ATZEKOZ AURRERA. Eneko Bidegain. Mondragon Unibertsitateko irakaslea

«Orokorrean, nerabeek begirada kritikoa dute sare sozialetan»

Sare sozialen arriskuei dagokienez 15 eta 16 urteko nerabeek «kontzientzia» badutela ondorioztatu du Mondragon Unibertsitateko Huheziko KoLaborategiak. 1.200 gazteren testigantzak jaso dituzte.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Sare sozialak nerabeen bizimoduaren erakusleiho dira, eta horietan murgilduta egoten dira egun osoan. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko KoLaborategiak 15 eta 16 urteko nerabeek sare sozialetan dituzten joerak aztertu ditu. Gazte-RIA izena du ikerketak, eta Eneko Bidegain irakaslea (Baiona, 1975) izan dute buru. Gipuzkoako eta Lapurdiko 1.200 gaztek eman dute lekukotasuna, hiru modutara: galdetegi bat betez, eguneroko bat idatziz eta aurrez aurreko eztabaida batean parte hartuz.

Nerabeak sare sozialetan jaio, hazi eta bizi dira, baina ezagutzen al dituzte horien arriskuak?

Teorian, behintzat, kontzientzia maila bat dagoela esan daiteke. Nerabeak aipatzean, 12 eta 18 urte arteko gazteei egiten zaie erreferentzia, eta hor hainbat fase daude. Hala ere, guk 15 eta 16 urtekoetan jarri dugu arreta, eta adin horretan oso ongi ezagutzen dute sare sozialen funtzionamendua.

Zer-nolako edukiak publikatu ohi dituzte euren profiletan?

Gehienetan, haiek agertzen diren argazkiak argitaratzen dituzte: selfie-ak edo beste norbaitek ateratakoak, bakarrik zein taldean.

Argazki guztietan pozik agertzeko joera dute. Beti zoriontsu egotera behartuta al daude?

Horren inguruan nerabeek eman duten azalpena oso logikoa da. Izan ere, kontua ez da argazkia noiz publikatzen dugun, baizik eta irudi horiek noiz aterata dauden. Argazkiak momentu onetan eta zoriontsuetan ateratzen dira: festetan, oporretan, lagun artean... Hau da, triste gaudenetan ez zaigu burutik pasatu ere egiten erretratuak ateratzen hastea. Hortaz, ez da aurrez pentsatutako edo erabakitako zerbait: naturalki egiten dute.

Hala ere, beti ez da naturalki egiten den hautu bat.

Hori da. Kasu batzuetan, argazki horiek aurrez pentsatutako eta eraikitako irudi baten araberako argazkiak direla aitortu digute, postureo edo itxurakeria bezala ezagutzen duguna. Dena dela, gehienek naturalki egiten dute, eta, gustuko izanez gero, publikatu egiten dute.

Komunikatzeko modua ere aldatu dute sare sozialek. Nola jartzen dira harremanetan orain nerabeak?

Sakelako telefonorik edo sare sozialik ez zegoenean, hesiak askoz ere itxiagoak ziren. Parrandak, eskola, kirola... ziren harremanetan jartzeko gune nagusiak, baina, etxean sartu orduko, amaitu egiten zen. Orain, esnatzen garenetik bertatik gaude elkarrekin konektatuta, eguneko 24 orduetan. Lagunen artean etenik gabe daude harremanetan, eta erlazio berriak egiteko ere sare sozialak erabiltzen dituzte. Esate baterako, bistaz ezagutzen duten norbaitekin hitz egiten hasteko tresna gisa balio dute sare sozialek.

Kontrolerako eta jazarpenerako tresna ere bihur daitezke.

Egia esan, gure ikerketan ez dugu horrenbeste sakondu horretan, baina pertsona ezezagunak edo ezagunak asmo ilunagoekin edo ez horren garbiekin harremanetan jartzen direnean, defentsarako ohiturak barneratuta dauzkatela ikusi dugu. Hau da, ez badute pertsona ezagutzen, konfiantzarik ematen ez badu, argazkirik ez badu... blokeatu egiten dute: defentsa mekanismo horiek ondo ikasiak dituzte.

Jarraitzaile kopuruak edo gustuko dut kopuruak ere aintzat hartzen dituzte nerabeek. Irudiak horrenbesteko garrantzia al du?

Nerabeek asko zaintzen dute irudia, eta hori estu lotuta dago besteekin konparatzeko joerarekin edo autoestimuaren inguruko arazoekin. Horrez gainera, atsegite kopuruak ere eragina du: espero baino atsegite gutxiago lortuz gero, porrot sentsazioa nagusitzen da.

Bestalde, zer gertatzen da beste norbaitek zure argazki bat jartzen duenean?

Hor sortzen dira frustrazioak eta kezkak. Norbere irudia asko zaintzen dute, baina ez dago haien esku besteek zer kargatzen duten.

Hizkuntzari begira, zer hizkuntza nagusitzen da nerabeen artean?

Ikertutako nerabeen bi herenek gaztelera edo frantsesa erabiltzen dute, eta horrek hizkuntza ohiturekin du zerikusia. Hala ere, edukien eskaintza gehiena erdaraz dago, eta horrek ere eragina du.

Orokorrean, egoki erabiltzen al dituzte nerabeek sare sozialak?

Ikerketa sakonago bat egin beharko litzateke esan dutenaren eta egiten dutenaren arteko konparazioa egiteko. Argi dagoena da begirada kritiko bat dutela, eta hasieratik gaur arte ikasketa prozesu bat izan dela erabilerari dagokionez. Sare sozialek nerabeentzat arrisku baino onura gehiago dauzkatela ondorioztatu dugu. Izan ere, ikerketa egin ondoren, alde positibo gehiago atera ditugu negatiboak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.