BI TARTE

Oholtzapean

Ane Labaka Mayoz - Mariñe Arbeo Astigarraga
2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Hots egiten duenak ez du zertan jakin deiaren hartzailea zein gorputzalditan harrapatuko duen. Dei diezazukete, esaterako, oholtzaratzeko unea baino bi ordu eta erdi lehenago, eta entzun zenitzake hil-kanpaiak telefonoz bestalde.

Ama izan nahi zenuela erabaki zenuen aspaldi, eta egon zintezke justu intseminazio prozesua hastear, berri onak ekartzea desio arren ez hain onak ere ekar diezazkizuketen lehen kontsultako emaitzen zain. Azken hiru hilabeteotan begirik bildu gabe bestela, bularrak hazi-hazi eginda eta izaki gorrixka asegaitz baten mende. Edo zortzi urte betetzera doan semearekin larrituta; amesgaiztoek esnarazten dutelako gauez, eta egunez ametsik ederrenak zapuzten dizkiotelako eskolan.

Egon zintezke mudantza baten erdian ere, behar baino gehiago tenkatutako bikote-harreman bat behin betiko eten berritan, edo zugandik urruntzen eta urruntzen sumatzen zenuen lagunari joaten uztea erabaki osteko dolu-prozesuan. Esan diezazuke zure azken urteetako pisukideak beste hiri batera joan nahi duela bizitzera, eta senti zenezake orain artean egonkortzat zenuen lur zatitxo bakarra oinpean dardaraka.

Konta diezazuke zure ama adinduaren zaintzaileak hegazkin-txartel bat erosi duela bi aste barrurako, eta badoala bere jaioterrira bueltan. Lehenbailehen topatu beharko duzula bere lekua hartuko duen beste norbait eta, ziurrenik, berriro haserretuko zarela bi esalditik behin gauzak lasaiago hartu beharko zenituzke, neska diotsun anaia gibel-handiarekin.

Erasan zaitzake bertigoak, itotzen zintuen lana askatzera ausartu zarelako behingoan. Etsipenak ere bai, akaso, sormenetik soilik bizitzea ezinezko bihurtu zaizulako eta izenez lanaldi erdikoa izan daitekeen baina izanez hala izatea kostako zaizun lanpostu baten bila zabiltzalako, ezinbestean.

Maitemintzen hasia egon zintezke, zeure buruari onartu nahi ez badiozu ere. Udaberri urdin bat bizitzen udazken betean, sentipen horiei zenbat leku eman erabaki ezinda. Edo, kontrara, ospitaleko joan-etorriek negutu zaitzakete zeharo, giltzurrunean zerbait ikusi berri diotelako zuk asko maite duzun norbaiti. Bizi zenezake abortu bat ere; zure gorputzean edo zure ondokoarenean, hala erabakita edo gabe.

Izan zenezake hori dena eta gehiago barruan. Oholtzara igotzea dagokizu, hala eta guztiz ere. Jendaurrera irtetea inork ezertxo ere ez igartzeko modura, azken asteotan izotz-makina erraldoi batean bizi izan bazina gisa, oholtzapean utzi duzun horrek guztiak orkatiletatik gorago astinduko ez bazintu bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.