ATZEKOZ AURRERA. Marcus Massalami. 'Drag king'-a

«Feminismoari lotuta dago 'drag king'-a»

Begirada feministaren bidez maskulinitatearen eta harreman sozialen eraldaketan jartzen du arreta Massalami 'drag king'-ak. Generoa deseraikitzeko tresna politiko gisa erabiltzen du 'drag king'-a.

BERRIA.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Melisa Meseguer aktorea da (Ciudad Real, Espainia, 1991), eta Marcus Massalami, drag king-a. Guztiz desberdinak izan arren, elkarrengandik ikasten dute. Aktibismo politikoa eta feminista egiten dute drag-aren bidez. Joan den astean drag king ikastaroa eman zuen Massalamik Harrotun, Iruñean.

Esaten duzu gerora ikusi duzula txikitatik zarela trabesti.

Bai. Edozein jolas edo besta aprobetxatzen nuen askeago jolasteko eta janzteko. Beti pertsonaia maskulinoak egiten nituen. Gainera, izugarri gustuko nuen zuhaitzetara igotzea, eta, horretarako, soinekoak deserosoak ziren. Erosoago nengoen generoaren antzezpenaren espektro edo adierazpen horretan.

Arte dramatikoari esker ezagutu zenuen drag king-a?

Bai. Trabestismoa egiten hasi nintzen, eta konpainia queer batek haiekin parte hartzeko esan zidan. Han ezagutu nuen drag king-a, etaargi ikusi nuen hori zela egin nahi nuena.

Nola ezagutu zenuen historia?

Drag King kolektiboari esker. Sara Rodriguezek sortu zuenean, hasi nintzen ni drag-a egiten. Dagoeneko Galizian, Espainian, bazeuden aspalditik informazioa bildu zuten drag king-ak, eta denon artean informazioa partekatuz joan gara. Informazioa egon badago, baina asko arakatu behar da.

1991. urtean sortu zen Meseguer. Noiz sortu zen Massalami?

2019. urtean.

Nola joan zara haziz?

Motela izan da. Nire ingurukoak azkarrago mugitu dira; uste dut oraindik ikertzen ari naizela. Online aurkitu nituen drag king-en erreferentziak nituen, eta horren arabera probatuz joan nintzen.

Eraldatzeko zer aukera eskaintzen ditu maskulinitateak?

Maskulinitatearen munduan, antzezteko pertsonaia gehiago daude, antzerkigintzan gehiago garatu direlako. Feminitatearen inguruan badaude, baina oso mugatuak eta itxiak dira. Gaur egun, feminitatearen inguruko pertsonaiak aldatzen ari dira; esate baterako, nagusiagoak diren eta istorio sakonak dituzten pertsonaiak daude. Hortaz, drag king-a egiten hasten zarenean, bide asko daude.

Nolako nortasuna eraiki duzu?

Desiragarritasunaren kodeen arabera eraiki dut pertsonaia. Erreferente gutxi daudenez, liburu asko irakurri ditut; horien artean, Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzena. Irakurri dudan libururik onena da. Estetikaren, heterosexualitatearen eta generoaren eraikuntzaren araberako desira lantzen du. Ikuskizunak egiten hasi nintzenean, helburu bat neukan: edozein dela sexu orientazioa, edonorentzat desiragarria den pertsonaia sortzea.

Zer gehitzen dizu itxi gabeko nortasuna izateak?

Aldakortasuna. Niregandik sortu den pertsonaia bat da, eta ni ez naiz duela bi urteko edo duela hiru asteko pertsona bera. Elkarrekin ikasten jarraitzeko aukera ematen dit.

Non hasten da bakoitza?

Ez dakit, guztiz desberdinak gara. Adierazteko beharretik eta haurtzarotik betoa jaso duen maskulinitatearen jabetzatik sortu da. Hala ere, Marcusen maskulinitateak eta Melisarenak ez daukate zerikusirik.

Zer eskaintzen dizu horrek?

Aktibismo politikoa eta feminista egiteko aukera.

Nola eragin dizu erreferenterik ezak?

Ezegonkortasun handia eta zalantza asko eragin dizkit. Gaur egun, nire tresnak garatu ditut, eta pixka bat egonkortu naiz, baina hasieran ausazko erabakiak hartzen nituen, eta amildegi batean nengoela sentitzen nuen.

Zer dago horren atzean?

Ikusezintasuna: aipatzen ez dena ez da existitzen. Maskulinitatea aurkari gogorra da. Bizi duzun zapalkuntzatik beste begirada bat proposatzea, eta zapaltzailean jartzea arreta; hau da, fokua aldatzea eta maskulinitatearen eta harreman sozialen eraldaketan arreta jartzea heziketa feminista da. Drag king-a borroka feministari eta borroka feministak bilatzen duen genero deseraikuntzari lotuta dago. Sarea sortu, eta aurrera egin dugu, baina kolpe asko hartu ditugu, ikusezintasuna ordaintzen delako.

Nola gauzatzen dute?

Askotan gertatu izan zaigu antolatzaileek gure ikuskizuna amaierarako uztea; modu horretan, astirik ez badago, drag-a kentzen dute. Behin gertatzen denean, uste duzu agian kasualitatea dela, baina bost aldiz egiten dutenean, agerian uzten dute ikusezinak egiteko mekanismoa aktibo bat dela. Gauza bat da ez ezagutzea, eta beste gauza bat ezagutzea eta ezeztatzea. Hala ere, pozik gaude horri aurre egiten ari garelako, eta badaudelako horri ikusgaitasuna eman nahi diotenak ere.

Ikastaroek sarea sortzen laguntzen dute?

Oso polita da, taldea eta komunitatea sortzen direlako. Ikastaroetatik taldeak sortzen dira, eta elkarrekin ateratzen dira dantzatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.