Angel Erro.
JIRA

Laugarrenean

2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Federico Garcia Lorcaren azken argazkia izan daitekeena, koloreztatuta, zabaldu dute egunotan, 1936ko udan hartutakoa, eguna zehaztu gabe. Gerra zibila, seguruenik, lehertu aurretik, uztailaren 14an iritsi baitzen Granadara, Madrildik, gaueko tren espresean, eta zuzenean familiakoen San Vicente Baratzera joan zen. Argazkian solaskide duen gizona oso zeharka ikusten da. Mehea dirudi, eta betaurreko biribilak daramatza. Ana Isabel Moralesek Lauaxetaren antza hartzen diola bota du. Ederra litzateke. Lauaxetak Lorcari zion miresmena ezaguna da. Haren estiloko olerkiren bat osatu zuen eta, memoria ameskeriatan ez badabilkit, nonbait irakurri dut harekin kontaktuan jartzen saiatu zela, baina alferrik. Gaur esnatu naiz Morales zuzen egon daitekeelako bihozkadarekin. Horrelakoak gertatu ohi dira. Historia berridaztera behartzen duten aurkikuntzak.

Egunotan iragarri dute, laugarrenez, saiatuko direla Lorcaren gorpuzkiak aurkitzen, ikerketen aieru berriei jarraituz. Ez al da esanguratsua, ez al du Espainiako historiaz asko irakasten, mausoleo batean datzan Franco egunotan ere lurpetik atera beharrak? Patuak zuzenduko ahal dira. Enegarrenean. Eta bide batez, zergatik ez, Lauaxetarekikoa ere argituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.