote eta ezkontza kontzeptuei, kasurako. Batzuetan badirudi zoriontasunaren bermea direla.

Ezkondu ondoren, batzuek gehiago maite dute elkar. Baina ezkontza modu bat baino ez da sozialki eta ekonomikoki erregulatzeko. Ez du zerikusirik afektibotasunarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.