Inoiz izan dut fantasia bat: loterian sari potolo bat irabazi eta nire lan eginbeharrak bestela antolatu ahal izatea; esaterako, eguneroko zutabe hau ez nuke abandonatuko, jakina, baina haren idazketa azpikontrata nezake, konfiantzazko mamu-idazle (talde) baten eskuetan utzita. Orain, gainera, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eman duen epaia ezagutu ondoren, badakit azpikontratatutako zutabegileak ez lukeela zertan euskaldun izan behar (zer nahiago duzue, bada, iritzi emaile ona ala euskalduna?).
Logika guztiaren kontrakoa ematen du, baina zer nahi duzue, azkenean testu hauen jasotzaileak zareten herritarren hizkuntz eskubideen gainetik omen dago euskara ez inposatzekoa, edo horrelako zerbait, gaizki ulertu ez badut.
Barakaldoko Udalaren kasuan nabarmendu diren behargabekerien artean bada bat, nik dakidala, oraindik inork aipatu ez duena, beharbada salagarri denaren itua okertzen edo ugaritzen duelako: udalek eman beharreko zerbitzuak azpikontratatzeko duten joera gehiegizkoa. Sektore pribatua malguagoa omen delako egiten da; malguagoa, lan baldintzetan, babesean, prezioan. Hizkuntz eskubideetan ere malguagoa izateak kasik berez datorren korolarioa ematen du. Asalda gaitezen, baina ez bakarrik horretaz.
JIRA
Azpikontratua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu