ATZEKOZ AURRERA. Ainara Azpiazu Aduriz, 'Axpi'. Komikigilea

«Denok gaude trantsizioan: bizitza beti da larrualdatzea»

Maialen Lujanbiok bi pertsonaren arteko gau bati kantatu zion 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Azpiazuk komiki bihurtu du bertso hori, istorioa garatuz eta hausnarketari bide emanez, azalekoan oinarrituz.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Ereñotzu
2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Utzi azalari nobela grafikoa argitaratu du Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak (Hernani, Gipuzkoa, 1980). Maialen Lujanbioren hiru bertso ditu oinarrian. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian, Irunen, trans ez-bitar baten rolean sartuta abestutakoak.

Maialen Lujanbioren bertsoen deskribapena lagungarri izan da?

Dena kontatua zegoen. Nobela grafikoan bertsoak ere sartu ditut. Zati bat kontatzeko erabili ditut, baina nik orri gehiago behar nituen. Beste alderdi batzuk sortzeko aukera eman dit horrek. Txapelketako bertsoak dira: ez dira komiki baten gidoia. Ez daude hori egiteko pentsatuta, baina oso bisualak dira.

Bi pertsonaren arteko harremana baino gehiago kontatu duzu.

Komikian larrualdatze bat ageri da. Suge baten larrualdatze prozesuak banatzen du atal bakoitza. Bi pertsonaien trantsizioaren metafora gisa irudikatu dut sugea.

Trantsizio asko ageri da liburuan.

Denok gaude trantsizioan: bizitza hori ere bada. Zergatik zigortu behar dugu pertsona bat erabateko trantsizioa egiten duelako? Bizitza larrualdatze bat da beti; hori eskatzen du etengabe. Dena den, Eleneren pertsonaia interesgarriagoazait, bera delako transa eta berak daukalako karga handiagoa eta zailtasun gehiago. Estrukturala dena gorputz aldetik, baina gizartea bera ere oinarri-oinarrietatik aldatzera daramana ezinbestean.

Nola landu duzu gidoia?

Nondik heldu niezaiokeen pentsatuz. Bertsoek muga batzuk jartzen dituzte. Esaldirik garrantzitsuenak hautatu nituen. Gehienak oso bisualak dira, bi pertsonaren arteko gau bat kontatzen baitu Lujanbiok. Bereziki gustatu zitzaidan bigarren bertsoaren azken puntua: Gizona eta andrea nauzu, ez andrea ez gizona, nire inon ez egon nahia ote da zure ezinegona?

Gehiago ezin da esan hitz gutxiagorekin. Lilura sortzen dit bertso horiek bat-batekoak izateak.

Behin zehaztuta pertsonaiak nolakoak izan zitezkeen, eta bakoitza nola posizionatzen den, egitura pentsatzen hasi nintzen. Gidoia atzetik aurrera eraiki nuen, bertsoetan egin ohi den bezala.

Bertsoek alde bat aipatzen dute; zuk ahotsa jarri diozu mutilari ere.

Bertsotan hitz egiten duen pertsonaiak agerian uzten ditu gizartean dauden estereotipoak. Deserosoak diren arau batzuen aurka egiten du. Transaren figura bera, existitzeagatik bakarrik, deserosoa da, arau pila bat hausten baitu.

Interpelatzen duen pertsonak garrantzia hartzen du hor. Zis mundua ordezkatzen baitu, zisok nola kokatzen garen, eta interesgarria egiten zitzaidan.

Nekazaria da Mikel. Zergatik?

Hura ere ertzean dago. Nekazaritza mundua bera argitara ekarri nahi nuen. Uste baitut haien bizitza hipotekatzen dutela guri jaten emateko; guk, ordea, ez dugu arretarik jartzen, eta ez dugu pentsatzen jaten duguna nondik datorren.

Irakurlearen esku utzi duzu hausnarketa, dena esan gabe.

Nik kontatu egin dut; bestea bakoitzak egin dezala bere kabuz. Norberak pentsa dezala bere burua non kokatzen duen, zer pribilegio dituen arau batzuei dagokienez eta zer hautu egiten duen. Ez naiz nor dibulgazio lana egiteko.

Amaiera zabala dauka komikiak, bertsoaldiaren antzera.

Ez nuen asmatu nahi behar ez zuen amaierarik. Indarra jarri nahi nion azken bertsoaren azken puntuan Lujanbiok azpimarratzen duen Utzi azalari ikusten horri. Hark ere ez du kontatzen, eta ez nuen nik sartu nahi horretan.

Hor bukatzea da, hain zuzen, bertso horiek duten edertasunaren zati bat. Nik segida apur bat eman diot, baina irekita utzi dut, hari horri jarraitu diezaion. Ez dakigu Elene nola gelditzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.