Egun batzuk daramatzate, baina gaur zerrendak (joatear den urtekoak) agertzeko azken eguna denez gero, esperotzekoa da halako gorakada bat egotea gaur. Ia edozer gauzari buruzkoak egon badaude 2019ko zerrendak. Suposatzen dut kazetaritza genero erraza dela. Jende xehearengana iritsi da irrika, sare sozialak lagun. Urteko laburpenak ugaritzen dira, izan pertsonalak, herri mailakoak ala nazioarteko gertakarienak. 2019ko zerrenda burugabeenen zerrenda bat ere ikusi dut. Halako beste bat osatzeko tentazioak jo nau. Berez, zerrenda arruntenak ere aski asmo burugabe eta eskuraezina du oinarrian: denbora atxikitzea. Normala da urteko azken egunetan horren presa sartzea denoi. Urte amaierak digitu berri bat ekarriko digu, laster onartu eta duda-mudarik gabe ikasi beharko duguna, ozenki esateak minik ekarriko ez baligu bezala.
Hori gertatu bitartean ongietorriak izan bitez 2019ko zerrendak, denbora sistematizatu eta atxiki ahal dugulako (aurtengo) azken ispilatzeak. Bizi izandakoaren markagailua zeroan jartzeko aukera dagoelako ilusioa ere islatzen dutenak. Munduaren bidegabekeria oroimen selektiboaren eta momentuen kanonizazioaren bitartez nolabait berdintzea dagoelako irudipena.
JIRA
Zerrendak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu