ATZEKOZ AURRERA. Nextor eta Aitor Otaño. Grafitigileak

«Bi belaunaldiren arteko elkarrizketa bat dira gure horma irudiak»

Nextor eta Aitor Otañori betidanik gustatu izan zaie marraztea. Grafiti ikastaro batean izena eman zuten, eta horma irudiak margotzen aritzen dira. Haien lanetako bat munduko ehun onenen artean dago.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Pasaia
2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Pasaiako (Gipuzkoa) Ciriza etxeko albo batean geratu dira Aitor eta Nextor Otaño aita-semeakBERRIArekin. Han dago euren azken lanetako bat: hamar metro pasatxo luze den horma irudi bat, itsasoa eta musika lotzen dituena. «Zorionak!» batekin agurtu ditu herritar batek aita-semeak, eta ez da gutxiagorako, Street Art Cities plataformak munduko ehun onenen artean sartu baitu aurrean duten horma irudia.

Zer egin behar da munduko ehun muralgilerik onenen artean egoteko?

NEXTOR OTAÑO: Street Art Cities-ek sailkapen moduko bat ateratzen du hilabetero, munduko horma irudirik onenekin, eta gurea sailkapen horretan egon zen. Urtea amaitzean, aurkeztu diren lanekin bozketa bat egiten dute jendearen artean, ehun onenen behin-behineko sailkapen bat egiteko.

Sailkapen horretan sartzeko, mural kopuru bat egin behar da?

NEXTOR OTAÑO: Guk horma irudi dezente egiteko aukera izan dugu aurten, eta horregatik aurkeztu ditugu. Normalean, fatxada handiak izaten dira. Enkarguz egin ditugu, ez propio lehiaketara aurkezteko.

AITOR OTAÑO: Guretzat, gehigarri bat da lehiaketarena. Ikusgaitasuna ematen baitigu. Lana lortzen dugu jendeak ezagutzen gaituelako, eta ikusgaitasun hori lortu dugulako.

Nola lortu duzue ikusgaitasun eta ospe hori?

NEXTOR OTAÑO: Sare sozialek zerikusi handia izan dute horretan. Kalean margotzen gaudenean ere, jende pila bat etortzen da gurekin hitz egitera.

AITOR OTAÑO: Nire ustez, ahoz ahokoak ere asko lagundu digu.

Zuen lanetan, oso presente daude Euskal Herriko pertsonaiak eta euskal kultura, besteak beste.

AITOR OTAÑO: Asko gustatzen zaigu erretratuak egitea, eta, askotan, eztabaida izaten dugu zer pertsonaia margotu behar ote dugun pentsatzen. Esango nuke bi belaunaldiren arteko elkarrizketa bat direla gure horma irudiak.

NEXTOR OTAÑO: Behin, Wiz Khalifa rap kantariaren eta Maddalen Lujanbioren arteko horma irudi bat egin genuen. Nik lehena marraztu nuen, eta aitak, berriz, bigarrena.

Zuetaz gain, Euskal Herrian ba al dago horma irudiak egiten ibiltzen den artista gehiagorik?

NEXTOR OTAÑO: Jende asko dago. Murales Liam Ondarroako [Bizkaia] marrazkilaria, Pablo Astrain, Sebas Velasco, Mikel Remak eta Udane Juaristi dira horietako batzuk.

Maila ona al dago?

AITOR OTAÑO: Bai, oso ona. Badaude margolari batzuk ikasketa batzuk egin dituztenak, Arte Ederrak adibidez, eta haien lanetan nabari da hor atzean teknika batzuk daudela.

NEXTOR OTAÑO: Bestalde, grafitigile asko daude. Grafitiak egitea ez dagoenez baimenduta, ez dute aurpegia ematen, baina jende asko dago. Gazte pila bat hasi da.

Horma irudi bat egiteko eskaera jasotzen duzuenean, zer egiten duzue lehenengo?

NEXTOR OTAÑO: Normalean, gai bat jartzen digute, eta guk, gaiaren arabera, diseinuak egiten ditugu. Diseinu bat egiten dugunean, aurkeztu egiten dugu. Gustatzen bazaie, aurrera egiten dugu, eta, bestela, aldaketak egiten dizkiogu. Zirriborroak egiteko orduan dator lanik zailena. Modu asko daude paretan egiteko.

AITOR OTAÑO: Nahiz eta modu asko dauden, guk ez dugu bat bera ere erabiltzen!

Zuzenean hasten zarete margotzen, orduan?

NEXTOR OTAÑO: Hori da. Hutsak egin, eta zuzenduz joaten gara. Hain pareta handiak izanda, normala da hutsak egitea; beraz, zirriborroa eta marrazkia egiten ditugun heinean, zuzenketak egiten ditugu.

Zein izan da orain arteko erronkarik handiena horma irudi bat egiteko orduan?

AITOR OTAÑO: Ibarrakoa [Gipuzkoa] oso zaila izan zen. Pareta oso altua zen, eta ez zegoen nahikoa perspektiba irudia ondo egiten ari ginen jakiteko. Garabiarekin 28 metro igotzen ginen, eta paretak 33 metro zituen. 6 bat metroko makilak erabiltzen genituen margotu ahal izateko.

Zer-nolakoa izan da jendearen erantzuna?

NEXTOR OTAÑO: Denetarik egoten da; gehienetan, gauza onak esaten dizkigute..

AITOR OTAÑO: Eskaerak ere izaten ditugu marrazten ari garen bitartean. Ibarrako horma irudia egiten ari ginela, gai nagusia nekazaritza izan zedila eskatu ziguten, eta hori islatzen saiatu ginen, besteak beste. Gizon bat etorri zen, eta esan zigun: «Oso polita zuen lana, baina ez duzue animaliarik sartu horma irudian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.