Angel Erro.
JIRA

Ez da jolasa

2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez nau harrotasunez betetzen esatera noanak. Ohartu naiz egunotan etxean gelditu beharra jolas moduan hartu dudala nolabait. Eragozpenen bat ekarriko dit, baina ez berebizikoa. Etxetik lan eginen dut, gehienetan bezala. Galduko ditudan kanpoko lanek ez naute erreka joaraziko. Bitartean, etxeko terrazan bermuta, etxeko sofan telesail maratoiak, irakurraldi ahaztuak, kalean maskara, ilarak merkatuan... ginkana apokaliptiko batean banengo bezala. Baina mundu guztiak ezin du jolastzat hartu; koronabirusak hildako baino pobre gehiago utziko ditu. Sanitarioa beste larrialdi ekonomikoa da.

Espainiako Gobernuak asteburuan hartu dituen neurriak ikusita, irudipen antzekoa izan dut. Kontu sanitarioak gorabehera, ez ote dabilen Pedro Sanchez eta, Espainiako ezkerra oro har, estatu indartsu, zentripetu eta autoritarioa izatearekin jolasean. Larrialdi sanitarioan sublimatutako espainiartasun zentralista irudikatzearekin jolasean. Militarrak kalean, ez ospitaleetan, kalean! Birusak ez du lurraldeen berri, edo horrelako zerbait bota zuen Sanchezek. Gaixoaldia gaindituko badugu, elkartuta (unidos) egoteko deiak ez zeukan deus osasun aholkutik.

Nire etxezulo fantasiarekin bezala, funtsean honako hau ere ez da jolasa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.