Zigor sistemaren eta estatuaren esku hartze txikiagoa aldarrikatzen du Laura Macaya-Andres (Bartzelona, 1979) ikerlari anarkofeministak, baita emakumeen askatasun sexualaren kontrako delituetan ere. Antipunitibismoa izan zuen atzo hizpide Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako campusean (Gipuzkoa).
Nork du interesa andreei sinetsarazteko esparru publikoa arriskutsua dela?
Arrazionaltasun neoliberalei eta botere punitiboari interesatzen zaie, emakumeen mugimendua mugatzeko, baita sexualitatea ere.
Feminitate ez-normatibodun andreak diziplinatzeko erabiltzen da izu sexuala?
Bai. Historian, izu moralak balio izan du subjektu disidenteak kontrolatzeko eta bezatzeko, batik bat heteroarauaren eta patriarkatuaren arabera. Bere garaian, homosexualitatea izan zuten jomuga, familia patriarkal burgesa babesteko; orain, izu morala erabiltzen da emakume onak eta txarrak bereizteko; are, sufritzen dituzten indarkerien erantzule egiteko. Beldurrak askatasuna baldintzatzen du, eta, maiz, indarkeria sexuala zigor bat izaten da emakumeen transgresioen kontra.
Sexu erasoak eragiten du izu handien, ezta?
Bai. Emakumeen gorputzak sakratutzat jotzen dira, eta horrek dakar, besteak beste, sexu eraso bat osatu ezina delako ustea. Kurioski, izu sexual handien sortzen duten horiek elikatzen dute larritasunaren kultura.
Diskurtso hegemonikoak erasotzailearen eredu paradigmatiko bat ere ezarri du?
Emakumeak zer diren eta nola sentitu behar diren esentzializatzen duten moduan, esentzializatu egiten dituzte erasotzailea eta haren motibazioak: gizon bat da, ezkutuan dagoena esparru publikoko txoko batean, zain. Baina badakigu gehienetan ezagunak izaten direla erasotzaileak, eta etxean edo eremu pribatuetan egiten dutela eraso. Uste da bulkada saihetsezin batengatik egiten dutela, eta ezin izango dietela inoiz erasotzeari utzi: ideia horrek zigor neurriak zorroztea justifikatzen du. Baina neurri errestauratiboak falta dira.
Hedabideek izu sexuala hedatzen dute?
Elikatzen dute. Adibidez, udako ziztadekin. Informazioak ez ziren batere zorrotzak, eta oso kasu gutxitan erabili ziren toxikoak. Gainera, Espainiako Toxikologia Institutuaren arabera, toxikoak erabilita eraso egin den kasu gehienetan erasotzailea biktimaren zaurgarritasunaz aprobetxatu da, hain justu, bere kabuz hartzen dituelako toxikoak. Baina ezkutatu egiten da, alkohola edota drogak kontsumitzen dituen andre bat ez datorrelako bat feminitate eredu jakin batekin. Bestalde, komunikabideek biktima jakin batzuen diskurtsoak erakusten dituzte, edo haien izenean berba egiten duten pertsona jakinenak.
Diozu punitibismoak emakumeei ere kalte egiten diela. Zergatik?
Punitibismoak ideia jakinak sortu behar ditu indarkeriaren, biktimen eta erasotzaileen inguruan, estatuaren zigor eta hertsatze sistema legitimatzeko. Delitu gehiago eta zigor gogorragoak eskatzen dira, baina enpirikoki frogatuta dago zigor sistemak ez duela balio indarkeriaren kausak jorratzeko, indarkeria gehiago sortzen duela; eta, oso selektiboa denez, kalte egiten die, batez ere, pertsona zaurgarrienei, arrazializatuei, pobreei, komunitate baztertuenetan eragiten duelako, bereziki. Andreen egoera eduki behar da jopuntuan: etxebizitza eta diru falta, Atzerritarren Legea... Ematen du neurri punitiboek bizitza konponduko digutela. Zigor sistemak itxaropen faltsuak sortzen dizkie biktimei.
Kontzeptu judizialek ere indartzen dute feminitate jakin bat? Berba egiten da ohoreaz, izen onaz...
Hala da. Batzuetan, ez gara jabetzen haien indar sinbolikoaz. Indarkeria digitalen esparruan biktimaren izen ona errestauratzeaz hitz egiten da. Ideia izugarria da. Feminitate ideia bat du oinarrian: izen ona duten emakumeak dira, hura gal dezaketenak, eta, hala balitz, berreskuratu nahi dutenak. Izen ona galtzeak, nahiz eta bortxazko sexuagatik izan, askatasun esparru bat ireki die emakume batzuei. Kontzeptu anakronikoa da.
Izu sexuala erabili da soilik baietz da baietz legearen aurka?
Legearen asmoa da marko punitibistatik aldentzea, baina ez du lortzen erabat. Delitutzat jo daitezkeen egoerak gehitu dira, eta erasoaren larritasunaren bereizketa kendu du, eta uste dut bereizketa hori ez litzatekeela zalantzan jarri behar. Legeak sustatu egiten du feminitate sentibera, behar duena estatuak babes dezan eta mugak ezar ditzan.
ATZEKOZ AURRERA. Laura Macaya-Andres. Ikerlari anarkofeminista
«Zigor sistemak itxaropen faltsuak sortzen dizkie biktimei»
Macaya-Andresen arabera, botere punitiboak hauspoa ematen dio izu sexualari, feminitate eredu jakin bat indartzeko. Diskurtso horrek esentzializatu egiten omen ditu hala biktima nola erasotzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu