Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradua amaitu berri dute Idoia Lahidalgak (Eibar, Gipuzkoa, 1999) eta Oihane Puertasek Mondragon Unibertsitatean (Lasarte-Oria,Gipuzkoa, 1999). Azken proiektu gisa ondu duten dokumentalak, berriz, orain ekingo dio jendaurreko bideari. Erronkaribarko emakumeen bizipenak izan dituzte ardatz Tenpraren guarpena-n, eta larunbatean emango dute Izaban (Nafarroa).
Zer bizipen jaso dituzue dokumentalean?
IDOIA LAHIDALGA: Lau emakumek ardazten dute dokumentala; eskualdeko hainbat herritakoak dira, eta belaunaldi ezberdinetakoak. Bakoitzak bizi duenetik, sentitzen duenetik edo jaso duenetik kontatzen du. Testigantza horiek ere lagundu digute XIX. mendeko emakumeen errealitatea ulertzen.
Badute loturarik elkarren artean?
I.L.: Erronkaribartar sentitzen diren emakumeak dira, harro daudenak beren aurrekoez, baina ez dute lotura zehatzik. Hainbat belaunaldi erakutsi nahi izanditugu, bizipen ezberdinak jasotzeko.
OIHANE PUERTAS: Bakoitzaren kontakizunak bestearena osatzen du, eta, horrela, guztiak koherentzia bat lortzen du.
Eta nola aldatu dira bizipenak belaunaldien artean?
O.P.: Helduenak, adibidez, ez dio garrantzirik ematen berak bizi izan duenari. Gazteenak, berriz, goraipatu egiten du bere aurrekoek egin zutena. Miresmen puntu batez hitz egiten du. Ondorengo belaunaldientzat, garrantzitsua da jakitea zeintzuk izan ziren gure aurrekoak.
Ahanzturatik abiatu den proiektu bat da, beraz?
O.P.: Bai. Horregatik du izena Trenparen guarpena (Denboraren oroimena). Erronkarieraz bada esaldi bat: «Guarpenari etzau akabatan trenpa». Hau da, oroimenari ez zaio amaitzen denbora. Hortik sortu da izenburua: ahaztua dagoen edo transmititu ez den memoria hori berreskuratzetik.
I.L.: Proiektua Kurruska kultur elkartearekin egin dugu, eta esaten ziguten bertako emakumeak isilak eta isilduak izan zirela. Orain arte, emakumeen lana bigarren mailan geratu da, ez zaie ahotsa eman.
Memoria hori berreskuratzen ari da apurka-apurka?
O.P.: Duela hogei urte hasi ziren enaren inguruko informazioa dokumentatzen, baina horrek ez dio ibarreko emakume guztiei erreferentzia egiten. Enarak 11 eta 18 urte bitarteko neskak ziren, Zuberoara joaten zirenak espartin fabriketan lan egitera. Guk arreta jarri nahi izan dugu eskualdean geratzen ziren emakumeengan. Haiei buruz ez baita orain arte hitz egin.
I.L.: XIX. mendean hasi zen batez ere alpargaten gorakada, eta emakumeak neska gazte eta gizon gabe geratzen hasi ziren ibarrean.
Emakumeen ibar bat izan zen Erronkaribarra garai hartan?
I.L.: Bai. Gizonak neguan lanera joaten ziren, eta emakumeen ibartxo bat sortzen zen.
O.P.: Guztia aurrera atera dutenak emakumeak izan dira, baita hizkuntza ere, erronkariera.
Izenburua erronkarieraz dago. Hautu kontzientea izan da?
I.L.: Bai. XIX. mendean erronkarieraz hitz egiten zen, eta batez ere emakumeek erabiltzen zuten. Erronkaribarko emakumeen historia kontatu nahi bagenuen, garai hartan erabiltzen zen hizkuntzan izan behar zuen.
O.P.: Keinu polita iruditzen zitzaigun belaunaldi hori omentzeko.
Nolatan amaitu dute bi gipuzkoarrek Erronkarin?
O.P.: [Barreak]. Galdera hori zen gure beldurretako bat.
I.L.: Bai, jendeak pentsatzea zer egiten duten bi gipuzkoarrek Erronkaribarko historia kontatzen. Nik etxea dut Izaban, eta nire familia oso sartua dago bertako bizitzan. Nik argi nuen Erronkarin zerbait egin nahi nuela. Eta Oihanek esan zidan emakumeen inguruan egin behar genuela.
Dokumentala izango zela argi zenuten?
O.P.:Produktu bat eduki nahi genuen, zerbait mugitu daitekeena. Jarraipena eman nahi genion lanari, eta jendeak ikustea. Gure herriko historia eta kultura da, eta garrantzitsua da gizarteak hori ezagutzea.
Nolakoa izan da elkarlana bertako jendearekin?
I.L.: Izugarria. Topatu dugun jendea prest zegoen edozertarako. Interes handia dute beren historiaren inguruan, eta kanpoko jendeak ere interes hori duela ikusteak ilusioa pizten die.
O.P.: Izugarrizko plazera izan da.
Zer sortzen dizue lana haien aurrean aurkezteak?
I.L.: Bertigo pixka bat ematen du. Ea gustatzen zaien.
O.P.: Urduri gaude. Lehenengo aldia da horrelako zerbait egiten dugula.
ATZEKOZ AURRERA. Idoia Lahidalga eta Oihane Puertas. Dokumentalgileak
«Transmititu ez den memoria berreskuratu nahi izan dugu»
Erronkaribarko emakumeen ahotik, eskualde horren historian murgildu dira Lahidalga eta Puertas, 'Tenpraren guarpena' dokumentalean. Gradu amaierako lanerako ondu dute proiektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu