Burujabetza eta euskara, bide beretik

Hamaika Gara egitasmoak eta BERRIAK antolatutako solasaldi zikloko 'Hizkuntza eta politika, normalizazioa helburu' mahai inguruan esan dutenez, euskal komunitateak ez dauka nahikoa baliabide hizkuntza politika propioak erabaki eta garatzeko.

Ubeda, Segurola, Bilbao eta Zabaleta, atzo, Hamaika Gara eta BERRIAk antolatutako mahai inguruan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Zer eragin dauka burujabetza gabeziak hizkuntzaren normalizazioan? Euskararen ikuspuntutik, zertarako behar dugu burujabetza? Zer ekarpen egin diezaioke euskalgintzak burujabetza prozesuari? Horren inguruan hausnartu zuten atzo Hizkuntza eta politika, normalizazioa helburu mahai inguruan. Eta gaia udal mailako, zuzenbideko eta kulturgintzako ikuspuntuetatik aztertu zuten. «Gure hizkuntzarekin lotuta dauden erabaki asko, zoritxarrez, Madrilen edo Parisen hartzen dira. Gure komunitateak ez du askatasun osoa bere hizkuntza politikaren inguruan erabakitzeko», adierazi zuen, saio hasieran, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.



Euskal komunitatea estutzen duten hiru gerriko irudikatu zituen Bilbaok: Espainiako eta Frantziako estatuen botere legegilea, betearazlea eta judiziala. Eta horien bidez, euskal «komunitateak garatu nahiko lukeen hizkuntza politika erabakitzeko» askatasuna lausotzen dela azpimarratu. Egun, gaztelaniaren derrigorrezko ezagutza eta erabilera inposatzen dela esan zuen. Haren arabera, erabakitzeko eskubideaz aritzean, hizkuntzaren gaia erdigunean kokatu behar da. Bilbaoren hitzen inguruko hausnarketa egin zuen Eneritz Zabaleta zuzenbidean doktorea denak, eta adierazi hizkuntza komunikazio ekintza bat dela, baina zuzenbidearen besapean sartzen denean, «botere elementu bat» ere bihurtzen dela.

Burujabetza gabeziak hizkuntzaren normalizazioan dituen ondorioei heldu zieten, ondoren, hizlariek. Miren Segurola Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko koordinatzailearen esanetan, burujabetzarik ezak lurralde zatiketa ekarri du, eta, besteak beste, horrek eragin du «egoera soziolinguistikoaren bilakaera erabat ezberdina izatea eremu horietan». Uemak berak ezin du gaur-gaurkoz «normalizazio prozesuan beharrezkoak diren» egitura nazionalik eratu, muga eta zatiketa administratibo horiengatik.

Mankomunitatea osatzen duten udalen asmoetako bat da euskararen normalizazioan eredu izatea, eta horretarako ezartzen dituzte hizkuntza irizpideak. Horiek, garai batean, ordenantzekin arautzen zirela aipatu zuen Segurolak, baina atzera egin behar izan zutela «bataila juridiko neketsu bat» bihurtu zelako. «Egunero zetozen ordenantza horien aurkako epaiak». Gaur egun, «erabilera planen bidez» arautzen dituzte, baina adierazi du «surfean» aritzen direla irizpide horiek idazten, berehala kontrako epairik ez jasotzeko.

Sortzaileen ikuspuntutik hitz egin zuen Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak. «Euskaraz sortzen duena berea ez den kultur sistema batean dago murgilduta, ezinbestean. Eta, toki askotan, bera da arrotza. Sortzen duena oso modu baldintzatuan erakutsiko da, eta toki jakin batzuetan bakarrik». Zabaletak estatuen menpeko izateak dituen ezaugarrien eta «kontraesanen» inguruan sakondu zuen. Ipar Euskal Herrian, frantsesa Frantziaren subiranotasunaren parte dela adierazi zuen, eta ordenamendu juridiko guztia pentsatuta dagoela frantsesaren «monopolioa» babesteko. Bestalde, Espainiaren «berdintasun juridikoa» kritikatu zuen. Haren ustez, ez du kontuan hartzen bi hizkuntzak, euskara eta gaztelania, ez daudela egoera berean. «Bata inposatua da, eta bestea jazarria».

Eta, bide horretan, zer ekarpen egingo luke burujabetzak? Argi du Segurolak: «Hasteko, maila nazionalean hizkuntza politika bateratu bat egiteko gaitasuna emango luke». Ubedaren ustez, burujabetzak hizkuntzen arteko harremana zein izango den erabakitzea ahalbidetuko luke, «berdintasuna ez delako existitzen». Egungo legediak ezartzen duen simetriaren aurka jo zuen: «Gezur handi bat da. Hizkuntza gutxiagotuen aurka sortutako gauza bat da». Arlo juridikoan, berriz, «gure buruari begira jartzeko aukera» ematen duela azpimarratu zuen Zabaletak, eta, beraz, hizkuntzaren aldetik nolako herria nahi den erabakitzeko ahalmena.

Alderantzizko ariketa eginda, Segurolak adierazi zuen euskalgintzak burujabetzari egin dion ekarpenik inportanteena izan dela gaur egungo markoaren «topeak erakustearena; mugak agerian uztearena». Hala erantsi du Ubedak, kulturgintzatik eutsita: «Euskaldun garen neurrian, euskarak eman digu burujabetzarako arrazoirik garrantzitsuena. Eta euskara kulturak bizitzen du. Kultur sorkuntzarik gabe euskarak nekez egingo luke aurrera». Gainera, Zabaletak esan zuen euskalgintzari dagokiola burujabetzaren eztabaida horretan proposamenak egitea, proiektu bat lantzea, fintzea eta beste: «Ekarpena egin behar du lan sozialetik, instituzionaletik, jakintzatik, esperientziatik...». Bide beretik doaz burujabetza eta euskararen normalizazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.