Zientzia

Mamutekin aurrez aurre

Duela 30.000 urte inguruko mamuten, beste hainbat animaliaren eta tresnen arrastoak aurkitu dituzte Donamartiriko Izturitze kobazuloan. Garai hartan arraroa zen Euskal Herrian mamutak ehizatzea. EHUko ikertzaileek zuzendu dute indusketa egin duen nazioarteko taldea.

Aurignac aldiko mamut baten boli puska bat. ARITZA VILLALUENGA.
jakes goikoetxea
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Duela 29.000 urte baziren Euskal Herrian mamutak ehizatzen zituzten Homo sapiens-ak. Ez zen erraza mamut bat hiltzea. Animaliaren neurriagatik, indarragatik eta zuen arriskuagatik. Ehiztariak hil zitzakeen. Eta, gainera, behin ehizatuta ere, zer egin mamutarekin? Lau tonatik gorako animaliatzarra, mozteko, zatitzeko eta garraiatzeko zaila. Garai hartan kontserbatu ezin zutena, nahitaez ustelduko zena.

Garai hartan ohikoak ziren mamutak Euskal Herrian, baina salbuespena zen haiek ehizatzea. «Normalean ez zituzten ehizatzen», azaldu du Aritza Villaluengak. «Jokabide arraroa da. Arrisku gutxiago zuten animalien bila joaten ziren, harrapatzeko erosoagoak: oreinak, elur oreinak, zaldiak, bisonteak... Baina Izturitze kobazuloko [Donamartiri, Nafarroa Beherea] arrastoak ikusita, baieztatu dezakegu mamutak ehizatzen zituztela». Villaluenga EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasle atxikia da, eta Historiaurre ikerketa taldeko ikertzailea Arabako Campusean.

Europako ekialdean ohikoa zen mamutak ehizatzea. Hego-mendebaldean ez hainbeste. Goi Paleolitoan Borgoinako (Frantzia) Arcy-sur-Cure kobazuloan soilik egiaztatu dute halakorik. Arrasateko (Gipuzkoa) Labeko Koban ere badaude mamut gazteen arrastoak, baina uste dute animalia haragijaleek eramanak direla.

Donamartiriko Izturitze kobazuloan mamuten arrastoak daude. Mamut gazte baten omoplatoa edo sorbalda hezurra aurkitu zuten Christian Normand eta Alain Turq arkeologoek, 1998an egindako indusketan. «Inork ez zuen aztertu noizkoa zen, eta zer egiten zuen hor, kobazulo baten barruan», esan du, harrituta, Villaluengak. Iaz lortu zuten omoplatoaren lehenengo datazio bat: duela 29.000 urte ingurukoa da. Uste dute mamuta kobazulotik kanpo ehizatu eta, gutxienez, haren aurreko hanka bat kobazulora eraman zutela, jateko. Mamut hezur gehiago ere aurkitu zituzten.

Villaluengak zuzenduta, nazioarteko hogei adituko talde bat indusketa bat egiten aritu da Izturitze kobazuloan. Gaur bukatuko dute. Mamuten hezur gehiago topatu dituzte: «Hezur luzeen puskak. Ezin dugu ziurtatu, baina izterrezurrenak edo besahezurrenak izan daitezke. Esan dezakegu freskoak zirela, haragia kendu egin zietela eta puskatu egin zituztela, barruko muinaz elikatzeko. Mamut gazteen bi hagin ere aurkitu ditugu».

Mamutenak bakarrik ez, elur oreinen, zaldien eta, azken mailetan, azken izotzaldiko faunaren arrastoak ere aurkitu dituzte: elur oreinak, zaldiak, bisonteak eta leizetako hartzak. Hezur batzuen gainean suharrien markak ere bai, «haragia hezurretik banatzean egindakoak».

Kondarrak pilatzen

Kobazuloaren txoko batean aritu dira lanean. Villaluengaren eta taldearen hipotesia da Gravette aldian txoko horretan kondarrak pilatzen zituztela denbora luzean: «Bizitzen ziren eremuko lurra garbitu eta gero, han pilatzen zituztela aztarna materialak. Arrastoak maila arkeologiko ezberdinetan topatu ditugunez, pentsatzen dugu denbora luzez egin zuten zerbait izan zela, garai ezberdinetako gizataldeek joera bera izan zutela».

Donamartiriko Gazteluko muinoan daude Izturitze, Otsozelaia eta Erberua kobak. Giza taldeak bizi izan ziren bertan Paleolito Erditik (Homo neanderthalensis) Goi Paleolitora (Homo sapiens). «Bizileku garrantzitsua izan zen», nabarmendu du Villaluengak. «Badakigu lehen sapiens-ak duela 43.000 urte egon zirela Europako hego mendebaldean, eta Izturitzen aztarnak daude».

Kobazulo aberatsa da. Lehen arrasto arkeologikoak XIX. mendearen amaieran aurkitu zituzten, fosfatoak ustiatzen ari zirela. Aztarnategiaren zati bat suntsitu egin zuten. 1910eko hamarkadan hasi zituzten lehen zundaketak.

Kobazulo pribatuak dira. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian lurren jabeenak dira kobazuloak. Izturitze eta Otsozelaia zabalik daude turistentzat, bisitatu daitezke. Ibilbide bat dute antolatua: 1953an eskailera bat eta tunel bat egin zituzten Izturitzetik Otsozelaira jaitsi ahal izateko, batetik sartzeko eta bestetik ateratzeko.

Aztarnategi aberatsa izanda ere, bertan egiten diren indusketak oso mugatuak dira. Alde batetik, jabetza pribatua duelako. Bestetik, induskatzeko eremua txikia delako. Villaluengak zuzendutako taldea ia bi mila metro koadroko gela batean ari da lanean. Baina horietatik 1.600 XX. mendearen lehen erdian induskatu zituzten —material arkeologikoak desagertu dira—; 200-300 metro koadrotan ez dago lurrazalik; «eta, azkenean, 20-30 metro koadro geratzen dira induskatu gabe».

Bi metro koadro

Villaluengaren taldeak bi metro koadro induskatzeko baimena eskatu zuen, eta bi metro koadro horietan lan egin du hiru astez. Izturitze kobazuloan nor bizi zen eta zer egiten zuen ulertzea da arkeologo taldearen helburua. Eremu txikia izan dute lanerako, baina informazio ona lor zezaketela uste zuten, eta material asko aurkitu dute. Animalien eta gizakiek egindako tresnen arrastoak zenbatuta, 5.000 inguru, metro erdiko sakoneran.

Geruzaz geruza induskatuz, Aurignac aldiraino iritsi dira (duela 40.000-31.000 urte), Pirinioetan oso ondo ezagutzen ez den garaia. Aurten hasitako zuloan sakonago joan nahi dute. «Hurrengo garaia Paleolito Erdia da, Neandertalgo gizakia». Badakite Izturitzen Neandertalgo gizakiaren arrastoak daudela: «1911n zundaketa oso sakonak egin zituzten, zortzi metrokoak, eta Paleolito Erdiko arrastoak zeudela esan zuten. Material hori galdu egin zen».

Aurtengo indusketa posible izan da EHUko Historiaurre ikerketa taldearen eta Izturitze eta Otsozelaia kobazuloen jabeen arteko elkarlan akordioari esker. Akitania Berriko Arkeologia Zerbitzuak diruz lagundu du indusketa.

Lupa eta laborategia

Ez dute materialik alferrik galdu. Lur guztia garbitu eta bahetu egin dute. Geratzen diren harritxoak, hezur txikiak eta sedimentuak sailkatu eta gorde egingo dituzte, gero luparekin begiratzeko. Animalia txikien arrastoak izan daitezke, mikroornodunen —ugaztunak, anfibioak eta narrastiak— hezur edo hortz hondarrak. Edo suharrien zati oso txikiak, «mikroprintzak»: «Suharriak lantzen bazituzten, bi edo hiru milimetroko zatiak egoten dira lurrean, baina induskatzean ez ditugu ikusten». Polen edo ikatz arrastoak ere ager daitezke.

Induskatutako materiala bildu, eta patxada handiagoz aztertuko dute. Laborategiko lana hasiko da. «Unibertsitatera iritsi eta, azkar, maila estratigrafiko bakoitzeko gutxienez bi lagin bidaliko ditugu unibertsitate ezberdinetara, laborategiek karbono-14 proba egiteko», zehaztu du Villaluengak.

Gero, material guztia garbitu, sailkatu eta ikertuko dute. Material hori baliatuko dute, esaterako, hurrengo ikasturteko EHUko Historia graduko ikasleen praktiketarako. Horrez gain, arlo bakoitzeko adituek aztertuko dute: sedimentuak, materia organikoa, polena... Hiru aste egin dituzte Izturitzen. Askoz ere gehiago izango dira laborategian: «Oraindik urtebetez edo bi urtez aritu gaitezke lanean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.