Komikigileak zentroan paratzen ditu Nafarroako Komikiaren Azokak. Horregatik, zenbait egile gonbidatzen dituzte urtero. Aurten, besteak beste, Francesc Capdevila Max (Bartzelona, 1956) izan da Iruñean, 1970eko urteetatik marrazteari utzi ez dion ilustratzaile eta komikigilea.
Zenbat geratzen zaizu underground komikigile hartatik?
Hitz horrek bi alderdi argi ditu: batetik, argitaletxeen sistematik at ibiltzea, eta, bigarrenik, sudur puntan jartzen zaizuna egitea. Aspaldi ez nabil argitaletxeen sistematik at, baina nahi dudana egiten saiatzen naiz beti. Beraz, %50 underground.
Komikiaren munduan egin liteke norberak nahi duena?
Egin liteke, baina ez horretaz bizi. 1980ko urteen bukaeran ilustratzaile hasi nintzen, eta, ordutik, hori da nire ogibidea. Beraz, merkatuaren inposizioen aurrean ez dut amorerik eman, baina horretarako beste lanbide bat behar izan dut.
Ilustrazioa, diseinua... denetarik egin duzu. Beharrizanagatik?
Ez, maite dudalako ere bai. Komikiak egitea da gehien maite dudana, baina asko gustatzen zait kartelak egitea ere, diskoen azalak...
Hasi zinenetik, estigmak kendu ditu komikiak?
Ghettotik ateratzea lortu dugu. Gure baitan oso itxita geunden. Bestalde, komikia arte bat gehiago dela onartzea lortu dugu: ez gehiago, ez gutxiago.
Komikiak argitaratzen hasi dira museoak. Adibidez, Pradok zuri eskatu zizun horrelako bat. Zer esan nahi du horrek?
Komikiaren normalizazio bidean kokatzen da. Museoek bideoak, laminak... egiten dituzte obrei buruz hitz egiteko. Ba, komikiak ere bai. Pradok eskatu zidanean, oso urduri jarri nintzen. Artearen oso zalea naiz. Nire gogokoenen artean dago Jeronimo Bosch, eta hori eskatu izana... zeruan bezala sentitu nintzen. Gainera, askatasun osoa eman zidaten, eta ongi ordaindu.
Nola heldu zenion?
Ez nekien Jeronimo Boschen bizitzari buruz edo haren obrei buruz egin. Haren bizitza gatzgabea iruditu zitzaidan, ez ninduen harrapatu;, beraz, haren bi obra hartu nituen abiapuntutzat, eta horko pertsonaiekin istorio bat muntatu nuen, Boschen enigman oinarrituta.
Gai fantastikoen zalea zara, baina orain ez dira gehiago lantzen bestelako gaiak?
Autobiografiak, eguneroko gaiak eta gatazka sozialak nonahi ikus daitezke. Arte guzian dagoen bolada da, literaturan ere bai. Errealak orain prestigio handia du. Baina hauek joan-etorrian dauden olatuak dira. Fantasiak errealari buruz hitz egiten du, baina beste bide batetik, eta hori alde batera utzi da. Niri gehiago gustatzen zait fantastikoarekin lan egitea, oso argi izanda errealaren metaforak direla.
Mezua ere garrantzitsua da?
Baina kontuz horrekin. Obra batzuek oso mezu zuzen eta argia dute, eta horretarako eginak dira. Niri gehiago interesatzen zaizkit obra anbiguoagoak. Nik galderak ditut, ez erantzunak; beraz, nahiago dut irakurleak eman ditzala bere erantzunak. Komikiak oso ongi egiten du hori. Irakurleak lan handia egin behar du: mugimendua, soinua, bineten arteko saltoa... Hori guzia sortu behar du. Komiki irakurlea da obra batekin gehien inplikatzen dena.
Eta umorea? Zer da zuretzat?
Umorea egitea da alternatiba bakarra. Gai gogor, zail eta sakonak jorratu behar badituzu, umorerik ez badiozu jartzen, solemnitaterik aspergarrienean eroriko zara. Umorea beharrezkoa da, gauza guzietaz barre egin behar baita. Niretzat oinarrizko osagaia da. Ez da beti hala izan, izan baititut garai beltzak, baina, azkenean, konturatu nintzen horrek ez duela funtzionatzen.
Zentsuratu izan duzu zure burua?
Egunkari edo aldizkari batean publikatzen baduzu, eta baldin badakizu zein den hedabide horren joera, saiatzen zara zurea egiten, baina zure buruari harririk bota gabe. Ez dakit horri autozentsura deitu beharko geniokeen, edo zuhurtasuna.
Zure estiloa asko aldatu da hasi zinenetik. Orain, askoz ere soilagoa da. Bide horretan jarraituko duzu?
Underground garaia atzean uztean, haurtzaroko irakurketak hartu nituen; batik bat, Tintin. Marrazki garbiagoa egiten hasi nintzen, oso argia. Ezin dudanez geldirik egon, eta ez zaidanez errepikatzea gustatzen, ia nahi gabe joan naiz soiltasun formal puntu batera. Hor oso eroso nengoen, eta gehiago nahi nuen. Beharrezkoa ez zena baztertu nahi nuen, eta funtsezkoarekin geratu.
Autore komikia da Nafarroako azokaren oinarria. Zer iruditzen zaizu?
Horrelako azokak dira niri gustatzen zaizkidanak. Komikia sorkuntza kultural gisa agertzen duelako publikoaren aurrean, eta ez masen denbora-pasa gisa. Beste azoka ereduan, azkenean, gehiago saltzen dira Batmanen kamisetak eta horrelako panpinak, komikiak baino.
ATZEKOZ AURRERA. Francesc Capdevila 'Max'. Komikigilea eta ilustratzailea
«Umorea egitea da alternatiba bakarra»
Komikiak egitea da Maxek gehien maite duena, eta, ilustratzaile lanari esker, nahi duena egiten segitzen du bere binetetan. Egoera aldatu delakoan dago: «Komikia arte bat gehiago dela onartzea lortu dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu