Idazle eta lesbiana gisa ariko da Ana Jaka (Andoain, Gipuzkoa, 1974) asteon Zizur Nagusiko (Nafarroa) Marikaroa jardunaldietan. Kontalizunak tailerra emanen du gaur; bollera solasaldian ariko da bihar. Poesian eta haur literaturan aritzen da gehienbat, gaztelaniaz eta euskaraz. Maite du haurrentzat idaztea.
Nola kontatzen dira lizunkeriak?
Pentsatu ohi da ondo idazteko modu batzuk daudela; horregatik, tailerretan saiatzen naiz askatasuna bilatzen. Lizunkeriaz idazteko, belarri pixka bat egin behar da, beste batzuk nola aritu diren ikusi: ea gustuko dugun, guk nola egingo genukeen... eta ikusi zerk kitzikatzen gaituen. Bizitzan bezala.
Nor aritu da literatura erotikoa idazten? Nola aritu dira besteak?
Zorionez, gauzak aldatzen ari dira, baina beste literatura mota batzuetan gertatzen denaren kontrara, gizon batzuek emakume narratzaileak erabili dituzte, morbo gehiago ematen duelakoan. Emakumea jarri da literatura erotikoaren zentroan, baina sexuaren objektu bezala. Gizonek hitz egin dute, eta emakumeek hitz egin dutenean ez dugu jakin emakumeak zirenik.
Ongi ikusia dago emakume batek erotismoaz idaztea?
Orain hobeto. Lehen, arau batzuen barruan, onartzen zen, eta uste dut geroz eta gehiago ari direla agertzen ahots ezberdinak: lesbianenak edo beste praktika sexualez hitz egiten dutenak. Narratiban, emakumeak orain entzunak izaten ari gara.
Euskal letretan zer leku izan du disidentzia sexualak?
Urte askoan, txikia, baina gaur egun badaude adibideak. Egile batzuek homosexualitatea normaltasunez lantzen dute; lehenago, zerbait ezkutua zen, arraroa... Euskal literaturan, unibertsalean bezala, hori aldatuz joan da.
Eta zer? bilduman, zuri egokitu zitzaizun marimutila-rena.
Nik proposatu nuen. Horrela hasi nintzen haur literaturan. Haurrek oso erraz identifikatzen dute istorioa eta arazoa besteek dutela. Ipuin hori gaurkotasuna galduz joango da, geroz eta naturalago ikusten baitira neska izateko modu ezberdinak.
Marimutil oraindik ere iraina da jolastokietan.
Bai, eta, horrez gainera, genero espresioagatik iraintzeko modu asko daude. Gaia zaharkitua geratzea espero dut, baina ipuinean kontatzen da oro har ezberdina dena nola tratatzen den eta nola pertsona bat ahaldundu daitekeen.
Zergatik erakarri zaitu haur literaturak?
Publiko hori oso polita da. Ikusten duzunean kontatzen duzuna iristen dela... eta adin horretan dena jaten dute gose handiz.
Idazle bezala, uste duzu hautu horrek itzalean utz zaitzakeela?
Bai, hori gertatzen da, baina alde batetik abantaila bat da. Haur literaturari ez zaio hainbesteko arreta ematen medioetan, eta horrek askatasun handiagoa ematen du. Ni ez naiz inoiz mediatikoa izan, eta lasaiago bizi naiz horrela.
LGTBI mugimenduan erdal maileguak oso ohikoak dira.Behar da hiztegi aberatsagoa euskaraz?
Behar dugula uste dut, eta inportantea da gurea sortzea. Ez da erraza, hori praktikatuz sortzen delako. Euskarak dituen zenbait molde politak dira, eta aukera eman dezakete hitz berriak sortzeko eta errealitate berriak izendatzeko. Daudenak ere berreskuratu beharko genituzke. Hizkuntza gauzak ulertzeko modu bat da; besteena hartuta, eurena irabazten dugu, baina gurea galdu. Ongi dago nahastea, baina gureari ere tokia eginez, ez dadin ezabatu.
Erdararen menpeko da askotan LGTBI mugimendua?
Publikoa berez murritza da, eta euskaraz egiten baduzu, are murritzagoa. Gutxiengoen arteko talka bat bezala gertatzen da, eta ahalegina egin behar da behintzat euskarak presentzia izan dezan. Azkenean lotu behar dira borroka guztiek tokia izan dezaten.
Garrantzitsua da Marikaroan lesbianak ikusaraztea?
Inportantea da. Berriz ere, gutxiengoaren barruan gutxiengo. Normalean, gizonek zarata gehiago egiten duzue, eta leku gehiago duzue.
Zertaz ariko zarete?
Bollera izatea zer den. Nik gai espezifiko bat hartu dut, gurea: bollerok ohitura handia dugu bikotekide ohien edo bikotekide izatera iritsi ez direnen lagunak egiteko. Sareak sortzen ditugu, eta hori beste harreman batzuetan ez da gertatzen.
Zer da bollera izatea?
Lesbiana orientazio sexual bezala ulertzen dugu, eta bollera da jarrera politiko bat duen lesbiana, lesbianista. Nortasunak badu bere pisua: izaera bat da, eta bizitza bizitzeko modu bat, aktiboa eta politikoa.
Bollera gora eta behera, baina nola da euskaraz?
Neskazale izan daiteke, baina guk bollera erabiltzen dugu. Lumatzan soropil erabiltzen hasi ginen: sor, ahizpa, eta opila. Baina eztabaida izan genuen, soropil-ek baduelako beste esanahi bat.
ATZEKOZ AURRERA. Ana Jaka. Idazlea
«'Bollera' izaera bat da, bizitzeko modu bat»
Haur literaturaren alde egin du Jakak, adin horretan «dena jaten» dutelako «gose handiz». Letretan dagoen sexu disidentziaz mintzatu da, eta euskarak LGTBI mugimenduan behar duen presentziaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu