Gerraren eta gatazkaren zulo beltza atzean uzten ari da gutxinaka Irak. Urte luzez gerrak baldintzatuta egon da herrialdea eta, beraz, ekonomia, eta guztiz etenda egon da garapena. Azken urteetan, baina, etengabeko gatazka horrek indarra galdu du, eta giro bare samar hori aprobetxatzen ari da. Horren seinale da maiatzaren amaieran Irakeko Gobernuak iragarri zuen proiektua: abiadura handiko tren batek herrialdea alde batetik bestera zeharkatuko du, Persiar golkoko urak Turkiarekin konektatuz; Garapenaren bidea izango du izena.
2029rako amaituta egotea espero dute, baina baliteke luzatzea. Izan ere, proiektuak Kurdistandik igaro behar zuen hasieran, baina bi arrazoirengatik ez du hala egingo, Irakeko lehen ministroaren bozeramaileak azaldu zuenez. Lehenik eta behin, inguru menditsua da Kurdistan, eta kostuak handitzeaz gain, proiektua atzeratuko luke. Bestalde, Kurdistango eskualde autonomoko agintariek aurrez esan zuten trena ez zela beren lurretatik igaroko.
17.000 milioi dolarreko kostua izango du proiektuak, eta 1.200 kilometro inguruko trenbide bat egingo dute hego-ekialdetik iparraldera. Abiadura handiko trena izango da, eta, merkantziak garraiatzeaz gain, pertsonak garraiatzeko trenak ere egongo dira, herrialdeko mugikortasuna bultzatzeko. Orduko 300 kilometro hartzeko moduko trenak izango dituzte.
Garapenaren bidea izena, hain zuzen ere, azpiegitura horrek izatea nahi duten eginkizun estrategikoagatik eman diote. Zetaren bidearen antzeko izen bat aukeratu dute, bide sare horrek iraganean izan zuen inportantzia berretsi nahian.
Suezko kanala
Herrialdea iparraldetik hego-ekialdera zeharkatuko du trenbide berriak, petrolio hobi ugari dituen eskualdeak Turkiarekin lotuz. Kanal lehorra ere izendatu dute, eta Ekialde Hurbilean garrantzi handia hartzea espero dute, Suezko kanalari lehia eginez. «Garapenaren bidea ez da merkantziak eta bidaiariak garraiatzeko bide soil bat. Bide horrek garapenaren atea zabalduko die Irakeko eremu zabalei», adierazi zion maiatzean Reuters informazio agentziari FarhanAl-Fartousik, Irakeko Portuen Konpainiaren zuzendari nagusiak. Garapenari bultzada emateaz gain, bide komertzial berriarekin eskualdeko herrialdeen arteko kooperazioa ere bultzatu nahi du gobernuak.
Trenbidea, baina, ez da garapen horretan gobernuak bultzatu duen proiektu bakarra. Irakek kostalde murritza du, Persiar golkoan dagoen Faw penintsulan bakarrik baitu itsasorako sarbidea, baina ondo baliatzen ari dira, portu handi bat eraikitzen ari baitira han. Grand Paw Port izena du, eta Asiaren eta Europaren arteko merkantzia trukean puntu garrantzitsuenetariko bat izateko helburua du. Gutxinaka ari dira eraikitzen, baina olatu hormak amaituak dituzte. Munduko hormarik luzeena da: 14,5 kilometro luze da.
Merkataritzari bultzada emanez, ekonomia dibertsifikatzeko asmoa ere badu gobernuak. Izan ere, petrolioa da Irakeko ekonomia mugitzen duen lehengaia, BPG barne produktu gordinaren %42,8 izan baitzen 2021ean, Munduko Bankuaren arabera. Hori dela eta, erregai fosilen menpekotasuna apaldu nahi du gobernuak; herrialde garatu asko egiten ari diren trantsizio ekologikoak nahi hori handitzen du, gainera.
Ekialde Hurbileko arazoa
Trena ez da Iraken hedatuena dagoen garraiobidea; ezta Ekialde Hurbilean ere. Irakek 2.400 kilometro trenbide inguru ditu gaur egun, milioi bat biztanleko 52 kilometro. Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, 120 bider trenbide kilometro gehiago dituzte, 293.000 kilometro. Txinak 131.000 kilometro trenbide ditu, 87.000 Errusiak eta 78.000 Kanadak.
Trenbide kilometro gehien duten herrialdeen zerrendan 23. postura egin behar da behera Ekialde Hurbileko lehen herrialdea ikusteko : Turkia (10.000 km). Iran dago ondoren, 25. postuan, eta Saudi Arabia doa gero, 36. lekuan. Hala ere, eskualdeko hainbat herrialde gero eta trenbide gehiago egiten ari dira, Saudi Arabia batez ere: Meka eta Medina hiriak lotzen dituen abiadura handiko trena horren adibide da.
'Kanal lehorra' Iraken eta Turkiaren artean
Irakeko Gobernuak Persiar golkotik Turkiako mugara iritsiko den trenbide bat egingo du abiadura handiko trenarentzat, 1.200 kilometrokoa, 17.000 milioi dolarren truke. Herrialdea garatzeko gakoetako bat izatea nahi dute agintariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu