Osakidetzako Administrazio Kontseiluak urte hasieran onetsi zuen Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana, eta atzo, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak dokumentuari buruzko xehetasunak eman zituen Eusko Legebiltzarrean. Azaldu zuenez, euskararen erabilera bermatzeko hiru esparrutan jarriko dute arreta: osasun zerbitzuan, lan eremuan eta hizkuntza kudeaketaren sisteman. Planak 2028ra arte iraungo du, eta Osakidetzako zerbitzu guztietan ezarriko da.
Plan berriaren helburu nagusietako bat da herritar guztiek adieraztea zer hizkuntzatan jardun nahi duten harremanetan Osakidetzan. Osasun Karpeta da tresnarik azkarrena harrera zein hizkuntzatan jaso nahi den erregistratzeko, eta egun pazienteen %70ek baino gehiagok —1,6 milioi pertsonak— daukate adierazita. Sagarduik emandako datuen arabera, herritar horietatik %20k dute zehaztua arreta euskaraz jaso nahi dutela —330.000 herritar inguruk—. Hala ere, planaren amaierarako lortu nahi da erabiltzaile guztiek Osakidetzarekin lehentasunezko komunikazio hizkuntza erregistratua izatea.
Ikusi gehiago:Euskarazko zirkuituek epe eta betebehar zehatzak behar dituzte, Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren arabera
Herritarrek hizkuntzari dagokionez zer lehentasun dituzten jakiteak modua emango dio Osakidetzari «asistentzia mailetan behar diren osasun zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala» antolatu ahal izateko, lehen mailako arretan, arreta espezializatuan eta buru osasunean. Planean zehaztu dutenez, euskara lehentasunezkotzat jotzen duten pazienteen kasuan, euren identifikazio elementuetan hala adieraziko da.
Helburu horri lotuta dago ondorengoa ere: Osakidetzak «modu aktibo eta sistematikoan» eskainiko die euskarazko arreta herritar euskaldunei. Planean jasota dago zein neurri jarriko diren abian xede hori erdiesteko. Paziente eta erabiltzaileekiko harreman telematikoei dagokienez, Osakidetzak ziurtatu egin beharko du komunikazio teknologien bidezko informazioa eta zerbitzuak bi hizkuntza ofizialetan egotea, herritar bakoitzak nahi duen hizkuntzan jardun dezan. Dokumentazio klinikoari dagokionez, berriz, paziente bakoitzari dokumentu klinikoak euskaraz, gaztelaniaz edo ele bitan emango zaizkiola bermatuko da, planak dioenez.
Ikusi gehiago:Urkulluk «konfiantza» du: Donostialdeko ESIan sortu den krisia konponduko dute
Euskarazko arta hobetze aldera, lehen mailako arretan prozedura bat martxan jarriko da euskara lehenetsi duten pazienteei familia mediku, pediatra, erizain eta emagin euskaldunak eskaintzeko, eta ospitaleetan, espezialitate bakoitzean zenbait profesional izendatuko dituzte euskara lehenetsi duten pazienteak artatzeko.
Osakidetzan euskara normalizatzeko 2003an hasitako prozesua da plan berriaren abiapuntu, eta, haren ebaluazioa eginda, euskararen erabilerari eta ezagutzari buruzko hainbat datu eman zituen Sagarduik. Jakinarazi zuen Osakidetzako langileen erdiek pasatxok beren lanpostuari dagokion euskara maila egiaztatuta daukatela. %52 dira baldintza hori betetzen duten langileak: duela hamar urte halako bi.
«Hitz politetatik harago»
EH Bilduren izenean, Rebeka Uberak begi onez ikusi zuen planaren asmoa, bereziki euskarazko arreta «modu aktiboan» eskaintzeko helburua, baina ohartarazi zuen neurriak «anbiguotasunez» josita daudela eta horiek betetzeko eperik ez dela zehazten. Planaren betetze mailarekin kezka agertu zuen Uberak, eta gogora ekarri aurreko plana ez zela erabat gauzatu. Hori hala, «hitz politetatik harago» urratsak egitea galdegin zion Osasun Sailari.
Osakidetzak hizkuntz eskubideen aldeko pausoak ematea txalotu zuen Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak, baina errealitate soziolinguistiko ezberdinak aintzat hartzea galdegin zuen. PP+C's-k eta Voxek, berriz, euskara «inposatzea» egotzi zioten Osakidetzari, eta euskara «naturaltasunez» ezartzearen alde egin zuten.
Euskara planari egindako kritikak alboratu zituen Sagarduik, eta hizkuntzaren «erabilera politikoa» egitea aurpegiratu zien PP+C's eta Vox alderdiei. Halaber, azpimarratu zuen Osakidetzan ez dela euskara inposatzen, eta plaza batzuen profilak ezartzean errealitate soziolinguistikoa kontuan hartzen dela.
Pazienteen %20k esan dute arreta euskaraz jaso nahi dutela Osakidetzan
Euskarazko arreta «modu aktibo eta sistematikoan» eskaintzea du xede euskara plan berriak. Osakidetzako profesionalen %52k daukate egiaztatuta euskara maila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu