25 URTEKO BIDEA

2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
25 urte egin ditu Euskaltelek konpainia independente gisa. Aurrerantzean, MasMovilen adar bat izango da.

1995
Euskaltelen sorrera. Eusko Jaurlaritzaren ekinaldi politikoak sortu zuen Euskaltel, telekomunikazioen kudeaketaz arduratzen zen Euskalnet sozietate publikoaren bidez. Telefonicaren monopolioa amaitzea zen helburua. Jaurlaritzak enpresaren %40 kontrolatzen zuen; BBK, Kutxa eta Vitalen esku zegoen %60. Ez zuen jarduerarik, Espainiako Gobernuaren baimenik ez zuelako.

1996
Euskaltel martxan. Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak, Juan Jose Ibarretxek, eta PPko idazkari nagusiak, Jaime Mayor Orejak, akordio politikoa egin zuten. Jose Maria Aznarrek gehiengo soila lortu zuen 1996ko hauteskundeetan, eta botoak behar zituen Espainiako presidente izateko. EAJko bost parlamentariek babestu zuten inbestidura saioan. Trukean, PPk Euskaltel abian jartzeko baimena eman zion Eusko Jaurlaritzari.

1997
Euskaltel-Euskadiren babesle. Euskaltelek bere izaera markatu duen marketin operazio arrakastatsua abiatu zuen: Euskadi Fundazioaren txirrindulari taldea babesten hasi zen.

1998
Lehen zerbitzuak. Lehen zerbitzuak eskaintzen hasi zen: telefonia finkoa eta etxeko Internet seinalea Eusk@lnet.

1999
Sakelakoak eta telebista. Telefonia mugikorreko zerbitzua ematen hasi zen, Retevisionen sarearen bidez. Kable bidezko telebista hedatu zuen, Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hedatzen ari zen zuntz optikoko kable sarearen bidez. Bultzada politikoa eutsi zion konpainiak, Jose Antonio Ardanza Jaurlaritzako lehendakari ohia jarri baitzuen presidente.


2003
Lehen irabaziak. 200.000 euroko irabazia izan zuen telefonia konpainiak. BBK, Kutxa eta Iberdrolak kapitala hedatu zuten, Telecom Italiari akzioak erosita. Egoitza berria inauguratu zuen Bizkaiko parke teknologikoan, Derioko lurretan.

2006
Orangerekiko akordio haustura. Euskaltelek Orangerekin (orduko Amena) zuen akordio komertziala hautsi zuen. 1998az geroztik, Euskaltelek Orangeren sakelako telefoniako sarea erabili zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zerbitzua emateko. Akordioa haustean, Euskaltel telefonia mugikorreko operadore independente bihurtu zen, baina Vodafoneren sarea erabiltzen hasi zen. Gerra komertziala izan zuen Orangerekin, baina bezeroen erdiak baino gehiago —450.000tik 230.000— bereganatu zituen. Gerra, ordea, ez zen amaitu; Orangek auzitara jo zuen.

2008
Viva Mobile. Hego Euskal Herritik kanpo aritzeko, Viva Mobile marka sortu zuen Euskaltelek, baina ez zuen arrakastarik izan.

2010
222 milioiko zigorra. Auzitegiek Orangeri eman zioten arrazoia. EAEko Auzitegi Nagusiak Orangeri 222 milioi euroko kalte ordaina ematera behartu zuen Euskaltel, Orangeri lehia ez egiteko kontratu bat hautsi zuela argudiatuta. Euskaltelek «aberrazio juridikotzat» jo zuen epaia, baina ziurtatu zuen gai izango zela ordaintzeko «bazkideen babesarekin».

2011
Lehendakariak erretiroa. Ardanzak lekua utzi zion Alberto Garcia Erauzkini.

2012
Jabetzan aldaketak. Trilantic Capital Partners AEBetako eta Investindustrial Luxenburgoko inbertsio taldeak sartu ziren telefono konpainiaren jabetzan, akzioen %48,1ekin. Kapitaletik atera ziren, berriz, Eusko Jaurlaritza (%7,45), Endesa (%10,64) eta Mondragon (%2,13). Kutxabankek %67,93tik %49,9ra jaitsi zuen partaidetza, baina akziodun nagusia izaten jarraitu zuen. Iberdrolak ere bere zatia %11,85etik %2ra jaitsi zuen.
Sarearen erosketa. Krisiari aurre egiteko diru beharrean zegoela,Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako orduko lehendakariak zuntz optikoko sarea saldu zion Euskalteli, 68 milioi euroren truke. Sare publikoaren bidez «lehia sustatzeko helburua» jada betea zuela argudiatu zuen gobernuak. Aldeko botoa eman zuten EAJk, PSEk eta PPk, eta kontrakoa Aralarrek eta EAk.

2013
Lehenengo greba. Enpresaren historiako lehen greba egin zuten langileek. Hiru egun iraun zuen. Enpresak lantaldearen tamaina %40 txikitu zuen, enpresaren bi herenak azpikontratatu zituen eta zerbitzu asko kanpoko enpresen esku utzi zituen; azkena, sare adimenduena.

2015
Burtsaratzea. Hedatzeko estrategia finantzatzeko, burtsan kotizatzen hasi zen Euskaltel. Konpainiaren ia bi heren jarri zituzten salgai (%63,55). Polemika handia sortu zuen burtsaratzeak, haren bitartez zuzendaritzako kideek 41 milioi euro inguruko gainsariak izatea adostu zutelako. Eskandalu politikoa ikusita, diru hori Euskaltelen akzioetan inbertitzea onartu behar izan zuten.
R Cableren erosketa. Uztailean, R Cable Galiziako kable bidezko telefono konpainia erosi zuen, 1.150 milioi euroan. 2017an, Asturiasko Telecable bereganatu zuen, 686 milioi euroan.

2019
Zegonaren mugimendua. Telecableren eskutik sartu zen Zegona Euskaltelen, akzioen %15ekin. Parte hartze hori ez aldatzeko bi urteko konpromisoa amaitu zenean, Zegonak jakinarazi zuen Euskaltelen kontrola hartu nahi zuela. Ia %22ra igo zuen parte hartzea, eta aliatuen laguntzarekin, Garcia Erauzkin kargutik kendu eta Jose Miguel Garcia jarri zuen.

2020
Virgin Telco. Nafarroan ere Euskaltel markaren bitartez zabaldu ondoren, Espainia erdialderako eta hegoalderako jauzia egin zuen Euskaltelek, Virgin Telco markarekin.

2021
Salmenta. MasMovilek iragarri zuen Euskaltel erosteko akordioa egin zuela haren hiru akziodun nagusiekin: Zegonarekin, Kutxabankekin eta Corporacion Albarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.