ATZEKOZ AURRERA. Jose Javier Frias. Naturalista eta ingurumen hezitzailea

«Hegazti populazioa geroz eta urriagoa da Salburuan»

Gasteizko Salburuko hezegunean behatutakoa marrazkiekin irudikatu du Jose Javier Friasek liburu batean. Hezeguneko «aberastasuna» ezagutarazteko «dibulgaziozko» lan bat dela azaldu du.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Gasteiz
2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Jose Javier Frias (Gasteiz, 1974) naturalista eta ingurumen hezitzaileak Salburua, un año en la vida de los humedales (Salburua, hezeguneko bizitzan urtebete) liburua argiratu berri du. Gasteizko Salburuko hezegunean ikusitako hegaztien inguruko informazioa bildu du, akuarelaz eginiko 164 ilustraziorekin batera.

Liburua Salburuko hezegunean oinarritu duzu. Zergatik?

Green Capital izendapenarekin jendearen interesa piztuko zuela pentsatu nuen. Salburuan egin da lan gehien leheneratzean, eta gune oso baliotsua da: hegazti asko etortzen dira negua igarotzera; aniztasun eta aberastasun biologiko handia dago. Lan gutxi publikatu dira, eta saiatu naiz aitzindari izaten. Nire behaketa pertsonala den arren, dibulgaziozko zerbait egin nahi nuen, bertako aberastasuna ezagutarazteko. Ingurumenaren gaineko heziketa garrantzitsua da, eta liburua baliagarria izan daiteke euskarri gisa.

Ez da gida bat; egutegi bat dela diozu.

Bai, baina gidaliburu bat bezain dibulgaziozkoa da. Azalpenei ahalik eta oinarri zientifiko handiena ematen saiatu naiz, nire ezagutzak eta SEO Birdlife Espainiako Ornitologia Elkarteak emandako datuak bateratuz. Nik ikusitakoak soilik aipatu ditut, eta landa koaderno baten erara irudikatu nahi izan dut.

Zer eratako fauna topatu duzu?

Hegaztiak erraz ikus daitezke. Ugaztunak, berriz, gehiago ezkutatzen dira, eta gautarrak dira; gainera, gizakiok ikaratu egiten ditugu, eta iheskorrak dira. Narrastiak eta anfibioak are zailagoak dira ikusten. Zortea ere izan dut, eta, adibidez, suge gorbatadun bat ikusi dut. Intsekturen bat ere sartu dut liburuan: burruntziak, kasurako.

Nola egin dituzu ilustrazioak?

Momentuko zirriborroak eginez, berezko eran. Askotan ez dut izan marrazteko astirik: buruan irudia gorde, hegaztia identifikatu eta jarrera oroituz egin ditut. Batzuetan zaila da irudiaz oroitzea, eta batzuetan detaileak argazkien laguntzarekin marraztu ditut. Deigarriak egin zaizkidan eszenak aukeratu ditut. Ikusi ez ditudanak ez ditut sartu, eta ikusitakoen artean ere hautaketa bat egin dut.

Zeintzuk dira Salburuko animaliarik ohikoenak?

Hezegunea denez, uretako hegaztiak dira ohikoenak. Eskandinaviatik etortzen den ahate txistularia, ahate buztanluzea, kopetazuri arrunta, ahate mokozabala, basahatea... oso ugariak dira. Hegaztipaseriformeei dagokienez, txantxangorria oso ohikoa da, habitat askotan baitago.

Nolakoa izan zen behatze esperientzia?

Harrigarria, ia egunero zerbait ikusten nuen. Joan naizen guztietan marraztu dut irudiren bat. Behatokian denbora asko igarotzen nuen, eta bidezidorretan ere ibiltzen nintzen.

Zein da urteko sasoirik interesgarriena horretarako?

Habitataren araberakoa da hori. Hezeguneetan, batez ere, negua da interesgarria. Baita udaberria ere, noski, gehienetan bezala. Uda ez da horren aktiboa: garai horretan zailagoa da hegaztiak ikustea.

Zer harrera izan du liburuak?

Lehendabiziko aurkezpena Bilbon egin nuen. Asti gutxirekin ibili nintzen: inprentan jaso zuten liburua eta egun horietan azoka egin zuten. Liburuak sinatzeko joan nintzen, eta harrera oso ona izan nuen. Bilboko jendeak ez zuen liburua ezagutzen; hala ere, gertukoak etorri ziren, eta atsegina izan zen.

Liburua zuk zeuk ilustratu duzu akuarela erabiliz. Zergatik teknika hori?

Koloretako arkatzekin hasi nintzen, baina, ilustrazio zientifikorako akuarela erabiltzen zutela jakin nuenean, horrela egitea erabaki nuen. Baliabide aberatsa da; oso azkar lehortzen da. Ez da erraza, baina ehundura ona du, besteak beste, argia islatzeko. Natura irudikatzeko emaitza onak ematen ditu. Hala ere,oraindik ikasten ari naiz.

Natura zer egoeratan dago Salburuan?

Gainontzeko habitatetan bezala, Salburuan ere egoera okerrera doa. Hegazti populazioa geroz eta urriagoa da. Hegazti ohikoenak ere asko gutxitu dira. Askotan, desagertze arriskuan dauden animaliengan pentsatzen dugu, baina animalia ohikoenak gutxitzen ari dira arrazoi askorengatik: klima aldaketagatik, pozoiengatik, nekazaritzako pestizida eta herbiziden erabilera suntsitzaileagatik... Intsektu asko hiltzen dituzte; ondorioz, hegaztiak ere bai, horiekin elikatzen baitira. Egoera larria da. Klima aldaketak ziklo guztiak aurreratu ditu: hegaztiak jaiotzen direnean, intsektuak, adibidez, jada helduaroan egon daitezke, eta, horregatik, ezin dituzte txitak elikatu eta gosez hiltzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.