EAJko eta PSE-EEko zuzendaritzek «erakundeen egonkortasunerako» ituna sinatu zuten 2013ko irailean, eta 2015eko udal eta foru hauteskundeen ostean hasi ziren ituna instituzioetara eramaten; EAJren aldetik ere, pitzadurarik gabe batere, herrialdeetan joera subiranistak desberdinak izan arren. Gipuzkoako datorren legealdiak ere itxura bera dauka, botoek ahalbidetuz gero: EAJ-PSE gobernu akordioak.
EAJ
Hautagai nagusiei erreparatuz behintzat, EAJ buru berekin aurkeztuko da Gipuzkoan hilaren 26ko hauteskundeetan: ahaldungai nagusi Markel Olano —egungo diputatu nagusia— eta Donostiako alkategai Eneko Goia —egungo alkatea—. Aliantza eredua ere garbi du: PSE-EErekin berriro. «Egonkortasuna» nahi du, eta hala esaten du, garden. Azken urteetako emaitza onei segida eman nahian, bilatuko du herritarrek ikustea «eredu talka» dagoela EH Bilduren —«ezker abertzalea» deitzen diote jeltzaleek— eta EAJren artean, Olanok azaldu duenez. Uste du EH Bilduren eredua «konfrontazio handikoa» dela, eta EAJren ardatzak direla «gertutasuna, elkarrizketa, kudeaketa zorrotz eta arduratsua...». 2015ean, gatazka handi bat zegoen Gipuzkoan: hondakinen gestioarena. Beste eragile batzuen laguntzarekin, EAJk unea baliatu zuen, bere aldeko mobilizazioa lortuta. Orain, ez dago tamaina hartako gatazkarik. EAJk mobilizazioaren aldeko mezuak zabaldu ditu. Udalerrietan, begiz joak dauzka Irun eta Eibarren gisako hirigune handiak, PSE-EEren eremu klasikoak.
EH BILDU
Aldaketekin dator EH Bildu: diputatugai nagusi Juan Karlos Izagirre da; Donostiako alkategai, Reyes Karrere —kasu horretan, 2011-2015eko alkate eta azken alkategai Izagirreren partez—. Halaber, nahi du Gipuzkoako politika aldatzea: «pertsonak erdigunean» jarri, eta politika sozialak gehiago bultzatzea, «berdintasuna» bilatzea, azpiegitura handi batzuk ez sustatzea... Kostatuko zaio EAJren aurretik geratzea: 2011ko maiatzeko bozetako tsunamiaren ostean, EH Bildu izan zen Gipuzkoan bozkatuena EAEko (2012) eta Europako (2014) hauteskundeetan; EAJ bigarren utzi zuen, baina, harrezkeroko bozetan, EAJk hartu izan dio aurrea. Alkatetza batzuk berreskuratzea ere badu xede EH Bilduk. Arrasatekoa galtzeak min berezia eman zion duela lau urte —autokritika ere egin zuen han—. Bestetik, ikusteko dago Errenterian —39.000 biztanle; Gipuzkoako hirugarren udalerririk handiena— Julen Mendoza alkategai ez izateak galerarik ekarriko dion, eta han PSE-EE, irabazle ez balitz, zenbateraino saiatuko den EAJrekin-eta agintea lortzen. Andoaingoa ere ikusgai legoke; 2015ean, EAJko zinegotzi batek ez zuen ahalbidetu PSEk hartzea alkatetza, eta EH Bilduk segitu zuen agintean.
PSE-EE
Lau helburu izango ditu PSE-EEk hauteskunde hauetan: Espainiako azken bozetako emaitza onen olatu gainean segitzea —Gipuzkoan, %18,8—; Elkarrekin Podemosen aurretik geratzea —2015eko foru bozetan PSE-EEk Ahal Dugu-ri hamasei mila botoko aldea atera zion; joan den apirilean, Espainiakoetan Elkarrekin Podemosi sei mila pasakoa —; herrialdeko hirigune handietako botere instituzionalari eustea —Irun, Eibar eta Lasarte-Oriakoari, baita beste bi biri ere: Pasaia eta Zumarragakoari—; eta, babes elektoral garrantzitsu batekin, foru eta udal batzuetako gobernuetan segitzea EAJrekin, nahiz eta Gipuzkoako PSE-EE barruan guztiak ez dauden eroso. Hautagai nagusien artean, aurreko kartel bera aurkeztu du: Denis Itxaso ahaldungai nagusi, Ernesto Gasco Donostiako alkategai; eta aipatutako beste bost udalerrietan ere ez du egin aldaketarik.
ELKARREKIN PODEMOS
2015ean, Ahal Dugu-k %12,2ko babesa jaso zuen foru bozetan; laugarren indarra. Udalekoetan, ez dago jakiterik, ez zelako bere izenpean aurkeztu. Orain bai; eta, gainera, Ezker Anitza-IUrekin eta Equorekin indarrak batuta, Elkarrekin Podemos modura. EH Bilduk bezala, gaur-gaurkoz ez dauka aliantzetarako hautu bat egina. Errenterian, Ahal Dugu-ren taldeak eta EH Bilduk udal gobernua osatu dute, baina kasu bakana da. Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusia hizketan hasi da halako ereduaren alde. Gipuzkoan eta hirigune handietan aliantza esanguratsua litzateke.
PP
Orain lau urte, PP hezurretan geratu zen Gipuzkoan, batzarkide bakarra lortuta —Donostialdeko barrutitik, Juan Carlos Cano—. 19.395 boto batu zituen, %5,5. Aurreko legealdian, lau batzarkide izan zituen; beherakada nabarmena, beraz. Duela lau urtetik ere beherantz doa PP, Eusko Legebiltzarrerako eta Espainiako Gorteetarako azken bozetan ikusi denez. Orain, aukera bat da Gipuzkoan batzarkiderik gabe geratzea. Donostian, Borja Senper alkategaia ukitu propioko kanpaina egiten ari da, eta, herrialdeko PPko presidentea izanik, jokoan izango du etorkizun politikoa ere.
BESTEAK
Espainiako azken hauteskundeetarako, Vox Gipuzkoan aurkeztu zen, hartarako sinadurak ozta-ozta lortu ondotik —bozetan, 6.683 boto lortu zituen, %1,6—, baina, orain, ez da forukoetan izango. Baina Donostian bai, kasurako. Ciudadanos berriro aurkeztuko da herrialdean. Duela lau urte, %1,5 bildu zuen, batzarkiderik ez, eta orain ikusi egin beharko da PPren krisiaz baliatuko den barrutiren batean gutxieneko %3ra iristeko —horra heltzeak ez du aulkirik ziurtatzen, ordea—. Gorteetarakoetan, %2,8ko sostengua izan du Gipuzkoan.
Nafarroa. Aldaketaren estres testa
Araba. Aukera guztiak zabalik
Bizkaia. Urak bare segitzen du
Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa
Itxura berekoaren bila
EAJk eta PSE-EEk elkarrekin segitu nahi dute foru eta udal handietako gobernuetan; ikusteko dago EH Bildu eta EP aliatuko diren ala ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu