ATZEKOZ AURRERA. Thierry Truffaut. Antropologoa

«Ihauteriak garbiketa handi bat dira»

Hamarkadetan ikertu ditu ihauteriak Truffautek. Komunitateak bere buruarekin bat egiteko garaia dela erran du. Larru berritzea bezala: «zaharra, gizena, txarra, beltza» bota, urte berria sanoki abiatzeko.

#BARRA_ABILDUA#EKE.
Ainize Madariaga
2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Thierry Truffautek (Baiona, 1957) hamarkadak daramatza euskal ihauterien datuak bildu, ikertu eta eguneratzen. Frantziak bere kultura ondare immaterialaren inbentarioan sartu ditu Lapurdiko ihauteriak, Euskal Kultur Erakundearen bidez: kaskarotak, etxez etxekoa, idi gizenak... Truffautek bi hitzaldi ematekoak ditu: otsailaren 10ean, 18:00etan, eta 12an, 15:00etan, Baionako Euskal museoan, frantsesez. Lehena, ihauteri garaiko jateko usaiez; bigarrena, berriz, Baionako ihauteriez.

Datuak zerrendatzearekin ez zaizu aski.

Hitzaldi horiek balio dute jakintza hori transmititzeko, jendeak bereganatu eta egunera dezan: tradizioak ez baitira geldirik egon behar, bestela folklorea bilakatzen baitira. Euskal kulturaren aldeko militantea naiz: herrian bizi, lan eta besta egin ahal izateko. 160 irudi ditu hitzaldi bakoitzak.

Lapurdiko ihauterien 1978az geroztiko usaien datuak biltzen ari zara. Zer konklusiotara heldu zara?

Euskal kulturaren ardura eman zidatenean, Baionan, euskal dantzetan sakondu nuen, dantzariei dantzak azaldu ahal izateko. Betti Betelu bezalako jendearekin gurutzatzeko xantza ukan nuen. Bakan ginen erraten genuenok euskal dantza bakarrik udan eta turistendako zela, ez norberarendako. Hala, hasi nintzen bilatzen turistarik gabeko garaietan; neguko ohituretan zer izan zitekeen interesgarri guretzat. Neguan jendea usu etxean egoten zen, batez ere landa eremuan. Udan, aldiz, lur lanetan edo itsasoan. Beraz, neguan bazen usaia pila bat: ezteiak, libertimenduak... Euskal Herrian eta Europan bada sinesmenik udaberrira buruz; gauaren argi ekarle: urte zaharra bota eta berria hasteko, nahi duena hautatu eta nahi ez duena baztertzekoa. Ihauteriak garbiketa handi bat dira, urte berria sanoki eta garbiki abiatzeko. Beraz komunitatea bere buruarekin biltzeko aspaldiko usaia da.

Baionako ihauteriek zer ezaugarri dute? Atzeman zenuen 1289ko dokumentuak debekatzen zituen karriketako zezen lasterketak.

Zezenak, idiak eta behiak askatzen zituzten karriketan, harakinak ziren antolatzaileak. 1914ko gerla arte iraun zuen. Iruñeko zezenketaren jatorri bera du: ihauterien usaiatik heldu da. Dokumentua 1289koa zen; erran nahi du aise lehenagotik praktikatzen zela. Txirotasunarekin badu zerikusirik: lasterketako abere bat pobreei eskainia baitzitzaien. Haragia jan behar zen, jendeak azkar izan behar baitzuen urte berriaren abiatzeko.

Lapurdiko ihauterien argazkirik zaharrena omen da 1887koa.

Ezpeletako kaskaroten birakoa da. Ihauterietan, azken finean, gizenak meheen kontra borrokatzen dira, zuriak (udaberria) eta beltzak (negua) bezala. Etxez etxekoan jendeak jaten ematen zuen, etxea babesteko. XIX. mende hondarreko testu zinez ederrak dio Lapurdiko kaskarot guziak Baionarat karrikaratzen zirela idien artean dantzatzera, egun osoan desfilatuz. Oroitzen naiz gaztetan ikusirik ortzegun gizenez. Codega familia da idi gizenak aurkezten dituen familia bakarra oraingo egunean, harakinak.

Ihauteria nondik heldu da?

Ez da azalpen bakarra. Juan Antonio Urbeltzena maite dut: lo dagoen zuhaitza mozkintze garaiari deitzen dio.

Zure ikerketek lozorrotik iratzarri zituzten herri batzuetako hartzak, ez dea hala? Geroztik, Uztaritzeko Hartzaro festibala abiatu zuten.

Bakarra ez, baina lehenetarikoa izan nintzen ikustea hartzak zein garrantzia duen ihauterietan. Kanbo, Uztaritze eta inguruetako irudiak ikertu nituen, Tillacenak... Hastapenean erotzat naukaten. Baina polikiño bereganatu dute berriz ere. Manera inteligentean, gainera. Hori bai, Uztaritzeko kaskarotak jatorrizkoak dira.

Neskei ere ahalbidetu zenien Kaskarota izatea.

Nik ditut sartu, bai, haien arropa sortuz, 1970eko urteetan, Claude Iruretagoienarekin batera.

Zerk lotzen ditu ihauteriak eta jatekoa?

Jokoa datza udaberrian sortzen ari den hauskortasuna eta dena desegin dezakeen neguko indarraren arteko gudukan; pertsonaia mehearen eta gizenaren artekoa. Gizen hori jaurtikiko da, erreko, kanporatuko. Iratzartzean, hartzak puzkerra bota behar du, tapoi bat askatuz: lurpean egon den horretaz guziaz askatzeko: arima galduak eta. Ihauterien garai horretan, horregatik auziak daude, suak, gauza sano batera buruz abiatzeko.

Zein da ihauterietako dieta?

Europa osoan badira ihauteriak; hori bai, tokian tokian kolore ezberdinak dituzte. Bihar, 4an, Agata deuna da. Orduan ogi txigorrak esnean prestatzen dira Nafarroa Garaian, Bizkaian... Etxez etxekoa abiatu aitzin: kanelan eta limoian bustiz. Kruxpetak ere egiten dira, airez beteak, hartzaren puzkerraren gisakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.