Kantua, transmisiorako bide

Transmisiorako tresna garrantzitsua izan da kantatzea. Gaur egun ere, indartsu jarraitzen duen diziplina bat da kantua, eta Euskal Herriaren historiaren eta ondarearen espresiobide da. Ahotsa lantzeko erreminta baliagarria ere bada, eta gero eta jende gehiago joaten da bakarkako kantu eskoletara.

Errenteriako Zaria koru eskolako saio bat, Imanol Elizasu zuzendariaren gidaritzapean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Nagore Arin.
2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren nortasunaren ispilu da euskal kantagintza: historiaren aztarna eta ondarea. Egiteko garrantzitsua izan du historian, baina gaur egun ere indartsu jarraitzen duen diziplina bat da. Egungo erradiografiaren hiru adibide dira Patrice Dumora Watson, Imanol Elizasu eta Ana Salaberria: kantari egin zituzten lehen pausoak, eta kantuaren irakaskuntzan dihardute egun. Hirurek nabarmendu dute Euskal Herriaren historian bereziki garrantzitsua izan dela kantua. Elizasuren hitzetan: «Euskal Herria herri kantari bat izan da, ez dakit izateari utziko dion, baina izan, izan da».

Errenteriako Zaria koru eskolako (Gipuzkoa) zuzendaria da Elizasu, koru zuzendaria, piano jotzailea eta irakaslea. Txikitatik egon izan da musikari lotua, eta, gaur egun, ahots emisioko saioak ematen ditu. Adin askotako ikasleak ditu, eta bakarkako eskolak ematen dizkie. Antzera dabil Dumora, baina beste era batera: txikitatik egon izan da kantuari lotuta, talde askotako ahotsa izan da; besteak beste, Akelarre taldean. Gaur egun, erretiratuta dago. Hala ere, noiz edo noiz bakarkako eskolak ematen dizkie zenbaiti, musikarekiko duen lotura horri jarraika. Ana Salaberria, berriz, Donostiako Orfeoikopartaidea da, baina, orfeoiko kide izateaz gain, Musika Tailerra ikastaroko irakaslea ere bada: 4 eta 5 urteko haurrei ematen die formakuntza.

Bakarkako saioak, gora

Hiru esparru bereizitan lan eginik ere, hirurek igarri dute bakarkako kantu eskolen goraldia. Dumorak antzeman du gehien: «Jendeak gero eta gehiago hartzen ditu bakarkako saioak. Kantari asko daude; duela gutxi izan zen fenomeno bat, eta telebistan ere badira kantuari loturiko emankizunak, Go!azen eta Bago!az, esaterako; badira gauza asko kantuari lotuta, eta horrek eragina izan dezake bakarkako saioen goraldian». Elizasuren iritziz, berriz: «Joera bat dago ahotsa bakarka lantzeko, baina taldean egoteko interesa ere handia da nire inguruan. Komunikabideen eraginaizugarria da, eta horregatik izan daiteke, baina faktore asko egon litezke erabaki horren atzean».

Kantuari buruzko emankizun ugari daude egun, hala Go!azen-en gisako fikzio lanak nola Bago!az-en moduko telebista saioak. Dumoraren esanetan, euskal kantugintzaren ondarea ezagutarazteko ona izan liteke Go!azen: «Egia da guztiak ez direla kantari onak, baina dezente ongi egiten dute. Duela gutxi entzun diet nire alabei Hertzainak taldearen kantu bat, eta, Go!azen saioak ez balu kantu hori egin, nire alabek ez zuten ezagutuko; beraz, euskal errepertorioa ezagutarazteko ona izan litekeela esango nuke». Oasi moduko bat izan daiteke Go!azen, baina, Elizasuren esanetan, nazioarteko erreferentziak izan ohi dituzte nerabeek: «Nire ikasleei galdetzen diet ea zer entzuten duten, batez ere haur eta gazteei: %95ek ingelesezko kantuak entzuten dituzte. Euskal musikari dagokionez, gehienek gaur egungo taldeak entzuten dituzte; euskal folklorea guztiz galduta dago. Saiatzen gara berreskuratzen, baina ezin gara komunikabideekin lehiatu; gure apurra jartzen saiatzen gara, baina eragiteko tartea txikia da».

Transmisioa, ezinbesteko

Horregatik, euskal kantugintza zutabe garrantzitsua da haien saioetan. Hirurek egiten dute euskal ondarearen transmisioa bermatzeko ahalegina. «Euskal errepertorioa lantzea oso garrantzitsua da», nabarmendu du Akelarreko kantari ohiak. Bat dator Elizasu ere, eta kantatzean lantzen diren esparruak kulturatik harago doazela azpimarratu du: «Abesten duen herri batek eta abesten duen pertsona batek lantzen dituen eta indartzen dituen balioak ez dira kulturalak bakarrik, ez eta hezkuntza edota formakuntzakoak bakarrik; jokoan daude aberastasuna, ezagutza eta transmisioa ere». Gainera, Euskal Herrian kantua «berezia» dela uste dute. Dumoraren esanetan, «Euskal Herrian zerbait berezia dago: badira kantuak borrokari buruzkoak, lanari buruzkoak, maitasunari buruzkoak... Atzo sorturiko kantu bat ere izan liteke kantu tradizionala, Mikel Markezen Konplize ditut eta, esaterako. Jendeak kantu zaharrekin lotzen du kantu tradizionala, baina edozer izan liteke kantu tradizionala. Kantugintza bizirik dago Euskal Herrian».

Iritzi bera du Salaberriak, eta norberaren ama hizkuntzan kantatzearen garrantziari egin dio erreferentzia: «Hizkuntza guztietan kantatzen dugu, euskaraz, gazteleraz eta baita italieraz ere, baina, batez ere, euskaraz. Oso garrantzitsua da musika eta kantua ama hizkuntzan lantzea; lagungarria da», esan du. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaio kantu tradizionalak ikastea eta lantzea: «Gure tradizioaren eta musika historiaren ondare direlako; eta haurrei erakustea ondare hori kontserbatzeko modu bat delako».

Jarduera anitz egiten dituzte beren saioetan, baina, oinarrian, guztiak dira antzekoak. Elizasuren kasuan, «ahots emisio naturala» lantzen saiatzen da, haren hitzetan, «librea, eta ez oso sofistikatua». Horretarako, baina, kontuan hartu beharrekoak dira ikasle bakoitzaren ezaugarriak: «Ongi landu behar dira, ongi jarri, baina, betiere, ahots bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta: kolorea, tinbrea... mantendu egin behar dira». Dumora ere bakarka aritzen da lanean.Akelarre taldearen azken urteetan bururatu zitzaion kantu eskolak ematen hasteko ideia: «Akelarre taldearen azken urtean, Iparraldeko gizon baten deia jaso nuen: rock eskola alternatibo bat sortu nahi zuen, Baionan, eta kantu saioak emango ote nizkion galdetu zidan». Horrela egin zuen jauzi plazetan kantari aritzetik etxean (Ahurti, Lapurdi) saioak ematen hastera. Egun, bost-sei lagunei ematen dizkie eskolak, eta Dumorarentzat ezinbesteko denbora-pasa bilakatu da. «Banekien gutxi gorabehera nola irakatsi, baina, urteekin nire teknika eta nire irakasteko modua hobetu ahala, hobetuz joan dira kantu saio horiek ere», adierazi du. «Iturri guztietatik» edan du, eta ezagutza horien jiran ondu du irakasgaia.

Ikasle bat, mundu bat

Saioak bakarka ematen dituzte, eta, nabarmendu dutenez, garrantzitsua da bakoitzaren izaera kontuan hartzea; horren arabera, bide bat edo beste hartuko baita, Dumoraren esanetan: «Erantzuna eman behar zaio ikasle bakoitzari, aztertu bakoitza nola dagoen, eta, horren arabera, bide batetik edo bestetik aurrera egin». Lau motorren jiran antolatzen du saioa: arnasketa, bibrazioa, soinua eta artikulazioa. Arnasketaren bitartez, arnastearen kontzientzia hartzen laguntzen die ikasleei; bibrazioen bitartez, berriz, diafragmatik ahots kordetarainoko airea lantzen; soinuarekin, gorputzaren eta buruaren hutsuneak sentitzen, bularra-eta lantzen, eta anplifikadore gaitasuna garatzen; eta, azkenik, artikulazioa lantzen, ezpainen, mingainaren eta ahoaren irekiduraren bidez soinuari forma hartzen laguntzeko. Hala, «lau motor horiek kontzientziatzea da gakoa».

Elizasuren kasuan ere garrantzitsuak dira motor horiek: «Arnasketa gakoa da, eta gorputzaren ezagutza eta kontrola ere bai. Tentsioak saihestu behar ditugu: batez ere, lepoan edo matrailezurrean sortzen diren tentsioak». Kantu ariketa ugari ere egiten ditu: «Modu desberdinean egiten ditugu haurrekin, gazteekin eta helduekin: helburuak antzekoak dira, baina bidea pertsonaren araberakoa da». Normalean, musikarekin harremana izatetik etortzen dira ikasleak, baina, Elizasuren aburuz, ez da ezinbestekoa solfeoaren gisako aurretiko ezagutza izatea: «Ahots emisioa lantzeko, zure ahotsa sentitzeko, kontrolatzeko, lantzeko, solfeoa ez da hain garrantzitsua, ez da lehentasuna. Ahots emisioa landu dezakezu solfeoko ezagutzarik gabe, baina kantuaren munduan musika hizkuntzaren ezagutza izatea garrantzitsua da».

Kantua bakarka ikasteko joera gorantz doan arren, ohikoa da lehen pausoak taldean ematea, eta horren adibide da Donostiako Orfeoiaren Musika Tailerra. Salaberriak esan duenez, aurten 35 urte beteko ditu ikastaroak, eta txikienek ere musikarekin eta kantuarekin harremana izan zezaten sortu zen: «Tailer honetan oso garrantzitsua da kantua; guztion lehen instrumentua da, barruan daramaguna, baina ez dugu ahotsa soilik lantzen, gorputza ere garatu eta landu beharrezko atala da, gure instrumentuaren parte baita». Hala, kantatzearen zimendu anitz lantzen dituzte: «Gorputzean soinua egiten duten horiek zer diren ezagutzen dugu, soinu horiek lantzen eta isilarazten saiatzen gara, soinuaren gaineko kontrola izaten; arnasketa ere lantzen dugu; gorputzaren jarrera, keinuak. Denetarik egiten dugu».

Salaberriaren esanetan, inportantea da horiek guztiak lantzea; izan ere, kantatzea oinez ibiltzea, korri egitea edo jauzi egitea bezala da, «naturala bezain beharrezkoa». Honela definitu du kantua: «Espresiorako bide bat da, emozioak eta sentimenduak transmititzeko bide bat; arima ukitzeko bide bat, eta, gainera, unibertsala da». Dumorarentzat eta Elizasurentzat ere ezinbesteko diziplina da kantua. Dumoraren iritziz, zoriontasunaren iturria da kantua: «Denborarekin ikasi dut hitz egiten; nire lehen komunikazio bidea kantua izan zen, nire barnean dut tresna hori, eta zorion iturri bat da; bibrazioak sentitzen ditut, eta maite dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.