ATZEKOZ AURRERA. Malen Iturria eta Maider Lasa. Artistak

«Bidaia oniriko bat sortzea da gure asmoa, lo kantetan bezala»

Euskal lo kantak berreskuratzea zuen asmo Lasak, eta 'Batera' kultur proiektuen deialdian hautatu zuten lana. Iturriarekin batera, egungo hausnarketetara moldatu ditu, hala nola sexu energia hizpide izanda.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Euskal lo kanta tradizionalak berreskuratu eta moldatu ditu Maider Lasa (Gasteiz, 1997) artistak Loa loa, laguna proiektuan, Malen Iturriarekin (Buenos Aires, 1989) batera. Zazpi kantaz osatutako disko bat ondu dute, eta hainbat diziplina batzen dituen proiektu eszeniko bat, hala nola sexu energia lantzeko asmoz. Gasteizko Baratza aretoan egongo dira bihar, 19:00etan.

Nola sortu da proiektua?

MAIDER LASA: Bartzelonan egon nintzen denboraldi batez, eta, han, sehaska kanta bat etorri zitzaidan burura, oroimenean geratzen direnetako bat. Interesa piztu zitzaidan. Lo kantak maitasunetik abesten diren abestiak dira, eta lotuta daude magalarekin, amarekin, harrerarekin eta segurtasunarekin, eta, noski, bularrarekin: elikatu egiten gaituzte. Hala ere, zahartzean, lo kanta horiek ez dira entzuten, eta bularrak erabat naturalizatutako lekua izateari utzi, eta zerbait sexuala bihurtzen dira. Hortik sortu zen kantak berreskuratzeko ideia, eta, aldi berean, gune horiek askatzekoa, irekitzekoa eta ikertzekoa, helduentzako lo kantak eginda.

Zehazki, euskal lo kantak berreskuratu dituzu.

M.L.: Hemengoa naiz, eta sentitzen dut musika tradizionalak belaunaldien arteko informazio asko dakarrela, arbasoena, eta hori guztia gure azalean eta zelula guztietan dagoela. Zerbait tradizionala entzutean, eta ulertzen denaz harago, badago beste zerbait fisikoa ere, dardara eragiten duena. Horiek elkartzeko eta transmititzeko beharra dago, baina egungo beharretara egokituta, gure bizipenetara eta hausnarketetara.

Eta bidelagun izan duzu Malen.

M.L.: Bai, deitu, gelditu, eta leherketa sortu zen bion artean.

MALEN ITURRIA: Bazen zerbait gure jakin-mina lotzen zuena, eta proposamena ideia polita iruditzen zitzaidan. Gainera, denbora daramat musika elektronikoarekin konposizioak egiten eta soinu paisaiekin lan egiten. Prozesuaren lehen etapa Alcedon [Araba] egin genuen, Maiderren amonaren etxean, eta oso leku inspiratzailea izan zen: ingurunea, naturako elementuak eta tradizioa.

Nolakoak dira bildutako soinuak?

M.I.: Soinu guztiak grabatuak dira, eta haien plastikotasunarekin jolastu dugu. Maiderren ahotsa ere ikaragarria da, eta, beraz, elementu ezberdinekin aritu gara. Era horretan sortu da lehendabizi gure irudimen soinuduna, eta horrek eraman gaitu ikus-entzunezko iruditeria batera. Prozesu horretan arakatu eta hausnartu dugu, Maiderren hausnarketek eta galderek gai oso intimoak ukitzen baitituzte.

Zeintzuk dira?

M.I.: Haurtzaroko gaiak, amarekin eta aitarekin izandako harremanak, eta beste. Haurtzaroa gogoratzen hasi ginen, eta, pixkanaka, etapa guztiak pasatzen. Elkarrizketa horietan agertu ziren proiektuan dauden elementuetako asko: sexualitatea, esaterako. Elkarbizitza luzeko eta intentsitate handiko prozesua izan da, eta jendeak ere adierazi digu bidaia intentsua dela.

Zer diote moldatutako lo kantek?

M.L.: Azkueren euskal kantutegi herrikoian dauden lo kantetan egin dugu bilaketa. Haietako bakoitza hartu, eta lantzean ikusi dugu zer sortu zitekeen, nora generamatzan bakoitzak, zein sentsazio sortzen zizkiguten soinuek, doinuek eta erritmoek, zer ekartzen zigun gogora, eta, hortik, zein izan zitekeen gure gogoeta.

Sexualitateari buruzko hausnarketak egiten dituzue?

M.L.: Kanten bertsioetan zazpi mundu ezberdinetatik igarotzen gara. Askok diote lo kanta erotikoak ditugula, baina ez da zehazki horrela. Sexualitatea edo energia sexuala lantzen duen zerbait egingo duzula esaten duzu, eta, zuzenean, iruditerian pornoa eta erotismoa ageri dira. Baina guk diogu sexu energia egunero bizi dugun zerbait dela, energia sortzailea eta bultzatzailea dela, eta prozesu osoan izan dugula.

Nolakoa izan da emaitza?

M.L.: Pieza eszeniko bat osatzea zen asmoa, baina oraindik prozesuan gaude, asteazkenean Oihanederren aurkeztu bagenuen ere. Malen bere kontrolagailuekin dago, eta ni, kontatzen eta errezitatzen, baina interakzioa ere badago. Publikoa ikuslea bada ere, elkarrizketa bat dago, hor daudelako gorputzak. Bidaia oniriko bat sortzea da asmoa, lo kantetan bezala.

M.I.: Kanta bakoitzak bere mikroklima dauka, eta pertsona bakoitzak desberdin jasotzen du. Oso interesgarria da jendearen erreakzioak ulertzea adinaren eta izandako esperientzien arabera, eta, horretarako, interesgarria da emanaldia testuinguru ezberdinetan egitea ere. Bihar, Baratzan, askatasun gehiago izango dugu, elementu eszenografikoak daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.