ATZEKOZ AURRERA. Aitor Axpe. Arkitektoa eta irakaslea

«Espazioak sena gararazten du»

Espazioak diseinatzen ditu Axpek, baina dio espazioak ere diseinatzen duela gizakia, «norabide bikoitzeko errepidea» baita. Horregatik emanen du hitzaldia gaur Laban: 'Espazioa hezkuntzaren zerbitzura'.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Ainize Madariaga
2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Aitor Axpek (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1975) erakutsiko du zeinen garrantzitsua den espazioaren antolaketa jendearendako orokorrean, baina sustut hezkuntzari dagokionez. Izan ere, bizitzaren hatsarre horretan gizakiak ikasten dituenak bizi osorako balio baitute. Eta i(ra)kaskuntza bideratzen laguntzen du espazioaren banaketak. Espazioa hezkuntzaren zerbitzura izeneko hitzaldia emanen du gaur Iruñean, Laban (18:00), Jaso ikastolak antolaturik.

Arkitekturak badua gaitasunik gizartea eraldatzeko?

Bai borobila. Azkenean, guk espazioak diseinatzen ditugu, eta espazioak gu; norabide bikoitzeko errepidea da. Loris Malaguzzi italiar pedagogoak esan zuen espazioa hirugarren irakaslea dela; lehena gurasoak dira, eta bigarrena, irakasleak.

Nola eragiten du arkitekturak jendearengan?

Gure espazioa orokorrean txikia bada ere, eraldatzen gaitu. Adibide garbia: etxera kide berri bat datorkigunean, etxe guztia eraldatzen hasten gara: habia efektua deitzen zaio horri. Hori egiten dugu kide hori gai izan dadin espazioan identifikatzen gure kultura, gure gustuak eta abar.

Adibidez?

Mundutik babesteko sortzen dugu espazioa, zeina baita gure irudi bat munduarekiko eta espazioarekiko, horregatik da norabide bikoitzeko errepidea. Hala, espazio argiak gustatzen bazaizkit, garbiak, gardenak, naturarekiko hurbilak... horrek esaten du nolakoa naizen. Espazio ilun bat moldatzen badidate argira, gardenera, guztiz irekira... nire jokabidea ere eraldatzen hasiko da.

Sukalderaino sartzea intimitatera sartzea da.

Hori da, zure barne pertsona hori ezagutarazten ari zarelako beste pertsona bati, alegia, nolakoa zaren. Rafael Cristobal psikiatrarekin lan egiteko suertea izan dut. Hark esaten zuen ume batek zer behar zuen pertsona gisa garatzeko, eta nik erantzuna ematen nion espazio antolaketarekin. Bost hilabetetan, adibidez, miatzeko sena pizten zaigu; beraz, kukumiku egiteko espazio bat emanez gero, bizitza osorako balio dion sen hori garatuko du. Haurrari pizten zaion sen hori jorratzeko espazioa emanen diot.

Sen gehiago bada.

Zortzi garrantzitsuenak zerrendatu ditu Cristobalek: sei-zazpi hilabetetan atxikitzeko sena pizten da; horregatik, espazioa antolatu behar da ikastetxean haurrak jakiteko gisan norengana joan zerbait gertatuz gero. Bederatzi hilabetetan beldurra eta ihesaren sena garatzeko espazioak bermatu behar dio haurrari beldurra duenean erreferentziazko pertsona aurkitzea. Erasotze senari begira, bi eta hiru urte artean, frustrazioak kanporatzeko bidea eskaini behar diogu psikomotrizitatearen bidez. Hierarkia sena garatzeko: altuera. Eta gauza bera gainerako senentzat: hiru eta lau urte artean zaintza sena ahalbidetzeko; bai ere sexurako sena lantzeko, bost eta sei urte bitartean, intimitatea garatu ahal izateko txoko batzuk, komun zikin batzuk eskaini beharrean.

0-6 urte bitarteko jendeaz mintzo zara.

Orduan baitira sen garrantzitsuenak pizten, eta, horiek ongi garatzea lortzen bada, bizitza guztirako balio du. Haatik, horrek ez du esan nahi bizitzako beste etapetan landu behar ez direnik. Baina lehenago hasiz, hobe, kirolariak bezala: entrenatuagoak izanen dira lehenago hasiz. Nahasi behar dira sen horiek eta metodologia aktiboa.

Eman dezagun?

Autonomia eta erabakitze ahalmena lantzea erabakitzen badut metodologia aktiboa erabiliz, ikasleak tarteak izango ditu berak aukeratzeko zein txokotan egon —plastikoarenean, irakurketarenean...— nahi duen aktibitatea egiteko. Gisa honetan prestatuago izanen da beranduagoko erabaki garrantzitsuak hartzeko, gu ez bezala, hamasei urtetan galduta baikinen zer ikasi nahi genuen galdetzean, ordura arte ez baitziguten sekula galdetu erabakitzea. Irakasleari espazioak lagundu ezean, beti bezala amaituko du klase magistralak ematen, zortzi orduz, eta ikaslea pasiboa izango da.

Zerk ezin du hutsik egin hezkuntza espazioa ongi antolatzeko?

Garrantzitsuena da hezkuntza familiak hausnarketa sakon bat egitea adosteko nolako ikasleak nahi ditugun 18 urterekin. Zuzendaritzak, ikasleek, familiak, gurasoek, administrazioak... adostu dezagun ondo autonomoa izan dadila, euskalduna, kooperatiboa... Gero, tailer parte hartzaile bat antolatu erabakitzeko nolako espazioak nahi ditugun. Japoniako eta Nafarroako etxeek berdinak izan behar dute? Bada, ez, tokiko kulturako ezaugarriak sartu behar dira.

Nola islatzen da Euskal Herria espazio antolaketan?

Euskararen bidez, nola ez; baina baita ere tokian tokiko artisauen lanak erabiliz, folklore hutsa gaindituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.