Urte honetan dirua irabazten jarraituko dute hegazkin konpainiek, baina aurreikusi baino gutxiago, kostuak handitu direlako, merkantzia garraioa murriztuegin delako merkataritza gerren ondorioz, eta Boeing 737 Max hegazkinak lurrean eduki beharrak galerak eragingo dizkielako.
Munduko airelinea gehienak biltzen dituen IATA Nazioarteko Aire Garraioko Elkarteak asteburu honetan egingo du urteroko biltzarraren harira esan du berriz ere apaldu egingo dituela urte honetarako aurreikuspenak. Abenduan egin zuen lehen murrizketa. Esan zuen airelineek 38.000 milioi dolar (34.000 milioi euro) irabazi beharrean 35.000 milioi dolar irabaziko dituztela 2019an.
Airera itzultzeko egutegi argirik gabe jarraitzen dute Boeing 737 Max hegazkinek, eta horrek eragin zuzena izango du airelineen emaitzetan. Bi istripuren ostean, haiek lurrean uztea erabaki zuen AEBetako arautzaileak, FAA Abiazioko Administrazio Federalak, eta oraindik ez die hegan egiteko baimena itzuli. Hori bai, joan den astean egindako bilera batean FAAk azaldu zuen baimen hori ekain bukaeran irits daitekeela.
Baimena izatea, ordea, ez da nahikoa izango Boeing 737 modeloa airean ikusteko. Hori baino lehen, aire konpainiek hegazkinak prestatu beharko dituzte, eta horrek 100-150 orduko lana hartuko du. Era berean, euren pilotuak ere entrenatu egin beharko dira software berria menperatzeko.
IATAk ere ez du espero Boeing 737 hegazkinak laster aireratzea, ez behintzat abuztua baino lehen. Eta Boeingen bezero handienek ere —United Airlines, Southwest Airlines eta American Airlinesek— ez dute 737 Maxen hegaldirik aurreikusten abuztura arteko euren operazio egutegietan.
Airelineek igarriko diote merkataritza gerrari eta Boeingen krisiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu