MAITE DUT MAITE... ARDI GASNA. Ximun Fuchs. Aktorea eta antzerki zuzendaria

«Oroz gainetik, gasna hori naiz»

Luxi eta Arño Oxandabaratzen ardi gasnak bizitzeko eta mundua ikusteko bidea erakusten dio Fuchsi, bortz zentzumenak asetzeaz gain. Hainbertzeraino, non gasnarekin identifikatzen baita.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Kanbo
2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Gamarteko (Nafarroa Beherea) Luxi eta Arño Oxandabaratzen ardi gasnak bezala, Ximun Fuchsek (1974, Larzabale-Arroze-Zibitze, Nafarroa Beherea) gustua eta nortasuna bildu ditu ontzeari esker. Feriak denetarik du, baina Fuchsek badaki nora jo pasteurizatu gabeko egiazko gasnaren eta publikoaren atzemateko.

Zer gustu du Gamarteko Luxi eta Arño Oxandabaratzen gasnak?

Egiatasunaren eta zintzotasunaren gustua. Horrekin hazi naiz, eta izaera horrek anitz lagundu nau.

Zer izaerak?

Hemengoa, errotua den kultura: transmititzen dena, eskutik eskura doana. Film bat egin nuen, eta gasna horrekin konbentzitu genuen jendea, eta zer ginen erakutsi.

Zer zara?

Izanez eta eginez mundua zeharkatzen ahal da, nortasuna asumituz eta herri jakiturian oinarrituz. Betiko unibertsaltasun horren mende gara. Kultura pasteurizatu hori, zelofanekoa, izugarri frantsesa da Iparraldean, eta espainola Hegoaldean, edo ingelestua. Biziki normetan da. Gasna hori ez da hala; arauz kanpo da: badu nortasuna. Gamarte eta Irati artean dute gasnatzen; hor dira preseski gure erro, sustrai eta mitologia guzia. Garena da; nortasun bat du, egiazko gustu bat. Ez du izaera pasteurizatua, eta horixe naiz.

Ardi gasna zara?

Hiritarra naiz, modernoa, aktorea, kazetetan agertzen... Ororen buru, klixe bat. Baina, oroz gainetik, lehen-lehenik, gasna hori naiz. Garena asumitu behar dugu. Ari izan naiz antzerkian eta zineman frantsesez zein euskaraz, baina ohartu naiz biak izatea ez dela posible.

Ardi gasna ez baita camemberta.

Camembert gasnak kristoren bidea du, makineria guzia, indartsua; beraz, beti garaile da. Euskal bidea garena izatea da: gure historia, hizkuntza, irudimena... Eskoletara goaz hori partekatu eta garatzeko.

Axut kolektiboaren bidez?

Bai, hiru ekinbide ditugu. Alde batetik, antzerkia. Bertzetik, hezkuntza artistikoan ekitea; erran nahi baita, pentsatu irakaskuntzan nola txertatu daitekeen artea, nola berrasmatu eta kontatu gure historia. Izan ere, frantses eta espainol arteak kontatu egiten baitu gurea. Guk, aldiz, nekez egiten dugu, ez bada estandar bidean, hots, gertakari puntual gisa. Balizko errealismo baten izenean, biziki zaila da osoki euskaraz egitea, mundua gure hizkuntzaz marraztea eta gure istorioak kontatzea. Eta, hirugarrenik, herrigintza: kultura ekosistemaren makineria biziki ahula da, hiru administrazioetan gaudelako banatuak, eta ez dira euskaraz pentsatuak. Euskal Herriak merezi duen kultura tresneria eraikitzen ari gara hainbat eragilerekin. Horretarako, Artedrama da betiko konplizea.

Etxeko kultura gasnatzen duzue?

Euskal herritar gisa, diskriminatuak gara; azpiherritarra kontsideratua naiz. Zenbat film eta antzerki daude frantsesez eta espainolez: eta euskaraz? Artista gisa, ez dut pleinitzekorik, hortik duinki bizi bainaiz. Baina seme-alabek neska-mutikoetara joan eta film bat ikusi nahi badute, frantsesez behar dute. Non dugu ikasi musu ematen? Filmetan. Beraz, ez badut horretarako eskubiderik euskaraz, elbarritzen naute.

Kultura ontzen duzu.

Gure eginkizuna korapiloak askatzeko gakoak ematea da; Zaldi Urdina obran, konparazione. Asko sinesten dut inteligentzia kolektiboan eta herri jakiturian: sarraski fisikoak eta kulturalak jasan ditugu, eta bizirik iraun dugu. Erran nahi du badela sekulako jakituria sendagaiak asmatzeko, zaintza bermatzeko, transmititzeko... Funtsean, frantses eta espainolen ikuspuntutik ez da posible euskaraz lan egitea; are gutiago bizitzea. Gu frogatzen ari gara bizigarria dela, Iparraldeko bertze edozein antzerki taldek baino aise lan haboro baitugu.

Zerk du hori posible egiten?

Gure ekonomia beste molde batekoa baita: hurbilekoa, eskuz eskukoa, gasna bezala. Bost kilometrora diren bi herritan antzerki bera eman dezakegu. Jendeak kasik pertsonalki ezagutzen gaitu, eta ardura bat ematen digu: ez du eskakizuna apaltzen, kontrakoa. Gure publikoa ez da pasteurizatua, badakit nor den: sozialki, generoan eta adinez plurala da. Gazteekin lan franko egiten dugu, gazteria baztertzen duen gizarte bat hila baita. Frantzia osoan aritua naiz, eta beti ikusle berdinak dira: zuriak, burgesak, zaharrak eta kultura kontsumitzaileak.

Zein da ardi gasna horren rola?

Gustu indartsua du, ez neutroa; hautu bat da, eta ez da kasualitatez jaten, Luxi eta Arñoren egin moldea ez den bezala: mundua ikusteko molde bat da, zeina biltzen baitut hura jaten dudan aldi oroz.

Noiztik duzu haren jaten?

Ttipitik; aitatxi oraino ikusten dut xerra biziki finak mozten, gardenak. Ez da nolanahi jaten; gasna kulturala da: errituala badu, zeremonia. Hasierako konbenioetatik at, gai garrantzitsuenekin batera ateratzen da: nola zara zu, zinez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.