ATZEKOZ AURRERA. Ainhoa Garmendia. Sopranoa eta Opus Liricako zuzendaria

«Operak egokitu egin du bere mezua»

Opus Liricak sasoi berria aurkeztu du. Emakumeak jarri dituzte «erdian», eta indarkeria matxistari buruzko «eztabaida kritikoa» proposatu. «Bai noski: egin daiteke hori operaren bidez», ziurtatu du Garmendiak.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Aurkezpenerako etorri zen Donostiara, baina Leipzigera (Alemania) joana da berriz —azken 21 urteetan bizi da han—. Ez du Goierriko hizkerarik galdu Ainhoa Garmendiak (Legorreta, Gipuzkoa, 1974). Opus Lirica konpainiako zuzendari artistikoa da, eta denboraldi berriaren zertzeladez eta operaren egitekoez mintzo da soprano ahotsez.

«Jelosiari, genero indarkeriari eta traizioari buruzko eztabaida kritikoa» proposatzen duzue denboraldi honetan. Baina operaren bidez lor daiteke hori?

Bai noski! Opera oso genero aberatsa da, eta gauza asko egin daitezke haren bidez. Gaitegi oso zabala dauka. Lehen modu batera tratatzen ziren gaiak dira, orain beste modu batera tratatu behar direnak. Azkenean, tristea da konturatzea gauza batzuk ez direla askorik aldatu. Arazo berak eta gogorragoak ditugu oraindik, eta kritikatu eta landu egin behar dira. Kulturaren eta artearen bidez lan asko egin daiteke horretan.

Opera ez da, beraz, genero elitista eta zaharruno bat?

Operak ere eboluzionatuz joan beharra dauka. Artistak eboluzionatuz goaz. Opera egiten duen oraingo belaunaldia ezberdina da; beste modu batera egiten dugu opera: aktoreak gara, eta abestu egiten dugu.

Oso klasikoa den zerbait horren berrikuspena egiten duzue?

Gaur dauzkagun bitartekoekin eta teknologiarekin. Mozart gaur egunera etorriko balitz, ikusita zer-nolako baliabideak ditugun, erotu egingo litzateke. Bere musika beste modu batera egingo luke. Musikarekin ziurrenik ezin dugu hori egin, baina operak egokitu egin du bere mezua. Gai larri hauek lehen era batera tratatzen ziren, baina guri dagokigu orain beste era batera tratatzea; eguneratzea.

Pablo Ramos zuen eszena zuzendariak esana: «Opera ez da museo bateko koadroa».

Mugimenduan dagoen zerbait da, eboluzioan dagoen zerbait. Gu oraingoak gara, eta oraingo pertsona batek ez du interpretatzen lehenagoko batek bezala; beste bizimodu eta bizipen batzuk dauzkagu. Interpretazio aktual bat da. Esaten dute opera elitista dela; beti elitista. Zenbat aldiz entzun ote dut hitz hori. Jende askoren buruan dago hori sartuta. Garai batean hala izan zelako, eta zoazen antzokiaren arabera prezioak ere halakoak direlako. Baina gauza bat esango dizut: jendeak dirutza ordaintzen du futbolera joateko. Guk bastante diru gutxiago eskatzen dugu, eta, hala ere, elitistak garela entzun behar dugu.

Emakumea jarri duzue erdigunean. Emakume protagonistak operan ez ote dira beti oso tragikoak?

Eta oso indartsuak ere bai. Baina egia da opera asko daudela oso tragikoak direnak, dramaz beteta daudenak. Baina berrikusten baditugu adibidez Mozartek egin zituen operak, ikusten da emakume zalea zela —zentzu guztietan [barrez]—, baina emakumea jartzen zuela erdigunean, eta azkar eta indartsu gisa aurkeztu, egoerak maneiatzen. Emakumeak operetan, orokorrean, erdigunean egoten dira.

Horregatik aukeratu dituzue Dido eta Eneas eta Pagliaccin operak?

Oso obra potenteak dira. Musika aldetik ere oso aberatsak dira, eta ez dira oso luzeak. Bi estilo oso ezberdin dira, eta, bietan, emakumea istorioa zuzentzen agertzen da.

Lehen aldiz antolatu duzue opera eta zarzuela lehiaketa. Badago harrobirik Euskal Herrian?

Sekulakoa. Ahots eder mordo bat dago. Asko jada lanean ari dira. Alemanian ere euskal herritar asko daude. Lehiaketa nazioartekoa da, eta orain arte izena eman dutenak Europakoak dira. Espero dugu etxekoak ere asko izatea.

Alde horretatik, Musikenerekin sinatu duzuen akordioak balio handia dauka?

Dudarik gabe. Badira jada bi urte haiekin elkarlanean ari garela, baina ofizialdu egin dugu harremana. Sekulako maila dago Musikenen.

Donostian opera «ezberdina» dela diozu. Zertan?

Hori Pablo Ramos gure eszena zuzendariak ere esaten du. Berezitasuna da guk opera guztiak hutsetik hasita lantzen ditugula: geuk sortzen ditugu. Opera gehienetan, ekoizpen bat aukeratu, ekarri, muntatu eta bueltatu egiten da. Guk hasieratik esan genuen sortu egin nahi genuela. Modu horretan, eman nahi duzun mezua ere norberak neurtzen du.

Eta uda nola dator Ainhoa Garmendiarentzat?

Lanez beteta. Operaz gain, baditut bestelako proiektuak, eta nire taldea ere bai Leipzigen —jazz doinuak, pop doinuak lantzen ditugu—. Uztailaren 19an egingo dugu debuta: Donna and Band izena du. Beste proiektu bat ere badut hemen, opera abeslarientzat. Opera Studio Leipzig du izena, eta hamar eguneko egonaldiak antolatzen ditugu abeslarientzat. Ikasketak bukatu eta masterra egindakoak dira gehienak, baina bultzada bat behar dutenak. Formakuntza ematen diegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.