Ingurumena. Luizia Zaldibarren

«Zuloaren» barrunbeak

Ingurumen baimen bateratua zenbateraino betetzen ari ziren neurtzeko hiru ikuskatze egin ditu Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegian. 2019an bakarrik atzeman zituen hutsegite larriak, baina haren jardueraren irregulartasunak askoz lehenagokoak ziren.

Zaldibarko zabortegian sua, atzo goizean hartutako argazkian. LUIS TEJIDO / EFE.
inaki petxarroman
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun

Tantaka bada ere, argitzen ari dira Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiak urteetan egindako irregulartasun batzuk. Esate baterako, Jaurlaritzak berak aitortu du 2019ko ekainean egindako ikerketan irregulartasun larriak topatu zituztela zabortegiaren jardueran, eta, hori dela eta, isun bat jartzekotan zeudela. Besteak beste, 2019ko ikuskatze txostenean, ingurumen baimen bateratuaren (IBB) betetze «maila txikia» egotzi zioten Verter Reciclyng 2002 enpresa kudeatzaileari. Esate baterako, «baimendu gabeko hondakinak» izatea, legezko eremua baino handiagoa erabiltzea eta metano isurketak behar bezala ez neurtzea egotzi zion Jaurlaritzak. Halaber, ur babesarekin zerikusia duten arau-hausteak ere jaso zituen gobernuak, eta baita zabortegiek izan beharreko baldintza bereziekin zerikusia dutenak ere.

Orduan pitzaduren eta lur ezegonkorren berririk ez zuela ziurtatu du Jaurlaritzak. «Baimendu gabekoak» plastiko hondakin batzuk zirela ere aipatu du. Aitortu du, esate baterako, amiantoa beste hondakinekin nahastuta zegoela, eta BERRIAk joan den larunbatean argitaratu zuena berretsi du hala. Hain zuzen ere, zabortegiak bazuen amiantoa izateko baimena, baina, hondakin arriskutsua izanik, aparteko ziega batean eduki behar zuen. Zaldibarren, baina, ez zuten bereizten.

Beste irregulartasun eta arau-hauste ugari ere bazituen luizia eragin duen zabortegiak. Esate baterako, haren obra hondakinak kudeatzeko modua ez zen zuzena, kazeta honek jakin duenez. Obra materialak zabortegira eramaterakoan, eraikin eta eraispen hondakinen (RCD) plantara eraman behar dira aurrena. Han, ongi bereizi eta berreskuratzeko moduan dagoena jaso ostean, atzera ere saltzera eraman behar da. Berrerabiltzeko moduan ez dagoena bakarrik bota daiteke zabortegira. Zaldibarren, sailkatze eta bereizte lan hori ere ez zuten behar bezala egiten.

Gauza bera gertatzen zen amiantoarekin ere. Kasu horretan oraindik larriagoa da kontua, amiantoa hondakin arriskutsua baita. Zaldibarko zabortegian amiantozko ia 10.000 tona hondakin jaso zituzten azken hiru urteotan.

Sektorean, «zuloa» zen

Kontrolik gabe jarduteko modu hori izan da zabortegiaren ezaugarrietako bat. Eta, hori dela eta, sektorekoek eta hara hondakinak eraman izan dituzten garraiolariek zuloa esaten zioten.

2019koa ez ezik, beste bi kontrol egin zituen Jaurlaritzak zabortegian, IBBaren zenbateraino betetzen zen neurtzeko. Esate baterako, 2015ean egindako lehen ikuskatze txostenean ezarritako neurrien betetze maila «handia» zela ebatzi zuen gobernuak. Ordurako, baina, jakina zen zabortegiak legez kanpoko isurketak jasotzen zituela, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2015ean bertan emandako epai batek hala jaso baitzuen. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Mungiako Alkargo sozietate kooperatiboari salaketa bat jarri zion hondakin arriskutsuekin —bifenilo polikloratuak (PCB)— kutsatutako lurrak pilatzeagatik. Ingurumen Sailaren salaketaren ostean, hondakin horiek kanpora eraman behar izan zituen Alkargok, eta, bolada batean, Zaldibarren gorde zituen. Hala dio, behintzat, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2015ean emandako epaiak. Zaldibarko zabortegia 2007an jarri zuten martxan, eta kutsatutako material horiek 2011n jaso zituzten.

Bigarren ikuskatzea 2017an egin zuten, eta hartan Jaurlaritzak ondorioztatu zuen ezarritako baldintzen betetze maila «ertain-altua» zela. Alabaina, ordurako agerikoa zen zenbait irregulartasun egiten ari zela. Esate baterako, zegokion baino eremu handiagoa erabiltzen zuen isurketak egiteko. Geoeuskadi geolokalizatzaileak eskaintzen duen zabortegiaren 2017ko irudiaren arabera, enpresak gutxienez hiru hektareako eremua erabiltzen zuen, legezko muga hektarea batekoa izan arren. 2019an are eta eremu handiagoa erabiltzen zuen, sei bat hektarea. Bestalde, 2017ko aireko irudi horrek ez du erakusten amiantoa jasotzeko eremu berezirik, hala beharko lukeen arren.

Jaurlaritzak badaki zorrotzago jokatzen halako instalazioekin. Esate baterako, Bergarako Epele zabortegian kontrol neurri zorrotzagoak bete behar izaten zituzten, hango kudeatzaileen iturrietatik kazeta honek jakin duenez. Esate baterako, hektarea bat bete ahala, itxi eta beste bat ireki behar izaten zuten, legezko prozedura zorrotz betez. Estu kontrolatzen zituzten hondakinak eta haien kudeaketa ere.

Epeleko inerteen zabortegia Debagoieneko mankomunitatearena zen, eta 2019ko martxoan itxi zuten. Zeuzkan prezio merkeengatik Epeleko kudeatzaileek sumatu zuten zabortegi pribatuentzat eragozpena izan zitezkeela. Mikel Biain Berraondo Oñatiko (Gipuzkoa) alkate ohiak —gaur egun Gipuzkoako batzarkidea da— Twitterren salatu du bera alkatetzan egon zen garaian Epeleko inerteen zabortegi publikoa ixteko «presio handia» egin ziela Jaurlaritzak. Besteak beste, garai hartan Verter Recycling 2002 enpresaren izena «maiz» entzun zutela erantsi du.

Epeleko zabortegian, jarduera handieneko urteetan, 250.000 tona kudeatu zituzten urtean. Zaldibarko zabortegira 500.000 tona sartzen ziren. Hain zuzen ere, luizia gertatu ostean, mota horretako hondakin industrial eta inerte ez-arriskutsuak eramateko toki baten bila ari dira orain erakundeak.

Suteak eta lindanoa

Egunotan zabortegiaren gainean piztu den sua luizi barruko lur mugimenduak metano poltsetan egindako txinpartengatik sortu dela jakinarazi du Jaurlaritzak. Materia organikoaren usteltze prozesuan sortzen da metanoa, eta inerteen zabortegian berez gai organiko askorik ez litzateke egon behar. Kasu honetan, araztegietako lohiengatik edo egur hondakinengatik —altzariak eta traste handiak— egon zitezkeen halako gaiak Zaldibarren, halakoak bai, jasotzen baitzituen isurtegiak.

Bestalde, Zaldibarren lindanoa zegoela ukatu egin du Eusko Jaurlaritzak. Ekologistak Martxan taldeak larunbatean jakinarazi zuen horren «susmo sendoak» zituela. Atzo, talde ekologista horrek eutsi egin zien bere susmoei, eta gaineratu zuen lanean jarraitzen duela berresteko egiazkoa dela bere informazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.