Zer nahi duzue esatea, Gazan guztia lurrarekin berdinduko duen bonba atomikoa jaurtitzearena agian ez da hain ideia txarra. Hala proposatu du Israelgo ministro batek; kargutik kendu dute,ez dago argi halakorik bururatzeagatik ala botatzeagatik. Baina ideia hor da.
Egia da denok uste genuela gizadiak lezioa ikasia zuela, ez zela berriz gertatuko. Hala zioten denek (agintariek Hiroshimako omenaldietan, esatariek Bigarren Mundu Gerrari buruzko dokumentaletan). Sinetsia genuen, beraz, arma nuklearrak ez zirela atzera erabiliko, disuasiozko argudio gisa ez bada.Baina ez dezagun ukatu daramagun martxan agian aukera onena dela. Argi da Israelek ez duela gelditzeko asmorik eta nazioartean inork ez duela deus egin behar gelditzeko. Beraz, bonba atomikoa izan daiteke atzerakorik ez duena lehenbailehen amaitzeko bidea. Horixe pentsatuko nuke nik Gazan banengo, noiz hilko zain.
Bestetik, behin jaurtita, eta etsaia behar bezala bentzututa, Israelek damutzeko aukera luke; eta Mendebaleko herrialdeak haiei armak bidaltzen jarraitzeko itsuskeriatik libratuko lituzke. Denek bake mundialaren aldeko ekitaldietan parte hartu ahalko lukete, «horrelakorik ezin da berriz gertatu» intonatuz. Eta baliteke ordukoa benazkoa izatea.
JIRA
Bonba atomikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu