Wikipedian bilatu behar izan dut lazo urdinarena noiz hasi zen. Hil berri den Jose Maria Aldaia ETAk bahitu zuenean abiatutako kanpaina izan ote zen duda sartu zait. Bi urte lehenago izan zen, ordea, 1993an, Julio Iglesias Zamoraren bahiketarekin. Aldiz, ez dut topatu lazo urdinari erantzunez (zeinak Askatu edo Askatasunaren lehen letra irudikatu nahi omen zuen) sortutako Euskal Herria Askatu plastikozko txapa laukizuzena noizkoa den. Suposatzen dut Aldaia askatu leloek copyrighten bat hautsi zutelako irudipena eraginen luketela. Gatazketan hitzak elkarri lapurtzen dizkiote bandoek: esaterako, atxiloketa eta kartzela politika deitzen die Mikel Antzak bere azken liburuan bahiketei.
Gogoan dituzue garai horiek? Bitxia da, baina nik ordukoaz, ez gehien, baina bai argien gogoratzen dudana da paparrean bi sinboloak, lazoa eta txapa, eramaten zituen jendea, argitu nahian-edo zerbaiten alde egoteak bestearen kontra egotea ez zekarrela. Hori pentsarazten zidan niri; berez, edo logikaz, zerbait agerikoa izan arren.
Ez naiz neure memoriaz fio, neure buruaz orain (eman nahi) dudan irudiak kutsa baitezake, baina esanen nuke orduan ez nuela ez bata ez bestea jarri; ez nago, beraz, zutabe honi ondoriorik eskaintzeko moduan.
JIRA
Lazo urdina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu