Gazte kuadrilla batek kanta bat atera du modako estilo urbanoan, eta euskalgintzak bere burua salbatuta ikusi du. Iruñekoak omen dira, gainera. Edo Otsagikoak. Edo Trebiñukoak. Horrek salbazio efektua biderkatu egiten du. Estratega soziolinguistikoak bide-orriak marrazten hasi dira. Goizegi da Argia sarietarako proposatzeko?
Lehen bideoklipa ateratzean piztutako nagusikeriazko entusiasmoa nagusikeriazko nagusikeria bihurtu da. Eszena berritu dezatela, ados, baina denok adostutako bidetik, denok onartutako mezua islatuta. Katea ez dezatela eten. Alegia, etetea aldarrika dezatela, baina ez daitezela hortik pasa. Euskaldunok aniztasuna eta periferia maite ditugu, noski, baina, Iban Zalduak esan bezala, «azkenean guztia kale berera eraman behar dugu». Ezer berririk ez.
Iritzi bat osatzeko asmoz kanta entzutera jarri eta, ezer berririk ez, Xabier Leteri eginiko enegarren omenaldia. Bada kopla zaharrak edo horrelako baliabide etnoa erabili gabe probokatzailea izan nahian euskal intelektosfera probokatzera hel daitekeen ekoizpenik? Antzeko musika euskaraz egiten ari diren eta hainbesteko oihartzuna lortu ez duten bestelako kasuak ikusita, badirudi ezetz.
Ezer berririk ez laino guztien azpitik.
JIRA
'Nihil novum'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu