Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Bizkaia

EAJk bere nagusitasuna indartu du Bizkaian, lau diputatu lortuta

Elkarrekin Podemosek galdu duen diputatua eskuratu dute jeltzaleek, baina PPrekin lehia estuan ibili ostean. PSEk eta EPk behera egin dute, eta EH Bilduk eta PPk, berriz, gora

EAJk bere nagusitasuna indartu du Bizkaian, lau diputatu lortuta.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun

EAJ nagusi da Bizkaian. Berez, hori ez da albistea, EAJ irabazle izatea bere gotorleku historikoan ohikoa izaten baita, baina EAJren Bizkaiko hegemonia are argiagoa egiten dute garaipen hori Espainiako hauteskundeetan izateak —normalean, ez dira horiek izaten bozik aldekoenak alderdi abertzaleentzat—, ehunekoetan gora egiteak —botoen %100 zenbatuta, %34,34tik %35,27ra pasatu dira jeltzaleak, 221.171 boto orotara— eta, batez ere, igoera horrek beste diputatu baten saria ekartzeak —hirutik laura—.

Inkesta guztiek iragartzen zuten Elkarrekin Podemosek behera egingo zuela, eta diputatu bat galduko zuela Bizkaian. Zalantza zen diputatu hori noren aldera eroriko zen. Apirileko hauteskundeetan, Elkarrekin Podemosen eta EAJren artean egon zen azken diputatua; beraz, logikoa zirudien jeltzaleek eskuratzea azken diputatu hori. Baina PPren gorakadak arriskuan jar zezakeen, eta hala gertatu da: zenbaketaren hasieran, botoek PPri ematen zioten diputatu hori. Gero, datuak iritsi ahala, EAJren eskuetara igaro da, baina zenbaketa osoan oso lehia estua egon da bi alderdien artean. Azkenik, 163 botoren aldeari esker, EAJrentzat izan da diputatua, baina kontua ez da erabat argituko atzerritik bidalitako botoak jaso arte.



PSE-EE izan da bigarren zerrenda Bizkaian, beherakada txiki batekin apirilean jasotako botoekin alderatuta: %19,88 lortu zituen orduan, eta %19,12 orain. Horri esker, lehen zituen bi diputatuei eutsi diete sozialistek. Handiagoa izan da Elkarrekin Podemosen beherakada: 25.000 galdu dituzte, %17,72tik %15,40ra pasatu dira. Horren ondorioz, lehen zituzten bi diputatuetatik bat galdu du Roberto Uriarte buru duen zerrendak.

EH Bilduk, gora

EH Bilduk gora egin du Bizkaian. Apirilean baino 2.500 boto gehiago eskuratu ditu, eta hori oso datu esanguratsua da, kontuan hartuta abstentzioa handitu egin dela; parte hartzea %72,85 izan zen apirilean, eta %69,34 oraingoan. Izan ere, EH Bildu eta PP dira boto kopuruan gora egin duten bakarrak.

Kontu batek ilundu dezake EH Bilduren emaitza: Espainiako Kongresuan talde parlamentarioa lortzeko bost diputatu behar dira, eta EH Bilduk baditu, baina, horrez gain, aurkezten den barruti bakoitzean gutxienez botoen %15 lortu behar dira. Bizkaian, ozta-ozta gainditzen du langa hori —%15,05 eskuratu ditu—, eta, beraz, atzerritik bidalitako botoen zain gelditu beharko du EH Bilduk talde parlamentarioa lortzen duen ala ez jakiteko.

Azkenik, PPk gora egin du, bai kopuru absolutuetan —5.000 boto baino gehiago—, baita ehunekoetan ere, baina kontsolamendu eskasa da hori azkenean diputaturik lortzen ez badu, horrek esan nahiko lukeelako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PP ordezkaritzarik gabe gelditu dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.